Arnaitz Gorriti

Jonathan Roussellek ez du Bilbao Basketen jarraituko hiru urteko «ziklo bat itxi» ondoren

Antolatzaile frantsesa bere herrialdera itzuliko da, Dijonen jokatzera. «Etxetik kanpo joatea esperientzia ahaztezina» izan dela onartzeaz gain, beltzezko gizonen kapitain ohiak Bilbao Basketen «izaera» azpimarratu du. «Nekez esan dezakezu agur prentsaurreko batekin hiru urte eta gero», esan du.

Hiru urte Bilbon eman ostean, Jonathan Rousselle Estatu frantsesera itzuliko da.
Hiru urte Bilbon eman ostean, Jonathan Rousselle Estatu frantsesera itzuliko da. (Monika DEL VALLE / FOKU)

«Hiru urte eta gero, ziklo bat amaitu dela uste dut. Alex –Mumbru– joan izanak berak are eta garbiago laga dit hauxe zela momentua Bilbao Basketi agur esateko». Irribarrez eta esker onez esan dio agur Jonathan Roussellek Bilbao Basketi. Antolatzaile frantsesak azken hiru denboraldiak beltzez jantzita eman ditu eta taldeko kapitain ere izan da, baina 32 urterekin, etxera itzuliko da, Dijon taldean jokatuko baitu.

«Bi seme-alaba dauzkat eta etorkizunean ere pentsatu behar dut. Nire emazteak ere hemen geratzea nahiago zukeen baina lana aurkitzeko sasoian eta errazagoa deritzogu Frantziara itzultzea ACBko esperientzia eta gero», azaldu du, laburrean.

«Nire ametsa saskibaloian ondo jokatzea zen. Hasteko, nire bi anaia zaharragoek baino hobeto, eta lortu nuen, eta gero maila on baten, eta hori ere lortu nuen. Eta gutxien uste nuenean Alexek –Mumbru– eta Rafak –Pueyo– ACB Ligara etortzea gonbitea luzatu zidaten. Nire ‘konfort gunetik’ irten eta etxetik kanpo abentura hau probatzeko ordua zen hura, eta pozten nau erabaki izanak. Hiru urteren buruan, jokalari hobea, pertsona hobea eta guraso hobea ere banaizela uste dut eta hori betiko gordeko dut», onartu du antolatzaile frantsesak.

Onartu du, bestalde, «nire azken denboraldia ez dela onena izan. Bizitzatren eta kirolaren legea halakoa da». Bestalde, dijon lako talde «sendo» batera itzulita «etorkizuna prestatzen» hasiko dela adierazi du.

Hiru urteotan gordetako unerik onena, azkenean, 2020 hasieran kokatu du, zeinetan Palau Blaugranan bere saskiratze bati esker Bilbao Basket Koparako sailkatu zen. «Aldagelan bizitako une horiek nirekin eramango ditut betirako», azpimarratu du.

«Beltzezko gizona hizki larriz»

Neurri baten, bestalde, ACB Ligako bere esperientzia bakarra Bilbokoa izatea gauza positibotzat jo du Roussellek bere agurreko prentsaurrekoan.

«Etxetik kanpor egon naizen denbora honetan, hemen zerbait berezia badagoela ikusi dut, zer den ondo ez badakit ere. Arraroa da hiru urteren buruan agur esateko prentsaurreko bat emateko aukera ematen dizu taldea topatzea», azpimarratu du, eta horrez gain, «nahiago dut Bilbon hiru urte egin eta gero etxera itzuli, beste talderen batekin beste bederatzi hilabetez jarraitzeko aukera aztertzeko zalantzatan ibili baino», gaineratu du.

Bestalde, Rafa Pueyoren hitzetan, «‘Jou’ Beltzezko Gizona da, hizki larriz gainera. Talde-gizonaren eredua da bere adiskidetasuna, konpromezua eta talde izaeragatik. Bilbao Basketek kanpoan izan dezakeen enbaxadorerik onena izango da bera».

Bere aldetik, Isabel Iturbe klubeko presidenteak ere esker oneko hitzak izan ditu. «Kantxa barruan eta kanpoan klub honek plazaratu nahi dituen baloreen ereduzko transmisorea» izan dela adierazi du.