Arnaitz Gorriti

AMPO Ordiziak Errugbi Ligako finala jokatuko du El Salvadorren etxean gailendu ostean (27-30)

Ekainaren 5eko final handian Santboiana izango du Iñigo Marotiasek zuzentzen duen taldeak aurrez aurre. Finalean Kawa Leuma zenari titulua eskaintzeko abagunea izango dute, finalerdia amaitzeko bost minuturen faltan Loubserrek garaipenaren entsegua lortu eta gero.

Andell Loubserren azken uneko entseguak erabaki du partida AMPO Ordiziaren alde.
Andell Loubserren azken uneko entseguak erabaki du partida AMPO Ordiziaren alde. (Jon URBE / FOKU)

EL SALVADOR 27 - AMPO ORDIZIA 30

El Salvador Errugbi Ligako Fase Erregularreko liderra bota du AMPO Ordiziak eta 2012az geroztik lehenengoz, Errugbi Ligako finalera sailkatzea lortu du Iñigo Marotiasen taldeak. Beroa, arerio gogorra eta markagailuan sarritan atzetik ibiltzea egokitu eta gero, partida amaitzeko bost minuturen faltan Loubserren entseguak erabaki du dena.

Egia da, bestalde, Sam Katzen lesioak kalte egin diola etxeko taldeari, Franco Velarde atzelari txiletarrak ondo jokatuagatik, pare bat zigor kolpe «erraz» hutsegin dituelako. Alabaina, itzelezko meritua izan du ordiziarren garaipenak eta ekainaren 5ean Kawa Leuma zeunduari Ligako titulua eskaintzeko aukera izango dute gipuzkoarrek.

Hasieratik kontzentratuta

Hasi eta berehala 0-6 aurretik jarri dira gipuzkoarrak, Valentin Cruzek zigor kolpe bi gauzatuta. Alabaina, etxeko taldea halabeharrak jota esnatu egin da eta presioa sartzen hasi da. Eskura jokatzen hasi eta nahi baino hurbilago jartzea erdietsi dute, nahiz eta markagailua mugitu ez, Sam Katz jokalari ingelesak jo duen zigor kolpeak zutoinean jo eta gero neurketa hasi eta ordu laurdenera.

Saiatuko dira Iñigo Marotiasenak aurrerantz egiten, baina El Salvadorrek azkenean egin du berea. Hogeigarren minutua pasatxoan, eguerdiko eguzki galdatan, neurketako aurreneko entsegua erdietsi du Sam Katzek, melee bateko irteeran erdi erditik sartuta. Hala, Valladolidekoek buelta eman diote behin  behinean markagailuari.

Behin behineko hori luzatzea ere lortu dute etxekoek. Hasieran zutoinera bota arren, buelta eman dio akats horri eta ordu erdia baino lehen Katzek «drop» ikusgarri batekin 10-6koa ezarri du.

Erreakzionatu beharrean izan da Ordizia eta Julen Goia kapitainak hanka egitea lortu du etxekoen deskuidua baliatuz. Lainz etxekoen hiru laurdenekoak nahita eginiko «avant» batekin moztu du gipuzkoarren erasoaldia eta, hala, zigor entsegua adierazi du Iñaki Muñoz epaileak, berriz ere aurretik jarriz Iñigo Marotiasenak. Hori gutxi ez eta, Sam Katz El Salvadorreko izarrak orkatilan min hartu du. Minutu gutxi batzuren buruan, jokalari ingelesak zelaia laga behar izan du.

Jokalari bat gehiagorekin jokatzerik izan du AMPO Ordiziak aurreneko zatiko azken minutuetan, Lainzi txarte horia atera baitio epaileak. Alabaina, berehalakoan berdindu du El Salvadorrek, Franco Velarde izan bada ere zigor kolpe baten bidez –Katzen lekuan– baloiari ostikada eman diona.

Gezurra badirudi ere, bat gutxiagorekin buelta eman dio berriz ere El Salvadorrek markagailuari, eskuin hegaletik alde egin eta 18 urte baino ez dituen Pablo Alonso-Villalobosek etxekoen bigarren entsegua erdietsi dute, ia atsedenaldira bidean, eta Velardek transformazio zail askoa sartu du gainera.

Ez du etsi AMPO Ordiziak eta Loubser gertu egon da atzetik aurrera egin eta entsegua lortzeko. Ez du azken aurkariari iskin egiteko zorterik izan, ordea, eta markagailua 20-13 Valladolideko taldearentzat dela joan da neurketa atsedenaldira.

Velardek egin eta desegin

Berriz ere hamabosna jokalarirekin, Lainzek bere zigorra beteta, ekin diote bigarren zatiari Pepe Rojo zelaian. Gogotsu ekin dio talde gipuzkoarrak, aurka zuen markagailuari aurre eginez. eta aitaren batean lortu du entsegua Julen Goiaren bitartez. Bada, Valentin Cruzek bigarren erdiari ekin eta berehalakoan berdindu du ostera ere neurketa.

Elliot Ryan galdu du tarte baterako ordiziko taldeak, nahita egin omen duen «avant» bat dela-eta. Horrez gain, kolpeek eta nekeak hainbat aldaketa eragin dituzte. Txarrenera ere, markagailua bere horretan geratu da, hogeina, Velardek zigor kolpe erraz bat huts egin eta gero.

Gipuzkoarrek ere azkenean lortu dute markagailuan berriz ere aurrea hartzeko abagunea. Urrutitik jo behar izan badu ere Valentin Cruzek, argentinarrak ez du kalerik egin zigor kolpea jotzeko orduan. Aurreneko erdian bat gehiagorekin okerrago jokatu duen bezala, bat gutxiagorekin aurrea hartzeko kapaz izan da Iñigo Marotiasen taldea.

Finalerdia azken laurdenean sartu da halakoren baten eta AMPO Ordiziak Ryan berreskuratu du zigorra bete ostean eta Velardek berriz ere kale egindako zigor kolpe bati esker markagailuan aurretik jarraitu du euskal ordezkariak.

Baina hain justu Franco Velarde txiletarrak berak lortu du el Salvadorren hirugarren entsegua, ordiziarren defentsako erdi erditik sartu eta gero, eta oraingoan, gainera, ez du hutsik egin transformazioan: 27-23 ordu laurdenen faltan finalerdia amaitzeko.

Beroa eta nekea ere bere faktura pasatzen hasi dira azken minuruotan, baina markagailua airean dela, ezin ba amorerik eman! Tamalez, El Salvadorrek hartu du jokoaren ekimena eta nahikoa lan izan du Ordiziak etxekoen laugarren entsegua saihestearekin, bertan izan baitute.

Loubserren balentria

Entsegua lortzeko aukera izan du AMPO Ordiziak, baina epaileak ez du ontzat eman. Zigor kolpea eskura jokatzea erabaki dute Iñigo Marotiasenek ondoren eta Loubserrek, orain bai, lortu du gipiuzkoarren entsegua amaitzeko bost minuturen faltan: 27-28. Valentin Cruzek, partida osoan egin duenari jarraituz, ez du kalerik egin.

Partida azken txanpan sartu da eta AMPO Ordiziak markagailua eustea beste lanik ez finalera iristeko. Zorte ona ere izan du, pase txar bat eman baitute gipuzkoarrek Kirk Tufugak baloia ohostu baitu. Zorionez, Iñaki Muñoz epaileak Tufuga jokoz kanpo zegoela adierazi baitu entsegua egitera zuzenean eta ia aldapa behera zihoanean.

El Salvadorrek luzapena bilatu zezakeen ere, baina kale edo bale egitea erabaki du, entseguaren bila. Baina alboko sakearen ostean, zigor kolpea Ordiziak bere alde izan du eta, orduan bai, finalera gipuzkoarrak, Santboianaren aurkako finala jokatzera, Fase Erregularreko txapelduna bera ere aurretik eramanda.

PARTIDAKO FITXA

El Salvador: Gonzalez (Jurado 46.m), Smith, Favre, Sanchez, Walker-Fitton (Ehgartner, 53.m), Fernandez (De la Llana, 59.m), Santa, Tufuga, Munilla, Katz (Pablo Torres, 33.m), Alonso-Villalobos, Du Toit, Barrios (Silva, 51.m), Lainz eta Velarde.

Ordizia: Oosthuizen (Ardanza , 70.m), Alberdi, Amine (Lasa 47.m), (Carvajales, 58.m), Alvarez de Eulate, Katjijeko (Elosua 59.m), Olasagasti (Nazabal, 67.m), Perez, Oier Goia, Ryan (Gomez, 67.m), Cruz, Matoto (Araña, 51.m), Garmendia (Mujika, 71.m), Engelbrecht, Julen Goia eta Loubser.

Markagailua: 0-3, Cruz 4.m. 0-6, Cruz. 7.m. 5-6, Katz, 23.m. 7-6, Katz, m.23. 10-6, Katz, 26.m. 10-13, zigor entsegua 29.m. 13-13, Velarde, 31.m. 18-13, Alonso-Villalobos, 36.m. 20-13, Velarde, 38.m. 20-18, Julen Goiz 44.m. 20-20, Cruz 45.m. 20-23, Cruz, 57.m. 25-23, Velarde, 63.m. 27-23, Velarde, 66.m. 27-28, Loubser, 76.m. 27-30, Cruz, 76.m.

Epailea: Iñaki Muñoz. Lainz egotzi du etxekoen artean eta Ryan gipuzkoarren artean.

Gorabeherak: Espainiako Errugbi Ligako Ohorezko Mailako finalerdietako partida Valladolideko Pepe Rojo zelaian jokatu dena.