Amagoia Mujika
Gaur8ko koordinatzailea

Maialen Lujanbiok, hitzez eta bertsoz, garaiaren erradiografia mugitu bat egingo du

Hernaniko sortzaileak bira txiki bat abiatuko du ‘rr #5 marrak’ izeneko emanaldiarekin. Astearte honetan Iruñean egongo da, Laba gunean, 19.30ean.

Maialen Lujanbioren ‘rr #5 marrak’ emanaldia.
Maialen Lujanbioren ‘rr #5 marrak’ emanaldia. (DAPA)

2018. urtean eskaini zuen Maialen Lujanbiok lehen aldiz ‘rr’ emanaldia. Bokalik gabeko eta ezin deszifratuzko hots dardarti bat «mugimenduaren, lurrikararen eta momentu zehazgabe baten» inguruan aritzeko. Geroztik beste emanaldi batzuk eskaini zituen eta horietan bosgarrena duela aste batzuk osatu zuen Azpeitian. Abiatutako bidean gustura dago Lujanbio eta bira txiki batekin segitzea erabaki du, ‘rr #5 marrak’ izenarekin. 

«Emanaldia espirituz oso bertsolariaren ikuspuntutik egina da; inguruaren, momentuaren, irakurketa bat. Hori bertsotan astero egiten duguna da, leku batera joan eta hango berri, momentuaren berri, munduaren berri eta leku txiki horren berri, dena nahastuz, han momentuan eman. Espirituz hori da, garaiaren eta inguruaren kontaketa, irakurketa, delirio bat. Forma aldetik, berriz, hitzekin eraikia dago ia erabat, kantuz eta hitz lauz, eta pieza guztiak ez dira bertsotan, beste izaera batzuk ere badauzkate», azaldu du bertsolariak.

Emanaldiek abiapuntu eta oinarri bera izango dute, baina tokian eta unean aldaerak izango dira. «Pentsatzen dut bi emanaldi igoal-igoalak ez ditudala egingo. Oinarri bat bera izango da eta gauza batzuk desberdinak izango dira aldiero. Baina denak izango dira marrak oinarri horren gainean». Hortik emanaldiaren izenburua, ‘rr #5 marrak’.

Dardararen noraeza

Emanaldiak ‘rr’ du izena. Baten batek akaso pentsatuko zuen Maialen Lujanbiorekin lotura berezia duen hotsa dela. «Hasieran lurrikararen, krakatekoarekin, mugimenduaren hotsa irudikatzeko ahalegin bat zegoen izen horren atzen. Eta bazeukan beste esanahi bat ere: praktikan ‘rr’ hori bokalik gabe doa, idatzian. Nola ahoskatzen da? Bakoitzak bere era ahoskatzen du eta zein da esateko modu zuzena? Irakurketa hori ere badago, baina lotuago dago dardararen, lurrikararen ideiarekin», azaldu du.

Maiatzaren 11n Bilboko Bira aretoan izango da Maialen Lujanbio. Maiatzaren 17an, Iruñeko Laban; maiatzaren 26an, Larrabetzuko Hori Bai aretoan eta ekainaren 9an, Gasteizko Oihanederren. Hortik aurrera emanaldi gehiago izango dira seguruen.