NAIZ

Dendartean elkarteko saltoki txikiak Ticket Bai fakturazio sistemaren aurka agertu dira

Gipuzkoako saltoki txikiak barnebiltzen dituen Dendartean elkartea «haserre» agertu da Foru Aldundiak Ticket Bai fakturazio sistema berria ezartzeko jarraitu nahi duen moduagatik. Maiatzaren 30ean elkarretaratzea deitu dute Donostiako Gipuzkoa Plazan; bertan azalduko dituzte arrazoiak.

Saltoki txikiak kezkatuta daude sistema berriak ekarriko dituen ondorioekin.
Saltoki txikiak kezkatuta daude sistema berriak ekarriko dituen ondorioekin. (Juan Carlos RUIZ | FOKU)

Gipuzkoako saltoki txikiak «haserre» daude Foru Aldundiak Ticket Bai fakturazio sistema berria ezartzeko jarraitu nahi duen moduagatik. Azken orduko aldaketarik ezean, sistema berriak milaka negozio txikiren fakturazioa burutzeko era aldatuko du azaroaren 1etik aurrera.

Kezkatuta dago Dendartean elkartea. Gipuzkoako 2.200 saltoki inguru ordezkatzen ditu taldeak eta, ohar bidez jakinarazi duenez, «hilabeteak» daramatza Foru Aldundiko Ogasun Sailarekin harremanetan, «sektorearen iritzia helarazteko eta Ticket Bai ez ezartzeko edo, gutxienez, gauzatu nahi den forman aldaketak egiteko eskatzen».

«Haserrea» partekatzen duten establezimenduetako erakusleihoetan kartelen bidezko komunikazio kanpaina egin ondoren, orain kalera salto egingo dute saltoki txikiek elkarretaratze baten bidez. Protesta ekitaldia maiatzaren 30ean izango da, 14.00etan, Gipuzkoa Plazako Foru Aldundiaren eraikinaren aurrean, Donostian.

‘Ticket Bai, horrela ez’ lemapean, ordu eta leku berean prentsaurrekoa ere eskainiko da protestaren arrazoiak azaltzeko. Agerraldiaren bidez, «merkataritza sektorea Ticket Bai ezartzeko ezarritako moduarekin ados ez dagoela erakutsi nahi da; izan ere, Ticket Bairen prozesuak eta epeek negozio txikiei kalte handia egingo dietela aurreikusten da» dendarien ustez.

«Sistema berriaren etorrera gero eta hurbilago dagoen honetan, eta erakunde arduradunek tokiko negozio txikiek behar duten erritmora egokitzeko asmorik agertu ez dutenez», Dendartean elkarteak protesta kontzentrazio hau deitu du, eta bertan parte hartzera animatu ditu Ticket Bairen etorrerak eragindako negozio guztiak; merkatarien elkarteak, Dendarteanekoak izan zein ez, beste sektore batzuetako elkarte egiturak, hala nola beste antolaketa eredu batzuk, tartean autonomoak.