NAIZ

Hernandez eta Boada, taldeko golegile nagusia eta jokoaren zuzendaria berritu ditu Bera Berak

Laura Hernandez eta Emma Boadak beste urte batez jarraituko dute Bera Beran eta «pozik eta eskertuta» agertu dira komunikabideen aurrean. Taldeko golegile nagusia izan da Hernandez Donostian bete duen bigarren urtean eta Boada maila oso onean itzuli da belauneko lesio larria gainditu ostean. 

Emma Boada, Guardesen aurkako Kopako finalerdietan.
Emma Boada, Guardesen aurkako Kopako finalerdietan. (Gorka RUBIO | FOKU)

«Oso pozik eta eskertuta», halaxe agertu dira Laura Hernandez eta Emma Boada Bera Berarekin hitzarmena berritu ostean. Tati Garmendia arduradunak ere onartu du bi pieza garrantzitsu direla eta taldearen bizkarezurra mantentzerako orduan, «bi fitxaketa garrantzitsu» direla.

Jokoaren zuzendaritza Emma Boadaren eskuetatik pasatzen da eta aurten maila oso ona eman du, kontuan izan da iazko denboraldi osoa kantxetatik at pasa zuela belauneko lesio larria zela-eta. «Pasa den urteko denboraldia zela-eta, banekien aurten erakutsi egin behar nuela gai nintzela maila on bat emateko. Lan asko egin dut hori erakusteko», adierazi du jokalari katalanak.

Mentalki eta fisikoki «oso denboraldi gogorra» izan dela onartu du. Atzetik aurrera egin du partidak jokatu ahala, denborarekin izan zitzakeen zalantzak uxatzen joan baita. Ammma zentroan eginiko lana nabarmendu du eta bertako langileei esker hitzak helarazi dizkio, bertako lanarekin eta klubak eskainitako laguntzarekin, «zalantzak lausotzen joan baitira».

«Ni lasai nengoen ze jokatzen nenbilen eta urtebete geldirik egon ostean, esperotako maila ematen nengoen. Beste urtebeterako nirekin kontatu izanak, gehiago lan egiteko pizgarri bat da; hobeto egoteko lan egiteko hauspoa, argi baitago hobeto egon naitekeela.

«Hemen egotearen onena eta txarrena da dena irabazteko helburua dagoela. Pizgarria da faboritoak izatea eta oxala laugarren liga erreskadan lortzen badugu», nabarmendu du. Era berean, Kopako arantza kentzeko gogoa badutela azpimarratu dute bai Boadak eta baita Hernandezek ere.

Laura Hernandez, Kopako finalerdietan. (Gorka RUBIO/FOKU)

Laura Hernandez taldeko golegile nagusia izan da eta onartu du aurten «erosoago» sentitu dela. «Iaz arrankatzea gehiago kostatu zitzaidan eta aurten erosoago aritu naiz, batez ere denboraldiaren azken txanpan. Hau taldeari esker da, taldekideak elkarrekin daukagun konfiantzagatik eta baita Imanolek guregan jarri duen konfiantzagatik ere. Gutxika-gutxika bakoitzaren bertsio onena ari gara ikusten», azaldu du.

Bera Bera ligako «taldetik onena» dela-eta, zoriontsu agertu da beste urtebetez berritzeagatik. Gainontzeko taldeak gero eta hobeto indartzen ari direla ere aipatu du eta horrek are liga lehiakorragoa egingo duela.

«Talde honen erronkak urtero berdinak dira, Bera Berak beti borrokatu behar du dena irabazteko. Egia da kale edo baleko txapelketetan ez gaudela asmatzen eta lehen erronka Superkopa izango da, gero liga, Kopa eta Europan urrats bat aurrera ematea», aztertu du Elxeko jokalariak, zeinak Sara Gilekin hegalean postua partekatuko duen baina lehen lerrorako ere erabilgarria izan go den.

Giuliana Gavilan, Cesareoren ordezkorik «onena»

Tati Garmendiak, bestalde, klubak iragarri duen lehen fitxaketaren inguruan hitz batzuk esan ditu. Azaldu du Eli Cesareoren irteerarekin, «bere ordezkorik onena» izan daitekeela pibote argentinarra. «Oso jokalari indartsua da defentsan, lekua ondo egiten duena», adierazi du. Era berean, onartu du Frantziako ligara joan aurretik, Xixongo La Calzadan zebilenean, fitxatzen saiatu zirela eta beraz, klubaren interesgunean aspalditik zegoen jokalaria dela.