Ane Urkiri

Bera Berak Paula Arcosen fitxaketa berretsi du eta Zuazok Sara Molesena iragarri du

Lehen lerroko Paula Arcosen fitxaketa berretsi du Bera Berak. Zurrumurruak Kopa jokatu aurretikoak ziren eta behin denboraldia amaituta, ofizial egin du klub donostiarrak. Bestalde, Zuazok lehen fitxaketa iragarri du, Sara Moles kataluniarrarena.

Paula Arcos, Gasca kiroldegian Bera Bera eta Atletico Guardesen arteko liga norgehiagokaren ondoren.
Paula Arcos, Gasca kiroldegian Bera Bera eta Atletico Guardesen arteko liga norgehiagokaren ondoren. (BERA BERA)

Eskubaloiko Ohorezko Maila bukatuta, bulegoetan mugimendua geldiezina da. Bera Bera zein Zuazo asko ari dira mugitzen eta esperotzekoa da Beti Onak ere laster hastea datorren denboraldi historikora begirako mugimenduekin.

Klub donostiarrari dagokionez, lan denak oporrak hartu aurretik egin nahi izan dituzte eta ostiral honetan Paula Arcosen fitxaketa berretsi du. Kopa jokatu aurretikoak ziren lehen lerroko valentziarraren inguruko zurrumurruak –Illunben, A Guardako taldeko zaleek taldean «geratzeko» oihuekin animatu zuten– eta azkenean berretsi egin da informazioa.

Azken Munduko Txapelketan Espainiako selekzioarekin nabarmendu zen, bai eta Tokiko Olinpiar Jokoetan ere. Apenas 20 urterekin, 100 partidatik gora jokatu ditu gorengo mailan –Elx taldearekin lehenengo eta Atletico Guardesekin ondoren– eta ligan eskarmentua izateaz gain, Europan ere aritu da talde galiziarrarekin eta esan bezala, munduko bi hitzordu garrantzitsuetan ere lehiatu da Espainiako selekzio absolutuarekin.

Urtebeterako kontratua sinatu du Donostiako taldearekin eta klubak azpimarratu du leku anitzetan jokatu dezakeen jokalaria dela eta hortaz, «Bera Berarako egokia dela». «Abiadura, baloiarekin eta baloi gabe daukan jokoa eta ausardia» nabarmendu ditu Tati Garmendiak, eskubaloi arloko arduradunak.

Zuazok, lehen fitxaketa

Bera Beran jada mugimendu gutxi egongo dira –hiru fitxaketa zituzten arreikusita eta iragarri dituzte guztiak– eta Zuazo hasia da hurrengo denboraldiko taldea osatzen. Alba Sanchez, Maddi Bengoetxea eta Mada Fernandez de Agustiren berritzeak iragarri zituen lehendabizi klubak eta ostegun gauean, lehen fitxaketa iragarri du. Sara Moles kataluniarra fitxatu du talde barakaldarrak bere ezker hegala indartzeko.

Aula Valladolidetik iristen da Moles eta Zuazok adierazi duenez, «ezaugarri fisiko ona» duen jokalaria da eta «ilusio handiz» iristen da Barakaldora. 2019tik aurtengo denboraldira arte jokatu du Valladoliden eta aurretik Sant Vincenç taldean aritu zen.