NAIZ

Shula Gavilan argentinarra, Bera Berarekin aurkeztu berria: «Erraldoia da erronka»

Giuliana ‘Shula’ Gavilan aurkeztu du astelehen goiz honetan Tati Garmendia kirol arduradunak Ammma zentroan. «Oso pozik nago hemen nagoelako; oso helburu handia da Super Amara Bera Beraren koloreak defendatzea, eta uste dut maila emango dudala», izan dira jokalari berriaren lehen hitzak.

Shula Gavilan eta Tati Garmendia, jokalariaren aurkezpenean.
Shula Gavilan eta Tati Garmendia, jokalariaren aurkezpenean. (BERA BERA)

Giuliana ‘Shula’ Gavilan Villa Maria herrian jaio zen, Cordoban (Argentina), duela 26 urte. Esperientzia ez zaio falta. Izan ere, 2016. urteaz geroztik selekzioarekin debutatu zuenetik hiru Munduko Txapelketa jokatu ditu. Frantziako Butagaz Energie ligako Plan de Cuques taldean bi denboraldi egin ditu, baina Gavilanek badu esperientzia Guerreras Iberdrola Ligan, bi urte egin baitzituen Gijonen.

Argentinako internazionalak protagonismo handia izango du Super Amara Bera Beran 2022-23 denboraldian, Eli Cesareoren eta Ainhoa Etxeberriaren bajak beteko baititu. Bera Bera Eskubaloiko arduradun Tati Garmendiak adieraazi du «jokalari garrantzitsua izango dela uste dut, guretzat hain garrantzitsua den defentsaren erdian egon beharko du eta erasoan ondo irabazten du posizioa, ondo mugitzen dena».

Bestalde, “taldera egokitzeko ahalik eta azkarren» eskatu du. Eta Gavilanek bere gain hartuko du erronka, klubaren «konfiantza» sentitzen baitu. «Gijonera taldeari laguntzera etorri nintzen, eta orain erantzukizuna handiagoa da; erronka erraldoia da», azpimarratu du jokalariak. «Frantziako liga askoz fisikoagoa da; Espainiakoa, berriz, askoz taktikoagoa da, eta hori ere ekar dezaket», gaineratu du.

Horregatik, beste faktore bat barneratu du: «Frantziarekiko joko-sistema ere aldatuko da, baina tokatzen zaidan taldeari ekarpena egin nahi diot, sentsazio onenekin eta taldearekin gauza asko lortzea espero dut».

Bere dohainei buruz galdetuta, pibotak honakoa esan du: «Defentsan jokalari gogorra naiz, sentiarazten duena nagoenean, eta erasoan posizioa irabaztea gustatzen zait, eta ez bakarrik golak egitea, baizik eta nire taldekideek jokoa egiteko lan zikina ere egitea».