Mikel Aginagalde

Arabako zortzi ikastolak bat eginik Argantzon Ikastolaren alde

Duela lau hamarkada luze, Araba Euskaraz jaia Olarizuko landa eremuan ospatu zen estreinakoz. Igande honetan, berriz ere, leku hartara itzuliko da Arabako ikastolen eta euskararen aldeko festa handia. Oraingoan, ordea, Arabako zortzi ikastolak elkarlanean aritu dira.

Aurtengo jaia landa eremuan ospatuko da, Olarizun. Irudian, pailazoen emanaldia Argantzonen, 2018ko Araba Euskarazen.
Aurtengo jaia landa eremuan ospatuko da, Olarizun. Irudian, pailazoen emanaldia Argantzonen, 2018ko Araba Euskarazen. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Orain dela bi urte, 2020an, osasun krisiaren ondorioz Amurrioko jaia bertan behera utzi eta 2021ean Laudion formatu murriztuan ospatu ondoren, 2022ko edizioa antolatzeko ardura Argantzon Ikastolak hartu zuen berriro. Baina gerora Araba osoko zortzi ikastolek indarrak batu eta antolaketa sistema berria martxan jartzea erabaki zuten. Zentzu horretan, esan beharra dago aurtengoan lurralde honetako ikastola guztiak koordinatu egin direla, Araba Euskaraz festa ikasturte guztian zehar luzatuko den jai bat izan dadin. 2001, 2007 eta 2018. urteetan Argantzonen ospatutako Araba Euskaraz ekitaldiek izandako arrakasta errepikatzeko gogoz dira oraingoan ere.  

Zortziak bat

Esan bezala, Gasteizen kokatuta dauden Olarizuko zelaietan egin zen lehenengo festa 1981. urtean. Garai hartako ekitaldiaren leloa eta logotipoa Nestor Basterretxea artista bermeotarrak sortutako “Araba, zazpi talde, bat euskararen alde” izan zen. Aurtengoan, ostera, “Zortzigarren alaba” da eslogana. Gorka Knörr musikariaren “Araba” abestia oinarri, zortziak erreferentzia egiten die, batetik, Arabako zortzi ikastolei; bestetik, Arabako zortzi kuadrillei (zazpi ofizialak eta Trebiñu); Arabako zortzi kuadrillen batasunari, eta azkenik Trebiñuri berari, hura baita zortzigarren alaba.

Leloarekin egin bezala, logotipoa egiteko ere Nestor Basterretxeak lehen ekitaldi hartarako sortutako haritz hostoaren irudian inspiratu dira antolatzaileak. Hala, Euskal Herriko zuhaitz desberdinen hostoak erabili dituzte bai ikastolen aniztasuna islatzeko, eta bai lurralde horretako basoen eta naturaren aniztasuna irudikatzeko.

Xedeak betez

Euskarak eta euskaldunek erronka handiak dituzte Araban oraindik ere. Igandeko ekitaldiak erronka horiek lortzeko bidean beste urrats bat egin nahiko luke. Izan ere, Araba Euskaraz festaren helburuetako bat da ikastolekiko atxikimendua lortzea ahalbidetzen duen jaia izatea. Bestalde, ikastola ereduaren eta ikastolaren beraren zereginaren hedapenerako lanabesa ere bada. Hizkuntza ardatz, euskararen erabilera bultzatzeko eta euskararekiko engaiamendua hartzeko parada eskaintzen du.

Araba Euskaraz festak, halaber, helburu zehatzagoak ere lortu asmo du. Kasu honetan, Argantzonen eta Trebiñun, zehazki, eta Araba osoan oro har, euskararen ezagutza eta erabilera aldarrikatzea eta sustatzea da horietako bat, eta era berean eremu horretan euskal hizkuntzaren erabilera esparruak zabaltzea, hain justu ere. Baina ez hori bakarrik, lortu nahi diren beste helburuetako batzuk dira, esaterako, Argantzon Ikastola ezagutzera ematea, edo Trebiñu Araba dela, eta beraz, Euskal Herriaren parte dela harrotasunez aldarrikatu eta gogoraraztea.

Denetik, denontzat

Igande honetako festaren egitaraua adin guztietako pertsonek egun eder bat pasatu dezaten pentsatua eta prestatua izan da. Arestian aipatu bezala, 2022ko Araba Euskaraz Olarizuko landa eremura itzuliko da. Gasteizko eraztun berdean kokatua, hiriaren hegoaldean, 120 hektarea betetzen ditu orotara. Zuhaitzez eta milatik gora landare espeziez hornituta, egunpasa ederra egiteko aukera ematen du, eta ikastolaren aldeko jaia ospatzeko leku paregabea da.

Ibilbideak hiru gune nagusi izango ditu; gune horiek Euskal Herrian oparoak diren zuhaitzekin izendatu dituzte. Hala, jaiari Haritza gunean emango zaio hasiera goizeko 10.00etan, eta hantxe bertan beste hainbat ekintza izango dira egun osoan zehar; besteak beste, Ene Kantak eta Goazen-en emanaldiak, Perli eta Koxkoloren ipuin musikala edo “Zortzi Alaba Dantzari” koreografia.

Pagoa gunean, bestalde, LHko eta DBHko ikasleek Erronka izango dute eta Haurren Basoa ere bertan ipiniko dute. Euskal Dantzen Topaketa bertan egingo da, eta horrekin batera, Algara dantza plaza, Erabatera taldearen emanaldia, Alea-ren antzezlana eta Kai Nakai-ren emanaldia. Azkenik, Ametza gunean bertsolariak eta talde hauen kontzertuak izango dira: Intxixu, Keu Agirretxea, Sukasuan eta Oxabi.

Gunez gune ibiliko dira, berriz, Aldats elektro-txaranga, Gasteiz Kantuz eta Kidam magoa. Halaber, Arabako Herri Arteko Pilota Txapelketaren finala Araba Euskaraz jaialdiaren barnean jokatuko da, 10.30ean, Adurtzako pilotalekuan.

Ondo pasatzeko osagai guzti-guztiak bildu dituzte, beraz, Arabako zortzi ikastolek, igande eder bat giro paregabean pasatzeko.

 

Elkarlanean ereindako euskararen hazia fruitua ematen hasia da

Argantzon Ikastola 2003. urtean sortu zuten, bertako Udalaren, Ikastolen Elkartearen eta beste eragile batzuen bulkadaren, adostasunaren eta elkarlanaren ondorioz. Izan ere, ordura arte ikasle gehienak Gasteizera joan behar izaten ziren, ikasketak euskaraz egin nahi bazituzten behintzat. Azken bi hamarkadetan zehar lan aparta egin dute Trebiñuko euskaltzaleek ofiziala ez den eremu honetan euskarak presentzia izan dezan.

Ibilbide malkartsu horren hastapena, baina, zaila eta korapilatsua izan zen zentzu askotan. Esaterako, Gaztela eta Leongo Gobernuak ikastola eratzeko baimen administratiboa eman bai, baina proiektua aurrera eraman ahal izateko finantzaziorik ez zuen inoiz ere eskaini izan.
Hasiera hartan, 11 familiak osatu zuten lehenbiziko promozioa. Urtez urte, handituz joan zen ikastola, eta Haur Hezkuntza osoa osatu zutenean, 40 ikasle izatera iritsi ziren. Hortik aurrera, kopuru horretan mantendu dira, 40 eta 50 ikasle artean.

Eta pixkanaka aurrera joan dira, Haur Hezkuntza eskaintzetik Lehen Hezkuntza ere eskaintzera igaro ziren, 2016an, eta 2019an Sagastietara eraman zuten Lehen Hezkuntza, alokairuan hartutako eraikin batera. Hanka bat Trebiñun eta bestea Sagastietan, ikastola hazteko bidea aurkitu zuen Argantzon Ikastolak. Aurten, guztira, 68 ikasle dituzte eta oso ikasturte berezia da ikastolarentzat, lehen aldiz 6. mailako ikasleak ikastolatik aterako direlako: Lehen Hezkuntzako etapa osoa lortuko duten lehenengo urtea izango da.

Aipatzekoa da, gainera, kopuru murritzeko ikasgeletan biltzen direla ikasleak, eta horri esker arreta indibidualizatua emateko aukera izaten dute bertako profesionalek. Era berean, esan beharra dago adin ezberdinetako kideek elkarrekin burutzen dutela ikasketa prozesua. Izan ere, azken horri emaitzei baino lehentasun handiagoa ematen diote Argantzon Ikastolan.

Ikastolaren ikuspegiaren muinean daude, besteak beste, naturarekiko harremana sustatzea eta hura zaintzeko moduak eta jarrerak indartzea; ikastola herriaren parte dela ulertarazi eta barneratzea, eta baita ikasleen gurasoak ikastolaren eta hezkuntza proiektuaren zati banaezin direla sentitzea ere.