NAIZ

Jaureguizarrek Errenteriako babesturiko etxeetako bizilagunak presionatzen dituela salatu dute

Jaureguizar enpresak Errenterian babesturiko etxebizitzetan bizi direnei presionatzeko gutunak bidali dizkiela salatu dute kaleratzeen kontrako plataformek. Egoera hau salatzeko elkarretaratzea deitu dute larunbatean Errenterian.

Jaureguizarren jarduera salatzeko Donostian egin zuten agerraldia.
Jaureguizarren jarduera salatzeko Donostian egin zuten agerraldia. (Jon URBE | FOKU)

Jaureguizar enpresak bizilagunei Errenterian babesturiko etxebizitzak erosteko prest dauden ala ez dioten gutunak bidali dizkiela salatu dute kaleratzeen kontrako plataformek. Maiatza amaitu baino lehen erantzuteko eskatu die, bestela, babes ofizialeko etxebizitzen eskatzaileei eskainiko dizkietela adierazten da gutuenan. «Horrek esan nahi du maizterrak etxegabetuko dituztela, borondatez joan ezean, kontratua amaitzeagatiko etxegabetze demanda baten bidez», ohartarazi dute. Egoera hau salatzeko elkarretaratzea deitu dute larunbatean 11.00etan Errenteriako Zumardian.

Gauzak horrela, Jaureguizarrek mahai gainean «ultimatuma» jarri duela salatu dute. Horretarako, Lakuako Gobernuaren eta Errenteriako Udalaren laguntza dutela gaineratu dute.

«Adierazi behar da, erosteko asmoa adierazi duten maizterrentzat ere, maiatzaren 31ko epea laburregia dela, higiezinaren tasazio prezioaren %20a ordaindu eta maileguaren baldintzak zehaztu behar baitituzte epe horretarako, are gehiago Euriborraren igoera testuinguru honetan. Ildo horretan, errentatzaileak adierazi duenaren arabera, oraingoz, hamabost etxebizitza daude erosiak izateko prest», azaldu dute.

«Jaso-agiridun burofax horiek antsietate egoera sortu dute familia apal horietan, bizitoki alternatibarik ez dutenak, bere zaurgarritasun egoeragatik mailegu bat edo alokairu pribatua eskuratzea ezinezkoa dute eta etxegabetuak izan daitezke Jaureguizarrek kontratuak amaitzeagatiko demandak jartzen baditu. Horietako bi asteartean bertaratu ziren, Kaleratzeak STOPekin batera, Eusko Legebiltzarreko etxebizitza batzordean, egoera hori azaltzeko eta konponbideak eskatzeko», gaineratu dute.

«Azpimarratu behar dugu errentatzaileak, 156.000 euroko batez besteko salmenta prezioa duten hamabost higiezinen salmentagatik, bi milioi euro inguru jasoko dituela, etxebizitza horiek hamabost urtez alokatzeagatik lortutako diru-sarrerez gain. 400 euroko batez besteko alokairuak ezartzen baditugu, etxebizitza bakoitzeko 72.000 euroko amortizazio diru-sarrerak izan ditu, komunitateko eta OHZko gastuez gain, urte hauetan guztietan maizterrek bere egindakoak. Honetaz gain, Jaurlaritzak hitzarmena sinatzeagatik eraikuntzaren kostuaren %10eko diru-laguntza gehitu behar da, 655.620,36 eurokoa (16.390 euro etxebizitza bakoitzeko)», diote.