NAIZ

Elhuyar, UEU eta Ines Osinaga, Elkar sarien protagonistak

Ibilbideari Elkar saria Elhuyarrek eta UEUk jaso dute ostegun honetan; eta Ines Osinagak Joseba Jaka beka jaso du ‘Itsasoa da bide bakarra’ proiektua lantzeko.

Elkar saridunen taldeko argazkia.
Elkar saridunen taldeko argazkia. (Gorka RUBIO | FOKU)

Elkar sarien laugarren sari emate ekitaldia ospatu du ostegun honetan Elkar Fundazioak Adunako egoitza berrian. Elkarrek ohar batean azaldu duenez, «kultur ekimena laguntzea da egitasmo honen helburu nagusia, baina baita, komunikazio ikuspegi batetik, Elkar egiten ari den lana ezagutzera eman eta Euskal Herriko eragileekin partekatzea ere».

Aurtengo ekitaldiak bi zati izan ditu. Lehen tartean Ibilbideari Elkar saria eman diete aurten ere 50 urte betetzen dituzten Elhuyarri eta Udako Euskal Unibertsitateari (UEU), eta ondoren, bi urtetik behin ematen den Joseba Jaka beka eman diote Ines Osinaga musikariari.

Ibilbideari Elkar saria

Elhuyar ingeniaritza ikasten aritutako euskaltzaleen eskutik sortu zen 1972an eta lehen urratsak zientziari lotuta eman zituzten, zientziarako euskara eredua eta terminologia lantzen. Hiztegigintzan ere lan oparoa egin du Elhuyarrek, erreferente nagusietakoa izan baita urte luzez, adibidez, Elhuyar hiztegia.

UEU euskal unibertsitatea sortzeko asmoz sortu zen duela 50 urte, euskarak unibertsitatean ere zuen presentzia eskasaren aurrean, ikusi zutelako euskarak, eremu guztietara naturaltasunez zabaltzeko bidean, unibertsitatea behar zuela.

«Bi erakunde, bi egiteko, bi ibilbide eta, finean, helburu bera: euskararen normalizazioa, Euskal Herria euskalduna. 50 urtez egindako lan oparoak izan dezala jarraipena hurrengo urteetan ere, horixe da, elkar Fundazioaren desioa», adierazi du Elkarrek.

Joseba Jaka beka

2016an fundazioak Joseba Jaka beka berpiztu zuenean, erabaki zen beka sormenerako izango zela, eta deialdi bakoitzean erabakiko zela zein kultur adierazpidetara bideratu. Aurten, lehen aldiz, musika sormenerako izan da. Ines Osinagak jaso du, ‘Itsasoa da bide bakarra’ proiektua lantzeko.

Joana Barbier, Jon Eskisabel eta Sara Zozayak osatutako epaimahaiak arrazoi hauek eman ditu beka Ines Osinagaren proiektuari emateko: proiektu bizia dela baloratu du, aldez aurretik itxita ez dagoena, sormen prozesuko unean uneko bizipenek, gertaerek eta esperientziek forma eman eta edukiz osatuko dutena.

Bestalde, proiektu «anbiziotsua eta artistikoki interesgarria» iruditu zaio. Batetik, duela zortzi urte argitaratutako ‘Gosariak’ diskoarekin joan-etorriko bidaia edo harreman dialektikoa planteatzen du, disko hartako kantuak testuinguru ezberdin batean birsortu eta berrinterpretatzea proposatzen duelako. Proiektuaren beste hanka, berriz, hamar kantu berrik osatzen dute, proiektuaren garapen prozesuan zehar sortu eta grabatutakoak.

«Bestetik, disko bat egitetik haragoko proiektua da, Kubako kultura, historia eta gizartea hobeto ezagutzeko aukera emango duelako hamar emakumeren istorioen bidez. Emakumeek hain zuzen, garrantzi handia dute proiektuan: proiektuaren sortzailea, abesti berrien protagonistak eta diskoan parte hartuko duten musikariak emakumeak dira», nabarmendu Elkarrek.