NAIZ

Duela 21 urte bi ertzain hil zituen atentatuaren egilea identifikatu duela dio Ertzaintzak

Francisco Javier Mijangos eta Ana Isabel Arostegi hil zituen atentatuaren ikerketan «jauzi kualitatibo bat» egin duela iragarri du Ertzaintzak eta, 21 urte geroago, Mikel Karrera Saroberi egotzi dio egiletza. Auzitegi Nazional espainolaren esku jarri du informazioa.

2001eko azaroaren 23an izan zen atentatua Beasainen.
2001eko azaroaren 23an izan zen atentatua Beasainen. (Andoni CANELLADA | FOKU)

2001eko azaroaren 23an hil ziren Francisco Javier Mijangos eta Ana Isabel Arostegi ertzainak Beasainen, ETAk bere gain hartu zuen atentatuan. Hogeita bat urte eta erdi geroago, Ertzaintzak atentatu haren ikerketan «jauzi kualitatibo bat» egin duela iragarri eta egilea identifikatu duela adierazi du: Mikel Karrera Sarobe, egun frantziar Estatuan preso dagoena.

Ertzaintzak ohar batean azaldu duenez, «genetika forentsean egindako azken aurrerapen zientifikoei esker» leporatu ahal izan diote ekintza hura Karrerari, eta «aurrerapauso aipagarri hori» Ertzaintzak «20 urtean baino gehiagoan krimenaren agertokiko frogak behar bezala babestu dituelako» egin ahal izan du. Zehaztu duenez, atentatuaren ondoren ihes egiteko erabili zen ibilgailuan zegoen «goxoki-paper batetik lortutako profil genetiko anonimoetako bat, hain zuzen ere, bat dator Mikel Kabikoitz Carrera Saroberen profil genetikoarekin».¡

Polizia autonomikoak uste du atentatuan beste pertsona batzuek ere parte hartu zutela, eta horregatik ikerketak zabalik jarraitzen du. Egin duen «aurrerapen aipagarri» honen berri Auzitegi Nazional espainoleko 6. Instrukzio Epaitegi Zentralari jakinarazi dio.¡