NAIZ

Gasteizek eta Laudiok jokatuko dute igandean Arabako eskuzko Herriarteko finala

Bizkaia eta Gipuzkoako txapelketek asteburu honetan jakingo dituzte finalistak eta Nafarroakoan lehen ligaxkako azken jardunaldia jokatuko dute.

Laudioko taldeak bere lehen txapela eskuratu nahi du.
Laudioko taldeak bere lehen txapela eskuratu nahi du. (ARABAKO PILOTA FEDERAZIOA)

Aspaldiko ohiturari jarraikin, Arabako eskuzko Herriarteko txapelketa Araba Euskaraz jaiaren egitarauaren ekitaldi nagusietako bat izango da eta aurten Laudiok eta Gasteizek jokatuko dute txapel preziatuak nork irabaziko. Gertu egon den arren, aiaraldeko herriak ezin izan du oraingoz garaipenik eskuratu eta aurten maldizio hori amaitutzat eman nahiko du hiriburukoen kontra. Finalak Adurtzako frontoiean jokatuko dira, Gasteizen, goizeko 10etatik aurrera.

Eta jaialdiko lehen partidak aparteko garrantzia izango du, adituen arabera, txikienen partidak erabaki baitezake azken garaipenaren norabidea. Reinaldo-Manterola laudioarrek eta Palacios-Amazabal gazteek, hortaz, presio handia izango dute euren bizkarrean. Izan ere, beste bi partidek, hasiera batean behintzat, nahiko argiak dirudite. Jubeniletan, Laudioko Arkaitz Eskuza adin honetako Euskal Herriko erreferentzia nagusietako bat da eta, nagusietan, Uribe-Markaida bikote gasteiztarrari ere, hasiera batean, ez lieke garaipenak ihes egin behar.

Finalerdiak Gipuzkoa eta Bizkaian

Gipuzkoa eta Bizkaiko txapelketak pauso bat atzerago daude eta asteburu honetan jakingo du zein bi herrik jokatuko duten herrialde bakoitzeko finala. Gipuzkoari dagokionean, Hernanik puntu bateko aldea atea zion Oiartzuni finalerdietako joaneko kanporaketan –Oarsoaldekoek kadeteen partida baino ez zuten irabazi eta zenbait pilotari eskuetako arazoekin dabiltza– eta Azpeitiak, bere aldetik oso bideratua du Tolosaren aurkako bere kanporaketa. Txikienen mailan 22-1 nagusitu ziren joanekoan eta honi buelta ematen oso zail izango dute tolosarrek.

Bizkaian, egungo txapelduna den Lezamak nahiko bideratua du finalerako bidea, Zeanuri finalerdietako joanekoan 2-1 aurreratuta, nahiz eta kadeteen partidan egur handi xamarra hartu. Nagusietako Hormaetxe-Bilbao bikotea berme handia da Txorierrikoentzat. Beste finalerdian, Markina-Xemein ere 2-1 doa aurretik Munitibarren aurka.

Nafarroako txapelketa nagusian pauso bat atzerago doaz eta lehen ligaxkako multzoetako azken jardunaldia jokatuko da asteburu honetan. Bi multzoetako bi talderik onenek finalerdiak jokatuko dituzte, Labriten, ekainaren 25ean.