Asier Aiestaran

Oiz taldeak lortu du finalerdietarako txartela Matienako pilotalekuan (3-0)

Peio Etxeberriak kaiolan eta Ezkurdia-Rezustak binaka lortutako puntuek sailkapena ziurtatu dute lehen bi partidetan, Ganekogorta inolako aukerarik gabe utziz. Arrigorriagan jokatuko dute finalerdia datorren igandean Gorbeia taldearen aurka (Victor, Dario-Martija eta Salaberria).

Beñat Rezusta bikain aritu da Matienan.
Beñat Rezusta bikain aritu da Matienan. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Oiz taldeak lortu du finalerdietarako txartela Matienan jokatu den Bizkaia Torneoaren kanporaketan. Peio Etxeberriak kaiola barruan eta Ezkurdia-Rezustak binaka lortutako garaipenek sailkapena ziurtatu dio gaur gorriz jokatu duen taldeari, Ganekogorta lehiaketatik kanpo utziz (Elekzano II.a, Irribarria-Zabaleta eta Zabala), eta Elordik buruz buru kantxa osoan borobildu du irabazleen lana.

Jaialdia Lau eta Erdiko partidarekin hasi da, eta Peio Etxeberriak sekulako erakustaldia emanda menderatu du Danel Elezkano (18-8). Bi aurrelariek ostiral gauean Zumarragan jokatu zuten kaiolako San Fermin Torneoaren kanporaketa bana, eta biek irabazi egin zuten, gaurko demaren maila goraipatuz, baina gaurkoan Etxeberria askoz gehiago izan da.

Aurrelari zenoztarra oso sartuta irten da hasieratik, eta sakearekin min handia egin dio Elezkanori. Abantaila polita lortu du markagailuan eta, neurketa 18 tantora izaki, horrek are garrantzia handiagoa zuen gaurkoan. Bigarren erdian Zaratamokoa hobeto ibili da, baina jada oso berandu zen aukeraren bat izateko. Partida 18ra jokatu arren, deigarria izan da 138 pilotakada bakarrik jo dituztela ordu erdi eskaseko norgehiagokan.

Ezkurdia-Rezusta oso sendo

Binakakoan, Jokin Altuna min hartuta dagoela kontuan izanda, seguru asko Aspek ipini dezakeen programaziorik onena irten da kantxara: Ezkurdia-Rezusta Irribarria-Zabaletaren kontra. Eta neurketaren lehen zatiak ikusminari ongi erantzun dio, nahiz eta bigarren erdian apur bat erori den ikuskizuna.

Lau pilotariak gogotsu irten dira Matienako pilotaleku ederrera, eta lehen tantoak erritmo bizi-bizian jokatu dituzte. Urdinak 0-2 aurreratu dira, baina gorriek azkar irauli dute markagailua 6-3 agintzen ipintzeko. Parekotasunak 8-8ko berdinketara arte iraun du.

Izan ere, hortik aurrera gorriak tartea irekitzen hasi dira. Lau tanto jarraian eginda 12-8 aurretik iritsi dira atsedenaldira. Atzean Beñat Rezusta oso fresko ikusi dugu, pilota erraz mugituz eta Zabaletak behartu duenetan ere defentsan pilota ederki kenduz. Eta aurrean Joseba Ezkurdiak ongi asmatu du Irribarria lekutik ateratzen eta tantoa amaitzen.

Urdinetan, berriz, Jose Javier Zabaleta izan da bigarren erdian apur bat behera egin duena. Pilotakada ederrak jo ditu gaur ere, baina galdutako sei pilotak gehitxo izan dira maila honetako neurketa baterako. Aurrean, Iker Irribarria inspiratuta ikusi dugu errematean, nahiz eta hutsen batzuk ere egin dituen.

Azkenean emaitza 22-13koa izan da 492 pilotakada eta 57 minuturen ostean.

«Bikote serioa osatu dugu, batez ere Beñatek sekulako partida egin duelako. Eman, kendu, jo… Ni errematean ez naiz oso gustora sentitu, baina defentsan bai eta Irribarria ere ongi mugitu dudala uste dut. Bikote serioa osatu dugu», eskertu du Joseba Ezkurdiak.

Elordi ere indartsu

Hirugarren partidan, jada txartela erabakita egon arren, Elordik eta Zabalak buruz buru jokatu dute kanta guztian, eta aurrelari bizkaitarra gehiago izan da (18-10).

Hemen ere hasieratik bideratu du garaipena mallabiarrak, 11-2 aurreratu baita markagailuan. Javier Zabala errioxarra zertxobait inguratu zaio markagailuan, baina sakez egin duen faltak errotik moztu du erreakzioa.

Sakea izan da partidako gako nagusia, Elordik 18tik 7 tanto sakez egin baititu. Guztira 15 izan ditu eginak eta 3 bakarrik galduak. 160 pilotakada jo dituzte 32 minutuan.

Irabazleek, Oiz taldeak, Arrigorriagan jokatuko dute finalerdia datorren igandean Gorbeia taldearen aurka (Victor, Dario-Martija eta Salaberria).