Eskola Txikien Jaia ospatzen ari dira igande honetan Errezilen, ‘Eskola txikiak bizirik’ lelopean. Ospakizunak 10.00etan izan du hasiera ekitaldia udaletxe aurrean. Bertan izan dira, besteak beste, Jokin Bildarratz Lakuako Gobernuko Hezkuntza sailburua eta Begoña Pedrosa sailburuordea.
Eskola Txikien Jaiaren 34. edizioa da hau, Errezilek bigarren aldiz hartzen duen ospakizuna, eta egun osoan zehar ekitaldi eta jarduera ezberdinak izango dira San Martin Herri Eskolako komunitateak antolatuta, herri txikietan eskolek duten garrantzi handia eta egiteko beste eredu horren balioa bistaratzeko.
Jaiaren harira, Euskal Herriko Ikasleen Gurasoen Konfederazioak (EHIGE) eskola txikiek herri eta auzo txikietan duten garrantzia nabarmendu du Oihana Trula Aginagalde gurasoaren hitzak nabarmenduz: «Errezilen dugun eskola txikiari esker gure haurrek euren herrian hazi eta hezteko aukera eskaintzen diegu. Adin desberdinetako ikasleen arteko harremanetan murgiltzen dira, euren jaioterrian kokatuta abiatzen dira ikaskuntza prozesua garatzen, eta lehen mailako harremanetan sakontzeko aukera ematen diegu herriarekiko harremanetan».
EHIGEk fokua jarri du, halaber, eskola txikiek duten hurbiltasunean, aniztasunean eta bultzatzen duten kohesio sozialean. Gogora ekarri duenez, «kanpoan dauden beste sistemekin etengabeko harremanetan» dauden eskolak dira, familiekin, udaletxearekin, elkarteekin edota herritarrekin duten lotura nabarmenduz.
Agirre gogoratzeko antzezlana
Batukadaren erritmora, Errezilen herriko produktuen azoka izan da goizean zehar, baita herri kirolak eta haurren jolasak.
Herri bazkaria izan dute 14.30etik aurrera, Andoni Ollokiegiren kontzertua (15.30ean hasita) eta ikasleek prestatu duten ‘M. Dolores Agirre’ antzezlana, idazle, itzultzaile eta euskara irakasle errezildarra ezagutzeko proiektuaren barruan.