NAIZ
Donostia

David Cronenberg zuzendari eta gidoilariak Donostia Saria jasoko du

‘Crimes of the Future’ da Donostiara ekarriko duen filma, Canneseko jaialditik pasa ostean. Viggo Mortensen du protagonista, berarekin lana egiten duen laugarrenean. Bitxikeria bezala, bere hasierako filmetako batek izen bera du baina beste istorio bat kontatzen du.

2007an Cronenbergek ‘Eastern promises’ aurkeztu zuen Donostian, Viggo Mortensen aktoreakin batera.
2007an Cronenbergek ‘Eastern promises’ aurkeztu zuen Donostian, Viggo Mortensen aktoreakin batera. (Juan Carlos RUIZ | FOKU)

David Cronenberg zuzendari eta gidoilari kanadarrak Donostia Sarietako bat jasoko du Zinemaldiaren 70. edizioan. Irailaren 21ean Victoria Eugenia Antzokian egingo da ohorezko saria emateko ekitaldia, eta, ondoren, ‘Crimes of the Future’ emango da, Viggo Mortensen, Léa Seydoux eta Kristen Stewart protagonista dituen film luze berria, Cannesko azken zinema-jaialdian parte hartu zuena.

Izugarrikeria biologikoaren, atmosfera aztoratzaileen eta unibertso pertsonal bezain transferiezinaren maisu, Cronenbergek hogei bat film luze zuzendu ditu, eta horien artean, nabarmentzekoak dira genero desberdinetako klasiko bihurtu diren obrak. Halaber, telebistarako lan ugari ere sortu ditu.

2004an, Zinemaldiak ‘Crash’ (1996) eman zuen ‘Incorrect@s’ atzerabegirakoaren esparruan, eta hiru urte geroago, Cronenbergek lehen aldiz bisitatu zuen Donostia, ‘Eastern Promises’ (2007) filmarekin Sail Ofiziala inauguratzera.

Piano-jotzaile baten eta idazle baten semea, David Cronenberg liburu eta komikiz inguratuta hazi zen, eta kultura eta zinemagatiko bere interesa areagotu zuen horrek. Autodidakta, bere lehen lanak film laburrak –‘Transfer’ (1966) eta ‘From the Drain’ (1967)– izan ziren, eta horien ondoren, lehen film luzeak zuzentzen hasi zen, esperimentalak denak, hala nola ‘Stereo’ (1969) eta ‘Crimes of the Future’ (1970); azken honen izenburuak bere azken filmaren izenburu bera zeraman. Lehen obra horietan jada ikusten ziren egilearen filmografian errepikatuko ziren gaiak: gaixotasuna, indarkeria, sexua, gorputza, esperimentazio zientifikoa...

Kultuzko filmen egile

Esperimentazio zientifikoaren gaiak, izan ere, oso presentzia handia izan zuen Cronenbergen obren lehen etapan; horren adibide dira ‘Shivers’ (1975), ‘Rabid’ (1977) eta ‘The Brood’ (1979) filmak. Enkargatutako filmak ere zuzendu zituen, hala nola ‘Fast Company’ (1979) auto-lasterketei buruzko filma, baina bi obrak ezarri zuten funtsa geroago genero-zinema erradikalenaren barruan lortuko zuen osperako: batetik, ‘Scanners’ (1981), botere mental hilgarriak dituzten pertsonen talde bati buruzkoa; eta bestetik, ‘Videodrome’ (1983), new flesh estetikaren gailurretako bat. ‘The Fly’ (1986) lanean intsektu bihurtzen den zientzialari baten istorio itogarria kontatu ondoren, Jeremy Irons izan zuen protagonista hurrengo bi filmetan: ‘Dead Ringers’ (1988), non aktoreak bi rol egin zituen (bi anaia ginekologo); eta ‘M. Butterfly’ (1993), operako diva misteriotsu baten eta 60ko hamarkadan Txinan bizi den diplomatiko frantses baten arteko harremana kontatzen diguna.

Halaber, Cronenbergek zenbait idazleren eleberrien zinema-moldaketak ere egin izan ditu, adibidez: Stephen King –‘The Dead Zone’ (1983)–; William Burroughs –‘The Naked Lunch’ (1991)–; eta J. G. Ballard –‘Crash’ (1996)–. ‘eXistenZ’ (1999) filmarekin errealitate birtualean murgildu eta ‘Spider’ (2002) lanean gaixotasun mentalaren infernuari begiratu ondoren, etapa berri bat inauguratu zuen zinemagile kanadiarrak bere filmografian genero fantastikoa apur bat alboratuz.

‘Crimes of the Future’ (2022) Viggo Mortensen aktorea duen Cronenbergen laugarren lana da. ‘A History of Violence’ (2005) intrigazko iragan batek markatutako gizon bati buruzko thrillerrean egin zuten lan lehenengoz bi artistek. Bigarren lankidetzan –‘Eastern Promises’ (2007)–, Londreseko mafia errusiarraren infernuan murgildu zen zinemagilea, eta hirugarrenean –‘A Dangerous Method’ (2011)– Mortensenek Sigmund Freuden rola egin zuen. ‘Crimes of the Future’ filmaren aurreko bi obrak hauek izan ziren: ‘Cosmopolis’ (2012), Don DeLilloren eleberriaren egokitzapena; eta ‘Maps to the Stars’ (2014), ospeari buruzko gogoeta garratz bat.

David Cronenbergek beste zinemagile batzuen filmetan ere lan egin izan du aktore gisa, tartean ‘Nightbreed’ (1990, Clive Barker), ‘To Die For’ (1995, Gus Van Sant), ‘Extreme Measures’ (1996, Michael Apted) eta ‘Falling’ (2020, Viggo Mortensen). Gainera, Kanadako Ordenarekin saritu dute, eta Frantziako Arte eta Letren Ordenako ofizial eta Ohorezko Legioko zaldun ere bada. 2014an bere lehen eleberria argitaratu zuen, ‘Consumed: A Novel’ izenekoa.