NAIZ

Asobal elkarteko klubek liga profesionala izateko eskaria egitea adostu dute aho batez

Azken ia 30 urteetan antolatu dituzten lehiaketak jarri ditu kluben elkarteak profesionaltasunaren eskakizuna egiteko argudio gisa.

Madrilgo CSDren egoitzan egin dute bozketa Asobal ligako klubek.
Madrilgo CSDren egoitzan egin dute bozketa Asobal ligako klubek. (CSD)

2022-2023. denboraldian Asobal liga osatuko duten 16 taldeek –tartean Bidasoa Irun eta Anaitasuna euskaldunak– aho batez adostu dute Espainiako Gobernuaren Kirol Kontseilu Gorenari liga profesionala izateko eskaria luzatzea. Bozketa gaur eguerdian egin dute horretarako CSD-aren egoitzan egin duten ez ohiko batzarrean.

Espainiako eskubaloi kluben elkartea (Asobal) 1984. urtean eratu zen, garai hartan sortzen ari ziren telebista eskubideak hobeto kudeatu asmoz. 1990. urtean lehen Asobal Liga antolatu zuen elkarteak eta orduz geroztik hiru hamarkada daramatzate gizonezkoen eskubaloiko Liga, Copa, Supercopa eta Asobal Kopa antolatuz.

Azken urte hauetan egindako ibilbide hau da, esaterako, Asobal liga osatzen duten kluben argumentu nagusia bere aspaldiko nahia lortu ahal izateko. Liga profesional izaera lortuta, Asobalen kontsolidazioa, zabalkundea eta hobekuntza errazagoa izango dela ulertzen dute klubek.

Bosgarrena litzateke

Gizonezkoen eskubaloi ligak izaera profesionala lortuko balu, espaniar Estatuan maila hori lukeen bosgarrena litzateke. Emakumezkoen futbolekoa izan zen estatus hori lortu zuen azkena eta aurretik beste hiru ere baziren, futboleko Lehen eta Bigarren Maila eta saskibaloiko ACB. Gizonezkoen areto futboleko LNFS-ek ere egina du eskari bera –2020. urtean– baina momentuz ez dute baiezkorik jaso Espainiako Kirol Kontseilu Gorenetik.