NAIZ
Elkarrizketa
Kepa Intxausti
Igorreko Jaietako txupineroa

«Zure herriak zeu hautatzea oso pozgarria da»

Duela bi urte Kepa Intxaustik Gau Lora, Igorreko taberna mitikoa, utzi zuen berak hala aukeratuta. Orduan, agur jendetsua egin zioten herritarrek, baina omenaldi horrekin aski ez eta Igorreko Jai Batzordeak Intxausti izendatu du 2022ko txupineroa.

Kepa Intxausti, Igorreko 2022ko txupineroa, Igorreko Lasarte parkean.
Kepa Intxausti, Igorreko 2022ko txupineroa, Igorreko Lasarte parkean. (Kepa INTXAUSTI)

Kepa Intxaustik 28 urte pasatu zituen Igorreko (Bizkaia) Gau Lora taberna mitikoko barraren atzean. Egurrezko dekorazioaz gain, sustatzen zuen euskal giroa izan zen Gau Loraren ezaugarri bereizgarrienetako bat eta, 2019an, Intxaustik taberna uztea erabaki zuenean, herritarrek agur bero bat eskaini zioten. Alabaina, omenaldi horrekin nahikoa ez, eta San Antonioko ospakizunak guztiz indarberrituta itzuli diren honetan, Igorreko Jai Batzordeak Intxaustiri eskatu dio txupinazoa botatzeko.

Konkretuki zer dela eta eman dizu Jai Batzordeak txupinazoa botatzeko ardura?

Ez dakit, ez dakit. Suposatzen dut 28 urtez taberna batean, Gau Loran, lanean egon naizelako izango dela, euskal taberna erreferente bat izan baita Igorren. Gero, egia da txosnak ixten zituztenean zerbitzu bat eskaini izan dugula giltzak gordetzen, goizeko 5.00etan gosariak eskaintzen eta abar. Beti egon gara komodin moduan laguntzeko prest. Duela bi urte itxi nuen taberna eta bertako jaietarako egon zen pentsatuta ni txupinero izatea, hori da pentsatzen dudana.

Nola sentitu zinen, duela bi urte, herritarrek Gau Loran azken agurra eman zizutenean?

Egia esan, hunkituta eta oso pozik egon nintzen. Taberna nahi izan nuelako utzi nuen, nik aukeratu nuen ixtea eta beste bide bat hartzea. Ez zen fabrikatik kaleratuta irteten den moduko langile baten kasua izan. Orduan, ilusioarekin utzi nuen eta oso hunkituta egon nintzen omenaldiarekin. Taberna asko ixten dira, baina horrelako omenaldiak ez dira askotan ikusten. (Omenaldi hartan ehun igorreztarretik gora elkartu ziren. Aurreskuak eta bertsoak eskaini zizkioten Intxaustiri).

Eta txupineroa izateko proposamena jaso zenuenean?

Ezetzik ezin nuela eman esan zidaten. Asimilatu beharko da, ikusiko gara eta egongo gara; azken finean, guztiok ezagutzen gara. Dena den, burutik ez zitzaidan ezta pasatu ere egin [txupineroa izatea eskainiko ziotela]. Imajinatzen dut guztiei gauza bera pasatuko zaiela. Hala ere, harro eta pozik nago. Azken batean zure herriak zeu hautatzea oso pozgarria da eta eskerrak eman nahi dizkiet aukera hau emateagatik.

Bi urteko geldialdiaren ostean, herritarrak inoiz baino gogotsuago daude jai hauetarako. Presioa handiagoa da?

Ez, ez. Guztiok dugu gogo gehiago. Pentsa, gu 48 urterekin gogotsu gaude, bada imajina 20 urtekoak. Guztiontzat izan dira bi urte, baina guztiori ez digu 17tik 19 urte bitarteko tartean harrapatu. Hori da gehien disfrutatzen den adina. Nabaritzen da gogoa dagoela, baina beste jai batzuk gehiago izango dira.

Jai batzuk gehiago izango direla esan duzu, baina lehen urtea izango da tabernari lanetan ibili beharrean taxi gidari gisa ibiliko zarela. Hala ere, aurreko urteetako berdinak izango direla uste duzu?

Ez, ez… Tabernan zaudenean jai egun horietan egun osoan eta gau osoan lanean egon behar zara bai ala bai. Taxian orain askoz erosoagoa da dena. Hau da, taberna batean egondakoa zarenean erosoagoa da taxilariaren lana, 8 orduz bulegoan lanean ibili denarentzat, aldiz, ez. Orain, telefonoa martxan daukat eta aldaketarekin, niretzat behintzat, bizimodua irabaztea izan da. Azken finean, 28 urtez satorren antzera egon naiz tabernan sartuta, zutik egun osoan. Orain, adibidez, eserita egiten dut lan. Aldaketa itzela izan da.

Bukatzeko, zer eduki behar dute jai herrikoi batzuek paregabeak izateko?

Eguraldi ona. Eguraldi onarekin jende bikoitza irteten da kalera. Bestetik, erdigune zehaztu bat izatea ere oso garrantzitsua da. Herri zabal batean, Galdakon adibidez, gune asko sortu daitezke baina Igorren ez da hori gertatzen. Bestetik, inportantea da bai egunez eta bai gauez gauza asko egotea [programazio aldetik].