Maider Iantzi
Aktualitateko erredaktorea / redactora de actualidad

Peru Abarrategi Sarrionandia da 2022ko Arabako bertsolari txapelduna

Manex Agirre herrikidearekin buruz burukoa jokatu ondotik, Peru Abarrategi Sarrionandia aramaioarrak lortu du Arabako 2022ko bertsolari txapelketako txapela. Puntuetan oso hurbil ibili dira biak, baita gainontzeko kideak ere, lehia estuaren seinale. Serapio Lopezek jantzi dio txapela irabazleari.

Peru Abarrategi Sarrionandia aramaioarra.
Peru Abarrategi Sarrionandia aramaioarra. (Raul BOGAJO | FOKU)

Arabako bertsogintzak txapeldun berria du: Peru Abarrategi Sarrionandia aramaioarra. 1997an jaioa, finaleko gazteena da, baina ez da berria, bigarrena izan baitu. Oso seguru kantatu du, umoretsu. Manex Agirre herrikidearekin jokatu du buruz burukoa, eta igarle gisa ere fin ibili da, bere burua txapeldun gisa irudikatuz osatu baitu kartzelako kontakizuna.

608 puntu poltsikoratu ditu Abarrategik, eta Agirrek 602,5. Hirugarren, Oihane Perea, 413,5 punturekin. Hunkituta, txapelketaz agurtu da, datozenei lekua utziz, eta publikoko lehendabiziko lerroan izango dela esan du, bertatik gehiago disfrutatzen baita saioa.

Jarraian, puntuetan estu-estu, Iñaki Viñaspre (410,5), Xabi Igoa (402) eta, azkenik, finalista berria, Paula Amilburu (384) gelditu dira.

Serapio Lopez Ortueta bertso irakasleak jantzi dio txapela Abarrategiri, lehendabizikoz Gasteizko Europa Jauregian egin den festa handian.

Hona txapeldunaren azken agurra: 'Eskakizun txikitxo bat aterako dut plazara/ nahiz Aramaixo ta Oion ez den berdin beharbada/ probintzi txiki honek du bere-berea euskara/ batzuek ahaztu arren gu ere euskaldun gara/ beraz konplexu guztiak doazela pikutara/ ama berdinak erditu baditu zazpi alaba (bis)/ merezi duen moduan zaindu zazue Araba'.

Oholtzatik jaitsi orduko hitz batzuk esan dizkio ETBri. Sinestu ezinda zegoen oraindik, emozionatuta. Aste arraro batetik datorrela eta sorpresaz harrapatu duela aitortu du. 'Kinieletan ez nengoen buruan, baina saio txukuna egin dut, jausi naizenean jakin dut altxatzen, disfrutatu dut kantuan eta horrekin geratzen naiz', adierazi du.

Ideia berri bila ibili da. 'Aukeraren bat baduzu', abisatu diote lagunek une batean. Eta buruz burukoan bakarkako gaia entzun duenean -Festa giro ederrean ibili zara. Gaur ere, ordea, etxera lagun diezazuten eskatu behar izan duzu-, segidan etorri zaio. 'Emakume paperetik kantatzea ohikoagoa izango zen eta beste bidea hartu dut. Gustura geratu naiz'.

Udazkenean txapelketa nagusian parte hartzeko aukera izango du Manex Agirrerekin batera.

'Zorakeria bat izango dira hurrengo egunak', usaindu du txapeldunak. Txapela nola ospatuko duen xehetasunekin azaldu du kartzelakoan. Finalisten artean lau aramaioar izanik herritar piloa elkartu da saioan eta poteoan ateratzea espero zuten. Ederki ospatzea espero zuen, hori bai, etxera iristeko laguntza beharrik gabe.

Saio bizia eta borobila

Toki aldaketak mugarri bat marka zezakeela iradoki zuen elkarrizketan Pereak, eta izan daiteke, belaunaldien arteko transmisio hori txapelean ere islatu baita. 30 bertsolarik parte hartu dute Arabako bertsolari txapelketan eta 'finala bidea bezain ederra' izan da, Agirrek lehen agurrean kantatu duen gisan.

Igoak akelarre batekin konparatu du. Honek asko du pozetik, dena taldetik, eta pare bat tanta min ere baditu. Ez da falta izan poesiarik. 'Bertsotan egitea da bizi puskak arnastea', adierazi du Agirrek. Ez da falta izan aldarrikapenik. 'Ahaleginak balio dezake' azpimarratu dute Abarrategik eta Iñaki Viñasprek zortziko handiko lehen ariketan, herri harresi baten bidez auzokide baten etxegabetzea ekidin duten bi lagunen paperean.

Eta ez da falta izan txisparik ere. Amilbururi, finalean lehenengo aldia izaki, urduritasunak trantze batzuk pasarazi dizkio, baina ederki eman dio buelta adibidez zortziko txikian, Manex bikotearekin etxebizitza hilerri baten ondoan egokitu eta hori batere gustuko ez duenaren lekuan. Manex hil ez du bada... 'Kasualitatez orain naiz alargun/ Manex izango zaitut beti bizilagun'. 

Saioa borobila eta bizia izan da, oro har akats gutxikoa. Kartzelako bakarkakoan poto batek egin dio ihes Agirreri. Baina ez dugu besterik entzun. Eta azkartasunaren erakusgarririk handiena Viñaspre izan da, orain arteko txapelduna. Abetxukukoak laster eta arin kantatzen du, baina berdin-berdin ideietan aberats eta sendo.

Xabi Igoa bezala. Hau bakarkakoan ikusi dugu goian. Honakoa zuen gaia: 'Gaztea zara, kuadrillan denek euskaraz aritzeko hautua egin duzue'. Hona lehena: 'Gurean beti izan den hontan akatserako zalantza/ intentzioa egoten bada zer dugu bada akatsa/ jarrera baikor bat badaukagu badaukagu esperantza/ nor nori nork-i ta nork nori-ri hartua diogu traza/ nahiz askok esan gure hizkuntza ez dela horren erraza/ herri trinko bat nahi baldin bada ta biziberritu plaza/ kontzientzia hartzea ez ote da ba lehenbiziko urratsa'.

Bakarka puntua emanda ederki ibili dira bertsolariak. Ez da ariketa erraza, ezta seiko motzekoa ere. Hemen umore beltzarekin bikain aritu dira Abarrategi eta Agirre Medikuntza fakultateko ikasleen larruan, gaur hasi dira hilotzekin praktiketan eta biok zorabiatu samar haizea hartzera atera dira.

Buruz burukoa

Jada buruz burukoan, 'Iparragirre abila dela' doinuan ofizio polita osatu dute biek. Manex Mari Errauskin da, Peru ipuin bereko printzea, ez batak ez besteak ez dute gustuko ezarritako rola eta bion artean aldatzea erabaki dute. Kalabaza eta gonbitoz betetako kristalezko zapatilafekin hain sortu dute ipuin bitxia, zalantza izan dutela ea umeek lo hartuko ote duten istorio honekin.

Kartzelan, parrandan ibili eta etxera joateko laguntza behar duenaren larruan, oso bide desberdinak hartu dituzte. Hona Manexen bigarren bertsoa, emakume baten paperean: 

'Une batez sentitu naiz urduri eta nahiko txarto/ baina lagunak datozkit ondora ohartzerako/ etxera goaz elkarrekin sentitu ta lasai bapo/ beste erremediorik uzten ez digutelako/ entzun behar duenak entzun eta ulertu beharko/ elkar zaintzen badugu gu indartsuago garelako'.

Eta Peruren bigarrena, txapeldun izango zela jakingo balu bezala: 

'Berriro komentatuaz dena ondo zihoan baina/ derrepente aldatu da nire inguruko usaina/ gaur norbaitek edan al du Peruk edan duen aina/ tragoak uzten mutila antza denez da bikaina/ eske harrotu egin da kasi da Andoni Egaña/ juerga honi nola hartu behar zaio ba tamaina/ Manex Agirrek atera dit 15. kaña'.

Euskara bizi da Araban eta bertsogintza euskara gozatzeko modu bat da. Finalean frogatu denez, osasuntsu dago eta badatoz harri berriak pila altxatzera.