NAIZ

Mobilizazio jendetsua egin dute Senperen herriko lau gazteen atxiloketak salatzeko

Jendarmeek lau gazte atxilotu dituzte asteazken goiz honetan Senperen, tartean herri kontseilari bat. Polizia operazioak herriko hainbat higiezinen bulegoetan eginiko margoketekin zerikusia du. Senperen mobilizazio jendetsua egin dute eta asteazken iluntzean atxilotuak aske gelditu dira.

Atxiloketen aurkako mobilizazio jendetsua Senperen.
Atxiloketen aurkako mobilizazio jendetsua Senperen. (Guillaume FAUVEAU)

Jendarmeek lau gazte atzeman dituzte asteazken goiz honetan Senperen herriko hainbat higiezinen bulegoetan eginiko margoketekin zerikusia duen operazio baten baitan. Asteazken Iluntzean aske gelditu dira atxilotuak.

Tindaketak egitea, «gaizkile taldeko kide izatea» eta «heriotza mehatxuak egitea» leporatu diete Pauerat eramanak izan diren lau senpertarrei.

Gazte horietako bat maskaraturik ziren jendarmeek etxean bertan atxilotu dute, beste bat kalean atzeman dute eta gainerako biak Dantxarineako biribilgunean.

Arratsaldeko 19.00etan mobilizazioa deitu dute «Utz gazteria bakean. Errepresiorik ez, atxilotuak askatu!» lemapean Senpereko Herriko Etxearen aitzinean atxiloketak salatzeko. Handik manifestazio jendetsua abiatu da herriaren gaindi. 300 bat lagun bildu dira martxan.

Senpere Bai idal taldearen prentsa oharra

Hain zuen Senpere Bai udal taldeak mobilizazioan parte hartzeko gonbidapena egin duen agirian «sostengu osoa helarazteko lau gazteei baita haien familia eta hurbilekoei ere».

Atxilotutako lau gazte senpertarrak herriko biziaren parte aktibo direla gaineratu du udal taldeak, jarduera anitzetan inplikatuta daudela nabarmenduz. Horien artean besta komitea, gaztetxea, dantza taldea eta SPUC kirol elkartea izan ditu aipagai.

Horrekin batera atxilotuetako bat Herriko Etxea gobernatzen duen gehiengoaren taldeko hautetsi dela jakitera eman du.

2020ko herri bozetan Senpere Bai talde abertzaleak eta Dominique Idiart auzapeza buru duen taldeak akordioa erdietsi zuten bigarren itzuliari begira hautagaitza bakarra aurkeztuz.

«Gure herriak bizi duen higiezinen espekulazio azkarraren kontra frantses Estatuak deus egiten ez duen honetan, afera honetan hartutako zentzugabeko neurriak salatzen ditugu», adierazi du Senpere Baik, «Euskal Herriak etxebizitzaren arloan bizi duen arazoari berehalako erantzun konkretuak atzeman ordez, frantses Estatuak etorkizunaz kezkatua agertzen den gazteria aktibo bat kriminalizatzea hobesten duela» gaineratuz.

Bertze hainbat eragileren salaketak

Anartean, bertze hainbat eragilek ere elkartasun mezuak zabaldu dituzte sare sozialen bidez. «Frantses Estatuak iraganeko errezetekin segitzen du eta gehiengoaren aldarrikapenak ukatzen ditu errepresioa eta gazteriaren kriminalizazioaren parioa eginez», salatu du EH Baik.

Xuti gazte dinamikak horrelako mezua plazaratu du: «Lau gazte senpertar atxilotuak izan dira espekulazioaren aurka borrokatzeagatik. Euskal Herrian lan eta bizi nahi dugula aldarrikatzea ez da delitua. Gazteriaren arazoei ezin zaie errepresioarekin erantzun».

LAB sindikatuak ere Frantses Estatuak herriaren aldarrikapenak ukatzen segitzen duela salatu du sare sozialen bidez, «gazteak kriminalizatzen eta zapaltzen» dituela gaineratuz.

Azken hilabetetan bizkortu den kanpaina

Oroitzearren, iazko azaroaren 20an Baionan 8.000 herritar etxebizitza eskubidearen defentsan bildu zuen mobilizazioaren testuinguruan margoketak azaldu ziren Basusarrin, Hazparnen, Urruñan, Donapaleun eta baita Senperen ere.

«Euskal Herria ez da salgai!» leloa margotu zuten hainbat higiezinen bulegoetan.

Hain zuen iazko azaroan zabalduriko inkesta baten baitan lau gazte atzeman zituzten iragan apirilaren 6an Hazparnen, Itsasun eta Bordelen baina oren batzuk komisaldegian igari ostean aske atera ziren. Kasu horretan ere pintaketak egitea egotzi zieten.

Aurten, martxoaren 22 eta 23 arteko gauan, berriz, Senpereko higizinen bulego guztietan pintaketak agertu ziren berriz ere. Kasu horretan «Gaur tinduak, bihar bonbak», «Euskal Herria ez da salgai» edota «Euskal Herrian bizi nahi dugu» bezalako leloak margotu zituzten.