Xole Aramendi
Erredaktorea, kulturan espezializatua
Elkarrizketa
Itziar Ugarte
Idazlea, Kritika Sariaren irabazlea

«Beti ari naiz idazten edo inoiz ez, horixe da nire sentsazioa»

Dezenteko oihartzuna izan du Itziar Ugarteren lehen literatur lanak. Irakurleen onespena gutxi ez balitz Kritika Saria eskuratu berri du «Gu gabe ere» liburuak. Agertoki gainean bizia hartuko du orain poesiak  ikus-entzunezko proiektu berriari esker.

Itziar Ugartek proiektu berria du eskuartean, poesia liburua agertokira eramatekoa.
Itziar Ugartek proiektu berria du eskuartean, poesia liburua agertokira eramatekoa. (Maialen ANDRES)

Literaturaren plazara atera berria da –bakarka–. Pozik ‘Gu gabe ere’ (Susa) bere lehen literatur lanak izan duen harrera beroarekin. Baina era berean inguruan sumatzen duen olatuak zurrunbiloan irentsi ez dezan ahaleginean. Horrelaxe aurkitu dugu Itziar Ugarte (Oñati, 1995).

Ahoz ahokoak ondo funtzionatu du eta pixkanaka bere bidea ari da egiten liburua. «Oso eskertuta nago. Lehengoan pentsatu nuen nola izango ote zen jendearengandik hain hitz ederrak jaso izan ez banitu. Denbora asko pasa nuen idazten eta askotan perspektiba galtzen duzu. Beldur eta kezka horiek uxatzeko modua izan da; patxada eman dit hau dena lasai bizi ahal izateko», esan du.  

Kritika Sarien onespena ere «arduraz» hartu du. Inguruak sortutako espektatiben eraginez bere burua estutzearen beldur da. «Liburua esku gehiagotara irits daiteke sariari esker baina arriskutsua da sinestea. Ez dakit nork zugan ikusi duenari erantzuteko nahia piztu daiteke, oso zaurgarri sentitzen naiz egoera horretan. Zuk badakizu ondo ze kezka dituzun, ze zailtasun, ze borroka... Liburu honekin asmatu dudanaren sentsatzioa daukat baina oraindik ahotsaren bila nabil», aitortu du.  

Orain, zuzeneko proiektu berriari lotuta, bizitza berria abiatzera doa argitalpena. Izan ere, ekainaren 10ean Oñatiko kultur etxean –«herrian, onerako zein txarrerako», aitortu du– entzun eta ikusi egingo ditu poemak bertaratzen denak. Udazkenean ere sortuko dira emanaldi gehiago.

«Liburua hedatzeko modu bat da», azaldu du. Itzulpen soila egitera mugatu ordez beste irakurketa egin dute eta horren ondotik etorri den hausnarketa du ardatz proiektuak. Mikele Landa Eiguren izan du ondoan, bidelagun. Ikus-entzunezko forma hartu du liburuak. Bi planotan landu dute ikuskizuna, irakurketa batetik –Ugartek berak egingo du– eta soinuak eta irudiak    –Landa Eigurenek sortu du–, bestetik. Elkar hizketan. «Eginez joan gara forma bilatzen», dio.

Erronka? «Niretzat hala izan da. Poema errezitaldiak, bai, eginak ditu aurretik baina ez da bereziki seguru sentitzen naizen lekua agertokia. Ezta ahotsaren proiekzioan ere... oso idatzizkoa naiz, grabatzailearen bestaldean egoten naiz eta», kontatu du irribarrez. Baina gogoz hartu du.

Makina bat saiakera egin dira azken urteotan poesia publikoarengana hurbildu nahian, dela musikarekin, dela irudiekin uztartuz, baina ez da hau izan bere kezkaren abiapuntua. «Ze forma hartuko luke oholtza gainean?», galdetu nion bere buruari. Jakinminetik sortu da», esan du.

Bakardadean ondutako poesiak iaz eman zituen lehen aldiz  argitara, baina bere izena ezagun egin zen ITU Bandaren inguruan, orain hamar bat urte. Deskubrimendu garaia. Proiektuak elkarrekin egitearen emozioa. Eta irakurketaren eskutik, idazketa. «Kideak ezagutu, haiekin batera autoreak, liburuak... mundua. Eta zenbat eta idazle gehiago irakurri eta deskubritu, idazteko gogoa piztu. Garrantzitsua izan zen egin egiteko gunea izan zelako. Belaunaldi bezala elkartzeko tokia ere bai».

Hamar urteren bueltan irakurketa bai, present dago bere egunerokoakoan. «Saiatzen naiz konstantea izaten eta irakurketa ordenatuak egiten. Asko dauka gozamenetik eta zaletasunetik, baina baita ezagutu nahi duzun horretatik ere», azaldu du. Idatzi, tarteka. «Beti ari naiz idazten edo inoiz ez, horixe da nire sentsazioa. Oharrak eta hartzen ditut, baina gero horrekin noiz jartzen naiz lan bat egiten? Boladaka», argitu du.

Txikitatik sentitu du letrekiko lilura. Lanabes ditu bai ogibidean –kazetaria a– bai sorkuntzan. Eta horren eskutik etorri da pentsamendua konkretatzeko obsesioa eta borroka. Literatura.

Erritmo talka

Juli eta Maixabel amonei eskaini die liburua. “Gu gabe ere” bi aitona eta amona baten heriotza nahiko jarraiak piztu zuen, 2016-17an. «Heldutasun batekin edo bizi ahal izan nituen lehenak izan ziren. Bizitasun handiz bizi nuen momentuan gertatu ziren gainera. Eta erritmo talka handia izan zen. Orduan aktibatu ziren memoriaren gaineko galderak, gazte batek bere aroa ulertu nahian».  

Gaztea izanagatik Ugartek atzera begira jartzeko duen joerak ematen du atentzioa liburuan. Nostalgian edo tristuran iltzatuta baino, bizitzaren joan-etorriak berarekin dakarrenaren konstatazioa. «Dena dago etengabe aldaketan. Oinordetzan jasotakoa dago batetik. Eta nire denborarekin zer egin nahi dudan erabaki nahia, bestetik. Eta ezinbestean begiratu behar diozu aurretik gertatu denari bizi duzun momentua ulertu nahi baduzu; zure begirada eta egiteko modua nondik datozen arakatu».

‘Gelditu, eta ezer esan gabe igo naiz zure begien parera, zure bila, baina ez zaude’, irakur daiteke beste poesia batean.

Aitortza ere bada “Gu gabe ere”. Hala dio “Balkoia” poesian: “Behinola izan ginena nirekin daramat”. «Ikusten dituzu pertsona batzuk desagertzen ari direla eta zure buruari galdetzen diozu, nola eramango dut bere ahotsa? Nire intentzioa izan da modu zamatsuan baino, ahal izanez gero argitasun batetik egitea, ospatu nahi batetik», nabarmendu du.

«Zerk egin du nire amonaren bizita horrelakoa izatea? Garaiko mundu ikuskerak eta erabakiak zertan gauzatzen diren gero jendearen bizitzan. Gauzak beste modu batera antolatuz gero badaukagu aukera beste bizimodu batzuk eta beste jendarte bat irudikatzeko», jarraitu du.

Distantziatik

Poesia asko idatzita zeuzkan aurretik eta joan den udaberrian beste begirada bat pausatu zien. Distantziatik. Kontzienteago. Mesederako izan delakoan dago. «Hasteko, bizitakotik eta ondoren idazketaren distantzian eta denboraren distantzian egindako liburua da. Utzi diot denborari ere bere lana egiten», azaldu du Ugartek.

Hiriak presentzia handia du liburuan. Buenos Aires. Madril. «Arrotza sentitzea» eskertzen dio azken hiri honi poema batean. «Madril, bapatean, asko agertu da. Harritu naiz!», esan du. Bizipenak.

Absentzia, galera, memoria, belaunaldien katea, aurrekoengandik herentzian jasotako bizipen, mundu ikuspegi eta jarrerak... dena aurkituko du irakurleak liburuan. Baina ez bakarrik.

Geruzak. Bikote eszena intimoak, lagunartea. Paisaiak. Giza paisaiak, herri eta hiri paisaiak. Behaketa. Begibistakoa harrigarri bihurtzearen hautua. «Horixe da poesia irakurtzerakoan gustukoa dudana, eta polita da, beste dimentsio baterako esnagarria», adierazi du.

Bere burua poetatzat duen galdetu eta «horrelako jantzi denak handi geratzen zaizkit», erantzuna.

Dedikaziotik eta ahaleginetik sortutakoa da Ugarteren poesia. «Motel idazten dut, eta idazketa gozamena izan da, nahiko lasai hartu dut».

Gelditu. «Bai, poesia bada luxua, denboran eta espazioan esperientzia sentikorrago baterako aukera. Bizi dugun arretaren dispertsio etengabean irakurketa bada arnas gehiagorako heldulekua».

Izan garenarekin, gertatu direnarekin, amesten dugunarekin, egon nahi dugunarekin elkarrizketa da Ugarterentzat literatura. «Paisaiak eta bizi garen lekua dena dago iraganeko markez beteta eta horren kontziente izan behar dugu. Beste askoren ahotsa dago gure hitzetan, eta beste askoren keinuak. Nire inguruan egon direnak eta gaur egun ez daudenak denak daude nigan. Ni ere egun batean ez naiz egongo eta aldaketa horiek ederrak dira. Bizitza da. Dena da efimeroa, horren kontzientzia hartu eta dagoenean ospatu; hori partekatzea da gauzarik ederretarikoa», amaitu du.