Imanol Carrillo
Kirol-erredaktorea / Redactor deportivo

Bidasoak azken hatsa eman eta finalerako txartela eskuratu du Granollers kanporatuta (32-28)

Bidasoa-Irunek Asobal Kopako finala jokatuko du Barçaren aurka igande honetan, Granollersen aurkako partida orekatu eta gogor batean lau gol irauliz bigarren zatian. Iñaki Cavero eta Xoan Ledo protagonista nagusiak izan dira, lehena 14 gol sartuz eta bigarrena 11 geldiketekin.

Dariel Garcia, airean, Granollersen atera jaurtitzeko prest.
Dariel Garcia, airean, Granollersen atera jaurtitzeko prest. (Edu AGREDA | ASOBAL)

Nork esaten zuen Bidasoa-Irun hilik iristen zela denboraldi amaiera honetan Asobal Kopara? Jacobo Cuetararenek berriro ere erakutsi dute talde honetan fedea izan behar dela. Denboraldian zehar Granollersekin bigarren postuarengatik mantendu duten borroka Zaragozako finalerdian ikusi ahal izan da berriro ere. Talde katalanak Ligako txapeldunorde “titulua” lapurtu zien, baina bidasotarrek mendekua ondo hartu dute eta finalerako txartela eskuratu dute 32-28 irabazita. Aurkaria Barça izango dute, katalanek Logroño La Riojari 40-26 irabazi ostean.

Ez da batere erraza izan. Guztiz kontrakoa. Lehen zati orekatu baten ostean, gauzak okertu egin dira eta kontrakorrontean abiatu behar izan dute bigarren zatian. Orduantxe atera da bidasotarren energia, markagailuan lau gol irauliz, aurkarien erasoei aurre eginez eta azken ziztada emanez. Xoan Ledo atean –11 geldiketekin amaitu du– eta Iñaki Cavero erasoan –14 gol egin ditu– partidako protagonista nabarmenak izan dira.

Denboraldi honetan ikusi ahal izan den bezala, Bidasoa eta Granollersen arteko partida oso orekatua izan da. Markagailuak berdinketa ugari izan ditu lehenengo ordu erdian, hamaika guztira, baina detaile txikiek eman diote aldea talde katalanari.

Egia da irundarrak sendo hasi direla, gehienbat Mikel Zabala –atarikoan protagonista, NAIZ Irratitik pasa ostean– eta Iñaki Caveroren eskutik. Bigarrengo honek zortzi gol egin ditu lehen zatian! Baina Granollersek ez du aukera pasatzen utzi eta ahal izan duenean, Rangel Luan Bidasoa atezain ohiari esker ere –bi geldiketa bikain egin dizkie Furundarena eta Iribar gazteei–, bi goleko aldeagatik ihes egin du –eta hirugatik ere, azken minutuetan–.

Gertakari hau 13na berdindu ostean gertatu da, epaileek Adrian Fernandez bi minutu kaleratu dutenean. Marquezek 13-14koa egin du, Kauldi Odriozolak –Bidasoarekin jokatzen dituen azken minutuetan– kanpora bidali du bere jaurtiketa eta Pol Valerak 13-15ekoa egin du.

Ez hori bakarrik. Katalanek hiru goleko aldea ere izan dute 14-17koan. Lehenago, Dariel Garciak gola sartu du, Marquezek kontraerasoan 14-16koa egin du, Xoan Ledok geldiketa egin du eta Edgar Perezek 14-17koa ipini du markagailuan.

Hala ere, Bidasoa ez da makurtu eta gol bakar bateko aldearekin amaitu du lehen zatia Kauldi Odriozola eta, nola ez, Caveroren bi goli esker.

Atezainen erakustaldia

Bidasoak ezin izan dio segida ona eman bigarren zatiaren hasieran. Erruduna Rangel Luan izan da. Hiru geldiketa egin ditu jarraian –17rekin amaitu du partida–, bi Julen Mujika eskuin hegaleko gazteari eta beste bat Eneko Furundarenari. Horrek hegoak eman dizko Granollersi eta 16-20 alde egin du markagailuan.

Honek Jacobo Cuetararen hutsartea behartu du. Baina pistarako bueltan gauzak ez dira asko aldatu. Rangel Luanek bere erakustaldiarekin jarraitu du. Julen Aginagalderi jaurtiketa gelditu dio.

Eskerrak momentu horretan Xoan Ledo, Bidasoarekin jokatzen ari den bere azken minutuetan, agertu egin den bost geldiketa jarraian egiteko eta bere taldea eusteko.

Adrian Fernandezek segida eman dio lan bikain horri eta aldeak murriztu ditu 17-20, 18-20 eta 19-20koa egiteko –tartean Xoan Ledoren beste geldiketa bat egon da, penalti batean–, eta Caverok 20nako berdinketa ipini du minutu ero batzuen ostean.

Jokaldi hauek piztu egin ditu Bidasoako zaleak eta jokalariak, eta bi goleko abantailarekin abiatu dira azken ordu laurdenera Mikel Zabala, Adrian Fernandez eta Dariel Garciaren golei esker (23-21).

Azken jokalari honek eutsi egin dio Bidasoari Granollersek 23na berdindu duenean. Ezker hegaleko kubatarrak 24-23koa egin du. Ondoren, 25nako berdinketa ere ikusi ahal izan da markagailuan, baina, lehen zatian bezalaxe, Iñaki Cavero agertu da berriro ere.

Protagonista bihurtu da etxeko jokalaria. Bi gol gehiago sinatu ditu eta 28-25ekoa igo da markagailura. Tartean, Adrian Fernandez eta Dariel Garciak beste bi gol sartu dituzte (29-26, 54:33), Xoan Ledok katalanen erasoei eutsi egin die atean eta Gurrik gol bakarrera ipini du Granollers (29-28).

Momentu horretan Cuetarak hutsartea eskatu du eta pistan Cavero eta Julen Aginagalderen esperientzia agertu dira 31-28koa egiteko. Zaleek oraindik beste gol bat ikusteko aukera izan dute. Norena? Eguneko protagonistarena: Iñaki Cavero.

PARTIDAKO FITXA:

32 - Bidasoa-Irun: Sierra, Cavero (14), Zabala (3), Furundarena, Tesoriere, Da Silva, Adrian Fernandez (5) –hasierako zazpikoa– Xoan Ledo (11 geldiketa), Ugarte (3), Iribar, Tao (2), Kauldi (2), Aginagalde (1), Mujika, Nieto eta Dariel Garcia (4).

28 - Fraikin Granollers: Rangel Luan (17 geldiketa), Gurri (5), J.M. Marquez (4), Valera (5), Esteban Salinas (3), Adria Martinez (4), Franco (5) –hasierako zazpikoa–, Edgar Perez (1) eta Rey (1).

Epaileak: Jesus Alvarez Menendez eta Jose Carlos Friera Cavada.

Partzialak bost minuturo: 3-3, 7-6, 9-9, 12-12, 13-15, 16-17 (atsedenaldia), 16-20, 20-20, 23-21, 24-24, 29-26, 32-28 (amaiera).

Gertakariak: Zaragozako Principe Felipe pabilioilan jokatu da Asobal Kopako lehen finalerdia.