NAIZ

Bagnaia italiarrak aurten sailkapenetan duen nagusitasuna erakutsi du berriro ere Alemanian

Ducatiko gidariak denboraldi honetako hirugarren polea eskuratu du Sachsenringen, goizean zirkuituko errekorra hautsiz gainera. Munduko txapeldun den Fabio Quartararo frantziarra bigarren aterako da igande honetako lasterketan, eta Johann Zarco, hirugarren.

Francesco "Pecco" Bagnaiak honelaxe ospatu du aurtengo hirugarren polea.
Francesco "Pecco" Bagnaiak honelaxe ospatu du aurtengo hirugarren polea. (Ronny HARTMANN | AFP)

Gustua hartu die Francesco "Pecco" Bagnaiak (Ducati Desmosedici GP22) poleei. Larunbat honetan Alemaniako Sachsenring zirkuituan egin den sailkapenean, aurtengo hirugarren polea lortu du italiarrak eta, beraz, bihar, 14.00etatik aurrera, lehenengo postuan abiatuko du MotoGPko Alemaniako Sari Nagusia.

Konfiantzarekin dagoela erakutsi du Bagnaiak. Goizean zirkuituko errekorra hautsi du 1:19.765 denbora lortuta, eta arratsaldeko sailkapenean 1:19.931 egin du, munduko txapeldun den Fabio Quartararo (Yamaha YZR M 1) –1:20.007– eta Johann Zarcoren aurretik (Ducati Desmosedici GP22) –01:20.030–. Aleix Espargaro katalanak (Aprilia RS-GP), zeinek azken lasterketan ezusteko bat izan zuen –bigarren amaitu zuela uste zuen eta oraindik buelta oso bat falta zitzaion amaitzeko–, laugarren denborarik onena lortu du goizeko azken saioan erorikoa izan ostean.

Sailkapen nagusiko lehen txandan, bi geldiketako estrategiarekin –eta gurpil aldaketarekin– atera dira zirkuitura eta horrek denbora oso onak egiteko aukera eman die gidariei. Hala ere, Pol Espargaro (Repsol Honda RC 213 V) bezalako gidariak ezin izan du txanda gainditu.

Bigarrenean, bere anaia Aleix Espargarok lehenenego denborarik onena egin du (1:20.413), baina segituan "lapurtu" egin dio marka hori Bagnaiak (1:20.098), eta italiarrak hobetu egin du denbora errepidera berriro atera denean (1:20.064).

Ducatiko gidariak polea zuen begien artean, eta marka jaitsiz joan da 19. bueltan (1:19.931). Hortik aurrera ez da inor kapaz izan denbora hori jaisteko eta italiarrak urteko hirugarren polea eskuratu du.

Alemaniako Sari Nagusiko datu guztiak NAIZeko webgune berezian ikus daitezke.