NAIZ

Finlandiak eta Suediak asteazken honetan egingo dute NATOn sartzeko eskaera, Bruselan

Finlandiako Legebiltzarrak babestu egin du bertako Gobernuak NATOn sartzeko egin duen eskaera, gehiengo zabal batez: 188 aldeko boto eta zortzi aurkako. Suediako Gobernuak ere bere eskaera berretsi du. Turkiak bi herrialdeen sarrera oztopatzearekin mehatxatu du, kurduei babesa ematen dietelako.

Sauli Niinistö Finlandiako presidentea eta Magdalena Andersson Suediako lehen ministroa, Estokolmon eskaini duten prentsaurrekoan.
Sauli Niinistö Finlandiako presidentea eta Magdalena Andersson Suediako lehen ministroa, Estokolmon eskaini duten prentsaurrekoan. (Anders WIKLUND | AFP)

Finaldiako Legebiltzarrak –Eduskunta– argi berdea eman dio Sanna Marin lehen ministroa buru duen koalizio Gobernuak NATOn sartzeko eskaerari. Gehiengo zabalez berretsi du, aldeko 188 boto eta aurkako zortzirekin. Beste hiru diputatuk ez dute bozketan parte hartu eta ez da abstentziorik izan. Bi eguneko eztabaidaren eta etenik gabeko hamalau orduko saioaren ostean iritsi da erabakia.

Aurreikusita zegoen bezala, NATOn sartzeko eskaera alderdi politiko guztien oniritziarekin onartu da, Ezkerreko Aliantza barne. Alderdi hori tradizionalki Aliantza Atlantikoaren aurka agertu da eta horregatik zazpii diputatuk aurka bozkatu dute.

Behin betiko bozketaren aurretik Parlamentuko Atzerrirako batzordeak erabateko babesa eman dio NATOn sartzeari eta aukera horrek «babesik handiena» eskaintzen duela nabarmendu du.

Eskaera, asteazkenean, NATOren Bruselako egoitzan

Legebiltzarraren oniritziaren ondoren, Finlandiako Gobernuak NATOn sartzeko eskaera formala egingo du eta Sauli Niinistö lehendakariari bidaliko dio, sinatu dezan. Hain zuzen ere, Niinistö Suedian bisita ofizialean da astearte eta asteazken honetan. Suediako Gobernuak ere gaur berretsi du Aliantza Atlantikoan sartzeko eskera; bi herrialdeon asmoa da bi eskaerak aldi berean aurkeztea NATOren Bruselako egoitzan, asteazken honetan, finlandiar agintariak eta Suediako lehen ministro Magdalena Anderssonek prentsaurreko batean jakinarazi dutenez.

Behin eskaerak jasota, NATOk Finaldia eta Suedia bat egitearen inguruko baldintzak negoziatzera gonbidatuko ditu baina elkarrizketak laburrak izango direla espero da, bi herrialdeek Aliantzan sartzeko irizpideak betetzen dituztelako.

Aliantzaren onespena jaso ondoren, erakundeko kide diren 30 herrialdeek berretsi beharko dute erabakia. Duela gutxira arte bazirudien tramite hutsa izango zela baina berriki Turkia aurka agertu da. Izan ere, Finlandia eta Suediari «terrorista» kurduei babesa ematea leporatzen die Erdoganen Gobernuak eta horren egoera zaildu dezake.

«Terroristei babesa ematen dietenei ez diegu baietz esango NATOra batu nahi dutenean», ohartarazi zuen Turkiako presidenteak.