Asier Robles
Elkarrizketa
Maialen Cuevas
Bizkaia Hari Gorria

«Atzoko, gaurko eta biharko borrokak aldarrikatuko ditugu larunbatean Bilbon»

Bizkaia Hari Gorria dinamikak larunbat honetan izango du bere egun nagusia. Egun osoko egitarauarekin, memoria bultzatzeaz gain, lurraldean azken hamarkadetan eman diren borrokak ospatu eta aldarrikatuko dituzte Bilbon. Maialen Cuevasek xehetasun gehiago eman ditu elkarrizketa honetan.

Maialen Cuevas, erdian, Bizkaia Hari Gorria dinamika aurkezten.
Maialen Cuevas, erdian, Bizkaia Hari Gorria dinamika aurkezten. (Oskar MATXIN | FOKU)

Larunbat honetan 85 urte beteko dira frankistak Bilbon sartu zirenetik, eta Bizkaiko frontea erori zenetik. 1937ko ekainaren 18an, irabazteko aukera gutxi zeudela jakin arren, milaka gudari eta milizianok borroka nekaezina egin zuten faxismoaren aurka. Baina batzuei gustatuko zitzaienaren kontra, hau ez zen izan ezker iraultzailearen amaiera.

Porrota gaindituta, azken hamarkadetan hainbat borroka eman dira Bizkaian. Bandasko Greba, Lemoiz, Euskalduna, Basauriko Hamaikak... borroka horietako batzuk baino ez dira.

Borroka horiek dira Bizkaia Hari Gorria dinamikak gogoratu eta aldarrikatu nahi dituenak. Azken hilabeteotan hainbat ekimen egin ondoren, dinamikak larunbat honetan izango du goren puntua, egun osoko programarekin. Memoria berreskuratzeaz gain, Bizkaian azken hamarkadetan izan diren borrokak ospatzea eta aldarrikatzea du helburu egitasmo honek, baita borroka gehiago izango direla argi uztea.

Maialen Cuevasek xehetasun gehiago eman dizkio NAIZi eskainitako elkarrizketa honetan.

Zergatik sortu zen Bizkaia Hari Gorria dinamika?

Historikoko, Bizkaia borroka asko egon diren lurralde bat izan da, eta horrek, identitate borrokalari bat sortu du. Aurten, Bizkaiko frontearen erorketaren 85. urteurrena dela aprobetxatuz, borroka guzti horiek gogoratu nahi ditugu.

Izan ere, Bizkaia Hari Gorria du izena dinamikak, atzoko borrokek jarraipena izan dutelako gaur egungo borroketan. Gaur egungo borrokek ezin dira ulertu azken hamarkadetako Bandasko greba edo Euskaldunako eta labe-garaien borrokarik gabe. Feminismoarekin ere gertatzen da: Basauriko Hamaiken borrokak hurrengo hamarkadetan loratzen joan izan den mugimendu feminista gorpuztu duela.

Hortik sortzen da dinamika: Oroitu eta aldarrikatu nahi ditugun borroka guzti horiek mahaigainean jartzeko, baina, batez ere, borroka guzti horiek gaur egungokoekin lotura ezinbestekoa dutela aldarrikatzeko. Atzoko, gaurko eta biharko borrokak aldarrikatuko ditugu larunbatean Bilbon.

Zein ibilbide izan du dinamikak? Zein izan da helburua?

Bizkaiko eskualde ezberdinetan, hainbat talde memoria lantzen joan dira azkenengo urteetan. Hori oso garrantzitsua iruditzen zaigu, nondik gatozen jakiteko eta, batez ere, egungo egoera sozial, ekonomiko eta politikoa eragin duten gertakariak ezagutzeko ere.

Bizkaia Hari Gorria dinamikak, herriz herri eta eskualdez eskualde antolatu diren hainbat ekimenei (mahainguru, martxa, ibilbide historiko…) euritako bat eman izan die.

Larunbatean 85 urte beteko dira frankistak Bilbon sartu zirenetik. Zer suposatu zuen egun hori Bizkaiarentzat eta herri borrokentzat?

Askotan esaten da gertakari horrek borroka-eten bat suposatu zuela. Egia da gerrak eta 1937an gertatutako Bizkaiaren erorketak testuingurua eta egoera guztiz aldatu zuela eta paradigma berri batean sartzera behartu gintuela gertakari horrek. Baina orain, atzerako begirada bat botata, ikusten dugu 85 urte guzti hauetan kriston borrokak piztu direla gure lurraldean. Borroka guzti horiek eragin bat izan dute gaur egungo borroketan eta etorkizunean garatzen joango diren horietan ere.

Aipatzekoa da ere, azkenengo hamarkada hauetan irabazitako borrokak oso garrantzitsuak izan direla. Askotan hitz egiten dugu garaipen txikien inguruan, baina gure ustez ez daude garaipen txikirik. Garaipenak garaipenak dira. Gainera, borroka denboran mantentzea bera, garaipena da ere, hari gorri horrek honaino eraman gaituelako.

Nolakoa izango da larunbateko eguna? Zein ekimen egongo dira?

Dinamika honen egun nagusia izango da. Aldarrikapen eguna izateaz gain, batez ere, ospakizun eguna izatea nahi dugu. Horretarako, egun osoko egitaraua prestatu dugu. 10.00etan oroimen ibilbide bat hasiko da Erriberatik. 12.00etatik 14.00etara arte Arriaga Plazan memoria gunea egongo da. Bertan, memoriaren lanketa ezberdinak eta memoriaren material ezberdinak sorkuntzarekin uztartu nahi ditugu hainbat artisten emanaldiekin. Baina momentu garrantzitsuena arratsaldeko 17.30ean Arriagatik hasi eta leku beran bukatuko den mobilizazioa izango da. Ez da mobilizazio arrunt bat izango, baizik eta ospakizun giroa eman nahi diogu. Gainera atzoko eta gaurko aldarrikapen ezberdinak ikustaraziko dira.

Larunbatetik aurrera zer?

Argi daukaguna da borrokak berak jarraituko duela. Dinamikarekin ez dakigu zehazki zer gertatuko den, baina argi daukagu orain arte aldarrikatzen gauden atzoko eta gaurko borrokek badaukatela etorkizuna.