Jon Ormazabal
Elkarrizketa
Joseba Ezkurdia
Aspeko aurrelaria

«Asko aldatu naiz, askoz konfiantza handiagoa dut nire jokoan azkenaldian»

Arbizuarrak inork baino hobeto daki, horrenbestetan amestutako Buruz Buruko txapela janzteko bere bizitzako aukeraren aurrean dagoela, baina itsutu gabe, heldutasun puntu batetik; horren final bereziaz gozatzen saiatzea du lehentasuna.

Joseba Ezkurdia.
Joseba Ezkurdia. (Iñigo URIZ/FOKU)

Bertan da horrenbestetan amestutako finala...

Oso pozik nago egun honetaz gozatu ahal izateagatik, finalaz gozatzeagatik, eta ilusio handiz, eguna heltzeko desiratzen. Iruñean jokatzen den lehena da; aurkezpen egunean esan nuen ilusio handia egingo lidakeela final horretan egoteak.

Falta zitzaizun finala da, gainera, Buruz Burukoa. Bereziena?

Sarri entzun edo entzuten dut hori, baina nik ez diot buelta handirik ematen horri. Disfrutatu egin nahi dut, ez da egunero final bat jokatzen eta, egia esan, honek sortzen didan guztia oso polita da. Pribilegiatua naiz egun hauek bizi ahal izateagatik, ze pilotari askok ez dute halako aukerarik eta gauzak baloratu egin behar dira.

Obsesio izatera heldu zen final hau jokatzea?

Ez, debutatu nuenean lan ona egin nahi nuen; gero ahalik eta goren egon nahi nuen eta kosta zitzaidan erronka hori edo lehen txapela lortzea. Beti nahi duzu hor egon, baina ez naiz Buruz Burukoarekin obsesionatu.

Hiru txapelak irabazi dituzten horien klubean sartzeko aukera ere parean duzu.

Nahiko nuke, baina ez diot buelta askorik ematen. Txapela irabazi eta klub horretan sartzea lortuko banu, askoz hobe, baina ez dit loa kentzen. Ibilbide osoaz harro nago, pilotak emandakoaz disfrutatzeko nago. Ilusio handia egingo lidakeela hiru txapel horiek janzteak? Noski, pilotari osoa zaren seinale, urte osoan  erregularra izan zaren seinale, lehiakorra zarena.. irabaziz gero, ongi etorria, baina bestela ere bai.
Oso harro nago egindakoarekin; lau txapel irabaztea zenbat kostatu zaidan badakit, oso zaila da, lortu ez duten pilotari asko daude. Gainera, jendeak asko baloratzen nauela iruditzen zait eta horrek asko betetzen nau, hori da honetatik guztitik politena. Noski ilusio handia egingo lidakeela txapela irabazteak eta horretarako dudan guztia emango dudala, baina dena baloratu behar da, ibilbide bat, nondik gatozen…

Irudipena dut jende asko poztu dela zu finalean ikusteaz...

Bai, hala uste dut nik ere. Aurrekoan ere, finalerdiaren ostean esan nuen jendeak maitatua sentitzen naizela eta horrek asko betetzen nau. Nik uste hori dela garrantzitsuena eta txapelik politena. Hori da gehien betetzen nauena.

Eta pilota profesionala mundu lehiakorra izanda, zure «aurkariak» pozteak zerbait esan nahi du.

Egia esan, aldageletan denekin  harreman ona dut. Gero pandemian ere Jokinekin [Altuna] asko hitz egin nuen… Ez dakit zerbait esan nahi duen, baina oso harreman ona dut; batzuekin hobea, baina denekin ondo eta hori da handiena eta horri garrantzi handia ematen diot.

Bi urte izan dira finalik gabe. Luze egin zaizu?

Bai, pixka bat bai, eta pandemiarekin, gainera, pertsonalki oso luze egin zitzaidan eta oso gogorra, baina lortu dut berriz ere final batean sartzea eta oso pozik. Lehen txapela lortu nuenean, 2018an urtero final bat jokatzeko zortea izan nuen eta pozik. Ea hemendik aurrera ere hala den.

Pandemia denontzat izan zen gogorra, baina zuretzat agian apur bat gehiago?

Bai, oso gogorra egin zitzaidan  berriz ere txispa hori eta gogo hori berreskuratzea, motibazioa lortzea. Jenderik gabe jokatzea gogorra egiten zitzaidan; ez dakit, askotxo eragin zidan, baina pixkanaka buelta eman diogu eta berriz ere jendearekin jokatzea beste gauza bat da.

Lau finaletara heldu eta laurak irabazi dituzu. Orain egun handietan hazi egiten zara?

Zorte hori izan dut, bai, eta horrek lasaitu edo motibatzen nau, ikusten dudalako halako egunetan nire maila ematen dudala. Ea bosgarrenean ere hala gertatzen den. Zaila izango da.

Joseba Ezkurdia asko aldatu da urte hauetan?

Bai, azken urteetan aldatu naiz, askoz ere konfiantza handiagoa dut nire jokoan. Lehen egun handia heltzen zenean urduritasunak-eta asko eragiten zidan eta orain konfiantza dut, nirea eginez gero, irabazteko aukerak ditudala eta konfiantza daukat nire jokoan. Askoz lasaiago noa frontoietara; beti har horrekin  baina partida on bat jokatzeko gogoz, partida garrantzitsuak jokatzeko irrikaz, eta buruz uste dut asko aldatu naizela eta nire ibilbideko une on batean nago.

Hori lehen txapel horrek ematen du, egindako lanak edo, besterik gabe, adinak ere bai?

Nik uste denetik dagoela. Urteek emandako esperientzia dago, burua landu izana, partidei aurre egiteko modua batez ere, eta  gero Joserekin [Zabaleta] lortutako lehen txapelak ere asko eman zidan. Oso txapelketa gogorra izan zen; gaizki hasi ginen, gogoan dut Eibarren erabateko ridikulua egin nuela, Gabon egunez edo, eta, egia esan, txapel hori irabazteak konfiantza handia eman zidan. 2018a oso ona izan zen niretzat; zure burua hor goian ikusten duzu, onenekin lehian eta ikusteak zurea eginda hor goian egon zaitezkeela, bai, lasaitasuna ematen dizu.

Azken urteetan oso lasai eta egonkortuta ikusten zaitugu, zure lekua topatu izan bazenu bezala.

Konfiantza handia dut taldean,  entrenatzera gustura joaten naiz, entrenamendu gogorrak ere arinak egiten zaizkit, sufritzen dut baina gustura noa. Nire bizian oreka bat topatu dudala uste dut. Oso eskertua nago eurei, ulertzen nautelako, errieta egin behar didatenean egiten didatelako, behartu behar nautenean behartzen naute… nik garrantzi handia ematen diot horri, lagunei, entrenatzaileei,  oreka izatera naramaten guztiei. Konfiantza handia dut eurengan eta badakit inguru hori izango ez banu, agian ez nintzatekeela txapelen lehian egongo.

Ez dira, zehazki, esku pilota  munduko pertsonak.

Bueno, Rubenek [Ayarra] bizi osoa darama palan jokatzen eta asko ulertzen du. Oso ondo eramaten nau gainera, ondo ezagutzen nau, urte asko daramatzagu-eta elkarrekin. Hasieratik izan genuen feeling handia, berehala konfiantza handia izan nuen eurengan. Ez dakit, segurtasuna transmititzen zidaten, oso eroso sentitzen nintzen eurekin eta asko hitz egiten dut eurekin, pilotaz aparte ere bai. Carlosek [Chocarro] esperientzia handia du jendearekin hitz egiten, eskubaloiko Anaitasunaren kapitaina da eta han bakoitza bere amaren semea da, bakoitzak ditu bere maniak. Halako multzo bat eramatea zaila da eta horretan esperientzia handia du.

Eta sasoiz ere, inoiz izan duzu eskuina Jakaren aurkakoan bezain fresko?

Sekula ez. Aurrekoan izan nituen indar eta ahal sentsazio horiek, behetik nola ematen nion-eta, ez nituen sekula izan. Txispaz-eta inoiz baino hobeto nagoela uste dut. Sekula ez zait horrela irten pilota eskutik eta horrekin pozik nago. Beti izan naiz pilotari indartsua, pilotari abiadura ematen diotenetakoa, baina pilota atzeratzea beti kostatu izan zait gehiago eta orain gauzak ondo egiten ari naiz, eskutik ondo ateratzen zait eta ea etekina ateratzen diodan.

Eta beste botileroa?

Nor, Juan? Harekin ere oso ondo. Telefonoz asko hitz egiten dut berarekin. Agian aurrez aurre orain ez nago horrenbeste, baina aste honetan entrenamenduetan egongo da eta oso ondo. Beti egongo naiz oso eskertua berarekin, beti portatu da oso ondo nirekin, beti dago esku bat botatzeko, eta oso pozik  bera bezalako bat ondoan izateagatik. Bera izan den guztiarekin, izan duen esperientzia guztiarekin, onenarekin ikasi izana handia da.

Juanek bronka handiak bota dizkit; onera e, Buruz Bururako eta Lau eta Erdirako, erakusteko zer egin beharko nukeen, asko lagundu dit. Debutatu aurretik hasi nintzen berarekin fisikoa lantzen, 19 urte nituenetik asko lagundu dit. Ziur berari ere ilusioa egingo diola ni final honetan egoteak.

Unairi eta zuri, biei jarri izan dizuete haren oinordeko izatearen txartela. Nork du antz handiena?

Bai, niri sarri esan izan didate, baina sekula ez diot kasu handirik egin. Hitz handiak dira horiek. Bueno, Unaik bai baduela arranke hori, jenio hori, nik baino gehiago; esplosiboagoa da, keinuetan-eta ere bai. Ahal izugarria du goitik, atzelariari laguntzeko ere bai eta, bai, badu antzik, baina ni ez naiz gauza horiei kasu egitearen zale.

Lasoren distiraren beldurrik?

Unai pilori handia da,  urte ikusgarria darama, bere buruarengan konfiantza handia du eta, Jokin Altunari finalerdietan irabazi zion bezala irabazteak  oraindik gehiago emango ziola.