NAIZ

Laugarren partida jokatzeko zalantza izatetik, NBAko Finala berdindu du Stephen Curryk

Golden State Warriorseko antolatzaileak 43 puntu sartu ditu Boston Celticsen aurka eta 97-107 gailendu ostean, kantxa faktorea berreskuratu du Kaliforniako taldeak. Bosgarren neurketa Euskal Herrian astelehenetik astearterako goizaldean jokatuko da, San Frantziskon.

Stephen Curry, pozarren Bostonen egindako partidarekin.
Stephen Curry, pozarren Bostonen egindako partidarekin. (Winslow TOWNSON / AFP PHOTO)

NBAko Finaleko hirugarren partidan ezkerreko orkatilan min hartu zuen Stephen Curry, Golden State Warriors taldeko antloatzaile eta izarrak. Hirugarren partida hura Boston Celticsek eraman zuen eta minez egonagatik, laugarrena jokatzeko `rest azaldu zen Kaliforniako taldeko jokalaria. «Ez dakit zehatz nola nagoen. Dakidan bakarra da laugarren partida jokatuko dudala», esan zuen partida jokatu bezperan.

Bai jokatu ere! 43 puntu eta 10 errebote lortu ditu Golden State Warriors taldeko jokalariak eta bere partida bikain horri esker, San Frantizskoko taldeak bina berdindu du NBAko finala, eta bide batez kantxa faktorea berreskuratu du Mendebaldeko Konferentziako irabazleak.

«Stephen Curryk egiten duena sinestezina da. Hain erraz egiten du dena, baina kantxara atera egin behar da gero eta taldea lepoan hartuta aurrera egin gero!», adierazi du Klay Thompson taldekideak. «Jokalari honen bihotza itzela da», gaineratu Golden State Warriorseko hegalekoak.

Klay Thompson berak ere 18 puntu sartu ditu Boston Gardeneko zaleen txistuak isilaraziz. Hala, azken bi urteetan lesioen erruz «Splash Brothers» bikotea elkarrekin jokatu ezinik ibili eta gero, mailarik onena 2021/22 denboraldi honetako play-offetan berreskuratu dute.

Horren harira, Steve Kerr, Kaliforniakoen entrenatzaileak esana partida amaitu ostean. «Boston NBAko talderik onena da defentsa lanean. Stephen –Curry– defentsa horren aurrean maila horretan ikusteak garbi lagatzen dit esango dudana: nahiz eta hirugarren partidan min hartu zuen, sekula ez dut fisikoki horren indartsu ikusi».

Boston atsedenaldira 54-49 aurretik iritsi bada ere, Golden State Warriorsek menpean izan du parrtida hirugarren laurdenaz geroztik. Nahiz eta egun txarra izan duen –8 puntu baino ez– Al Horford Errepublika Dominikarreko pibotak 97-100 hurbildu du Boston partidako azken minutuetan.

Alabaina, eskarmentua sobera, jaurtiketa libreen marratik ez du kalerik egin Curryk eta bere egun bikaina bere taldearen garaipena bermatuz borobildu du.

«Curry itzela da. Ahal dugun guztia egin dugu, baina tarteka, hala talentua daukan jokalari baten aurrean, ezin da besterik egin», onartu du Ime Udoka, Boston Celtics taldeko entrenatzaileak.

NBAko Finala 2.2 dela, Euskal Herrian astelehenetik astearteara bitarteko goizaldean jokatuko dute bosgarren partida golden State Warriorsek eta Boston Celticsek.