NAIZ

Bestetan bortizkeria sexista saiheste aldera protokoloa prestatu du Euskal Elkargoak

Euskal Elkargoak herriko etxeei zuzendutako protokolo berria prestatu du, bestetan bortizkeria sexistaren aurkako borroka areagotzeko xede.

Elkarte feministek 2019ko Baionako bestetan Maina izeneko gunea kudeatu zuten emazteen harrera bermatzeko.
Elkarte feministek 2019ko Baionako bestetan Maina izeneko gunea kudeatu zuten emazteen harrera bermatzeko. (Guillaume FAUVEAU)

Euskal Elkargoak protokolo berria prestatu du Ipar Euskal Herriko 158 udalen esku jartzeko. 'Bestetan bortizkeria sexista eta sexualen kontrako borroka' izenburu du eta helburua bikoitza da. Alde batetik «tresna metodologiko baten emaitea herriko besta eta manifestazioetan iragan daitezken eraso sexista eta sexualen saihesteko eta kontra egiteko» eta bestetik herritar bakoitzari «askatasun osoz bestetaz baliatzeko parada emaitea».

Protokoloak proposatzen du besta eta animazio ekimenak prestatzeari begira eginen diren antolaketa bilkuretako gai zerrendetan sartzea «bortizkeria sexista eta eraso sexualen kontrako borroka». Finean horrek ahalbideratzen duelako prebentzioaren lana.

Era berean «antolatzaileez gain, herriko manifestaziotan parte hartzen duten tokiko eragile anitzeri, hala nola ostalerrei, txosnak dituzten elkarteei edo komertsantei plantan jarriko den dispositiboaz informatzea eta formatzea» ezinbestekotzat jotzen du protokoloak.

Horrekin batera, Euskal Elkargoak landu duen protokoloak besten aitzin «bortizkeria sexual eta sexisten kontrako dispositiboa aurkezteko komunikazio kanpaina» garatzea gomenigarritzat jotzen du «parte hartzaileak erasoen seinalatzeko baliadeetaz jakinean izan daitezen eta babestuak izan daitezen».

Lau ardatz aintzat hartuko dituen dispositiboa

Aldez aitzinetik egin beharreko lanari jarraipena emateko protokoloaren arabera besta garaian bortizkera sexista saihesteko aldera plantan emanen den dispositiboak lau ardatz aintzat hartu beharko ditu. Hala nola informazioa, jendea, biktimei harrera eta erasotzaileen identifikazioa.

Informazio gisa afixak toki estrategikoetan jartzea aurreikusten du protokoloak eta zaintza hobesteko «antolatzaileek kolore batez identifikagarri diren pertsona-erreleboak identifikatzea, besten segurtasunaz arduratuko direnak».

Besta garaian, biktimen harrera gune bat atxikitzea gomendatzen da, baita ere «biktimak babesean emaiteko gisan, lasaitzeko gisan, erasotzaileen identifikatzen lagunduko luketen lekukotasunak biltzeko gisan».

Finean, Euskal Elkargoak, hainbat elkarte ea zerbitzuen ordezkarien ekarpenari esker landutako protokoloak gomendatzen da harrera gunean, «lekukotasunak biltzeko xoko bat atxikitzea, biktimak entzunak izaiteko gisan eta prozedura judiziala eta salaketa prozedura jakinarazteko gisan».