NAIZ

Hizkuntza koofizialen aldeko aldarria egin dute diputatuek Madrilgo Kongresuan

ERC, JxCaat, BNG, CUP, PDeCAT, EAJ, EH Bildu, Compromis edo Unidas Podemos alderdien diputatuek espaniar Estatuaren hizkuntza koofizialak aldarrikatu dituzte Madrilgo Kongresuan eta tribunan horiek erabili ahal izateko eskatu dute.

Kataluniako, Euskal Herriko, Galiziako eta Valentziako diputatuek desafio egin diote Madrilgo Kongresuko presidenteari, beren hizkuntzak erabiliz osoko bilkurako tribunan. Gehienei hitz egiten jarraitzeko aukera ukatu diete.

Kongresuaren osoko bilkurak eztabaidatu eta bozkatu egingo du astearte honetan ERC, EAJ eta Talde Pluralaren lege-proposamena, Behe Ganberaren araudia aldatzeko, hizkuntza koofizialek osoko bilkuraren parte-hartzeetan, parlamentuko batzordeetan eta erregistratutako idazkietan erabil dezaten.

ERCren diputatuak lehenengo gaztelaniaz ireki du eztabaida, eta azpimarratu du anomalia bat dela herrialde berean gaztelania nagusitzea eta ezin dela ama hizkuntzan hitzaldirik egin. Ondoren, katalanez nabarmendu du «Espainia plural baten hipokresia, non bakarrik gaztelania baitago». Kongresuko Mahaiko lehen presidenteordeak, Alfonso Rodriguez de Celisek, arreta deitu dio bi aldiz eta azkenean tribuna utzi du diputatuak.

Egoera hori JxCAT, BNG eta CUPeko diputatuekin errepikatu da, ez diotelako utzi beren hizkuntzetan hitz egiteari. «Hizkuntza zentzuz erabiltzeko» eskatu dio Nestor Rego BNGren bozeramaileari Kongresuko Mahaiko bigarren presidenteordeak, eta «guztiok uler diezaiogun» gaztelaniaz erabiltzeko agindu dio, «andaluzak bezala» ez baitu galiziera ulertzen.

Bere aldetik, PDeCAT, EAJ eta EH Bilduren bezalako bozeramaile batzuek nahiago izan dute parte hartu beren argudioak aldi berean itzuliz. Mertxe Aizpuruak EH Bilduren bozeramaileak kritikatu du hizkuntza koofizialak «ikusezinak» izatea eta Kongresuan esaldi laburrak bakarrik onartzea; Ferran Bel PDeCATen diputatuak, berriz, adierazi du ganberako zerbitzuek aldi bereko itzulpena egitea izango litzatekeela normalena, «eta denok pozik egongo ginateke».

EAJtik, Joseba Agirretxea diputatuak kritikatu egin ditu, gaztelaniaz eta euskaraz, «Espainiako hizkuntzak direla esaten dutenak eta ez dutela ezer egiten izan daitezen», eta, aldi berean, JxCATen diputatu Miriam Noguerasek gogorarazi du Konstituzioaren 3. artikuluak argi eta garbi dioela gaztelaniaren erabilera eskubidea dela eta ez dela betebeharra.

Joan Baldovi Compromisen diputatua katalanez diputatuei hitzaldia bota die, Pablo Echenique Unidas Podemosen bozeramaileak aragoieraz hizkuntzen balioa aldarrikatu duen bitartean. Asturiasko diputatu Sofia Castañonek asturiarrez parte hartu du.