NAIZ

Frenorik gabe sailkatu da Iga Swiatek faborito nagusia Roland Garroseko finalerdietara

Poloniako tenislariak jarraian lortzen duen 33. garaipena erdietsi du asteazken honetan Jessica Pegula estatubatuarraren aurka eta hurrengo aurkaria Daria Kasatkina errusiarra izango du.

Iga Swiatek, Jessica Pegula estatubatuarraren aurkako partidan pilota astintzen.
Iga Swiatek, Jessica Pegula estatubatuarraren aurkako partidan pilota astintzen. (Christophe ARCHAMBAULT | AFP)

Urteko bigarren tenis txapelketa handia hasi aurretik kiniela guztietan agertzen zen Roland Garros irabazteko, eta Iga Swiatek poloniarrak arrazoia ematen ari die faborito nagusitzat hartzen zieten guztiei. Asteazken honetan Jessica Pegula estatubatuarra Parisetik kanporatu du ordu bete eta 29 minutu iraun duen partida batean 6-3 eta 6-2 irabazi ostean.

Munduko rankingean lehen postuan dago Swiatek eta sekulako denboraldia ari da betetzen. gaurkoarekin, 33 garaipen lortu ditu jarraian, historiako hirugarren luzeena. Justine Henin belgikarrak 2008an lortutako balentria gainditu du poloniarrak eta aurretik William ahizpak besterik ez ditu. Serenak 34 garaipen segidan lortu zituen 2013an eta Venusek, 35, 2000an.

Swiatekek 21 urte bete zituen atzo bertan, asteartean, eta Serena Williamsen marka hori berdin lezake larubatean Roland Garros irabazten badu.

Aurretik, ordea, Daria Kasatkinari irabazi beharko dio ostegun honetan. Errusiarrak Grand Slam bateko lehen finalerdiak jokatuko ditu Veronika Kudermetova herrikideari bi ordu eta bost minutu iraun duen partida batean 6-4 eta 7-6 (5) gailendu ostean.

Beste finalerdian Martina Trevisan italiarrak eta Coco Gauff estatubatuarrak neurtuko dituzte indarrak. Lehenengoak 6-2, 6-7 eta 6-3 irabazi zion asteartean Leylah Annie Fernandez kanadiarrari. Gauffek, ordea, Sloane Stephen herrikidea kanporatu zuen 7-5 eta 6-2 irabazita.

Nadal-Djokovic, beste maratoi bat balearrarentzat

Gizonezkoetan, aipatzekoa da astearte gauean Rafa Nadal balearrak eta Novak Djokovic serbiarrak jokatutako partida. Lau ordu eta 11 minutu iraun zuen neurketan, Nadalek garaipen bikaina lortu zuen 6-2, 4-6, 6-2 eta 7-6(4) irabazita, eta hamalaugarren garaikurraren bila doa Parisen.

Bere garaipenarekin gainera, Djokovicek ezin izango du 21 Grand Slamekin tenislari balearra berdindu.

Nadal, garaipena ospatzen atzean Djokovic duela. (Christophe ARCHAMBAULT/AFP)

Bikain hasi zuen partida Nadalek. Lehenengo seta 6-2 irabazi zuen, eta bigarrengoan 3-0 jarri zen aurretik. Baina serbiarrak ez zuen amore eman eta behetik gora egin zuen, bigarren set hori irabaziz.

Kolpe psikologikoa zirudien. Baina balearra Pariseko pista bikain ezagutzen duen horietakoa da eta hirugarren seta, oso borrokatua, beretzan izan zen. Pentsa, 3-3ko jokoak 18 minutu iraun zuen!

Laugarren setean, Djokovic izan zen bere genioa atera zuena. 3-0 jarri zen aurretik, baina ikusleak bere kontra jarri zituen keinu itsusi batengatik. Serbiarrak 5-2 ipini zuen markagailua bere alde, baina zaleen animoak jaso zituen Nadalek eta, seta berdintzeaz gain, desenpatean garaipena eta finalerdietarako txartela eskuratu zuen.