Andoni Arabaolaza

Andeetako espedizioa bikain hasi dute Pou anaiek

Duela hiru urte zabaldutako “Aupa Gasteiz” bideari puntu gorria (7c+) jarri eta gero, Iker eta Eneko Pouk bi bide alpino sortu dituzte Mendebaldeko Urus mendiak dituen orratzetan: “Hanan Pacha” eta “EMMOA”.

Azken urteotan bezala, Iker eta Eneko Pou anaiak Peruko Mendilerro Zuria bisitatzen ari dira. Bisitatzeaz gain, hainbat hormatzar eta menditan jarduera batzuk egiten hasi dira. Maiatzaren azken egunetan hegazkina hartu eta ekainaren 2an, duela hiru urte zabaldutako “Aupa Gasteiz” bideari puntu gorria jarri zioten. Hots, zintzilik utzi zituzten luzeak era askean igo dituzte.

Marra horrek 160 metro, bost luze eta, gehienez, 7c+ zailtasuna du. Quebrada de la Yacan du “geltokia”, eta anaia gasteiztarrek adierazi dutenez, proposamen gogorra da: “Eroria duten sekzioetan mugimendu atletikoak dira nagusi. Horrez gain, zailtasunean oso iraunkorra da. Horrekin esan nahi dugu zazpigarren mailako luzeak gainditu behar direla. Nahiz eta paraboltak izan (bata bestaren artean tarte handiak daude), ukitu alpinoa du; izan ere, friendekin zeure burua babestu behar duzu. Gure uste apalean, luze gogorrena 7c+ mailakoa da, eta derrigortuta 7b+/c gainditu behar da. Hori da gure proposamena, baina kontuan hartu behar da 4.000 metroko garaieran eskalatzen dela, eta horrek, agian, gure iritzia nahas dezake”.

Beste bi

Irakurtzen den bezala, Pou anaiek bikain hasi dute bidaia, eta atsedena hartu ordez, gasteiztarrek, oraingo honetan Micher Quitorekin, izaera alpinoa duten bi marra ireki dituzte.

Ez dira Mendilerro Zuritik irten. Esplorazioak Mendebaldeko Urus mendiaren (5.450 m) orratzetara eraman ditu: «Orratz horiek bisita gutxi izan dituzte, eta, hainbat aukera aztertu ondoren, ohartu gara zailtasun handiko marrak zabaltzeko aukerak zeudela. Hortaz, iazko esplorazioak emaitza eman du».

Sei orduko hurbilketa bidea egin eta gero, hirukotea Mendebaldeko Urus-eko kanpaleku nagusira (4.900 m) heldu zen. Lehen bideari dagokionez, zortzi ordu eta erdiko lana eskatu zien: «Elur freskoan borrokatu behar izan genuen, eta onartu behar dugu girora ez geundela ondo egokituta. “Hanan Pacha” (90º , 425 m) deitu diogu».

Jarduera hori bukatu eta biharamunean, esploratzen jarraitu zuten. Orratz guztien artean Mendebaldeko Urus III aukeratu zuten: “Atsedena hartzea egokiena zen, baina, oso motibatuta geundenez, beste eskalada bati ekin genion. Orratz hori oso bertikala da, eta ez du ibilbide samurrik. Zazpi orduko jardunaren ostean, “EMMOA” (M6, 75º, 640 m) sortu genuen. Hots, euskal mendizaletasunaren museoaren omenez. Ez gaude ziur, baina orratz horren lehen igoera izan daiteke”.

Egiten ari diren espedizioaren inguruan, Pou anaiek onartu dute pozik daudela oraingoz lortutako emaitzekin: «Urus mendian egin dugun esplorazioa bikain atera zaigu; izan ere, bi bide sortu ditugu. Horri, gainera, “Aupa Gasteiz” marraren puntu gorria gehitu behar diogu».