Martxelo Diaz
Aktualitateko erredaktorea / redactor de actualidad

Donostiako Metroaren lanak Kontxan «motel baina seguru» doazela nabarmendu du Arriolak

Donostiako Metroaren lanak «motel baina seguru» doaz Kontxa inguruan eta ez da espero gainkostu berririk izatea. Hori adierazi du Iñaki Arriola sailburuak Benta Berriko geltokian Lugaritz-Mirakontxa tartea amaituta dagoela iragartzeko ekitaldian.

Iñaki Arriola (erdian) Benta Berriko geltokira egindako bisitan.
Iñaki Arriola (erdian) Benta Berriko geltokira egindako bisitan. (Maialen ANDRES | FOKU)

Donostiako Metroaren lanak «motel baina seguru» doaz Kontxa inguruan eta 2025erak obrak amaitzea espero dutela nabarmendu du gaur Lakuako Gobernuko Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio sailburuak. Tarte honetan luiziak izan ziren eta lanak gelditu behar izan zituzten. Honekin batera, lanak espero bezala doazela eta ez dela gainkostu berririk espero gaineratu du.

Tunelari 200 metro falta zaizko Erdialdea-Kontxa delako geltokira heltzeko. «Sei metroko tarteetan egingo dugu aurrera. Injekzioak dituen lursaila da, eta faseka zulatzen ari gara, Itsaertzetako Zuzendaritzak eta Cedexek onartutako proiektuan zehaztuta dagoen bezala. Izan ere, bi erakunde horiek balioztatu dituzte hondeaketa eta euste metodoak», gaineratu du kontseilariak.

Benta Berriko geltokia izango denean egin ditu adierazpen hauek Arriolak. Lugaritz-Mirakontxa tartearen obrak amaitutzat eman dituzte Euskal Trenbide Sareak eta Lakuako Gobernuak. Gelditzen den bakarra trenbideak eta katenaria paratzea eta urbanizazioaren azken ukituak dira. Trenbideak eta katenaria Mirakontxa-Easo tartearekin batera jarriko dira.

10.000 metro koadro liberatuko dira Antiguan

Momentuz, Antigua auzoko herritarrei lanak egiteko okupatu dituzten 10.000 metro koadro itzuliko dizkietela nabarmendu du Arriolak. Hemendik aurrera sarbide berriek, igogailuak eta aireztapen putzuek izango duten sergurtasun hesia izango da eremu honetan egongo den okupazio bakarra Metroa zerbitzuan izan arte. Duela bi astetik, Snohetta norvegiar estudioaren markesina ikus daiteke kiroldegiaren alboan.

Lugaritz eta Mirakontxa arteko tarteak 2.140 metroko luzera du eta 83 metroko sakonerara heltzen da. Tarte honetan 166.000 metro kubiko lur atera dituzte.

Tarte honetan geltoki berri bakarra dago, gaurko ekitaldia egin duten Benta Berrikoa. Bertara heltzeko bi sarrera izango dira. Bata, Antiguako kiroldegiaren alboan, Bertsolari Xalbador kalean. Bigarrena, Benta Berri plazan bertan.

Bitartean, Eason egongo den geltokian, talde teknikoak enkofratuak eramateko orga muntatzen ari dira, behin betiko hormigoizko egiturazko estaldura gauzatzeko. Honekin batera, Loiolako eta Xabier Zubiriko sarbide kanoietako obrek aurrera jarraitzen dute eta hasi dira San Bartolome kaleko aireztapenarekin.

Easo kale inguruan egingo diren lanek 21.000 metro kuadroko azalera «liberatuko» dute, «hiriarentzako lehen mailako aukera urbanistikoak zabalduz». Anoeta geltokian sarbide berri bat egingo dutela eta Altza-Galtzaraborda bariantearekin (Antxoko biaduktoaren eraispena ekarriko duena) jarraituko dutela gaineratu du Arriolak.

Arriolak nabarmendu duenez, Metroaren lanak amaitzen direnean Gipuzkoak «mugikortasun eredu berri baten oinarriak izango ditu». C02 mailak jaitsiko direla eta deskarbonizazioan aurrera egingo dela gaineratu du.

AHTaren lotura Nafarroarekin

AHTaren «euskal Y» delakoak Nafarroarekin izango duen loturari buruz ere galdetu diote Arriolari. Hemendik gutxira Nafarroako Gobernuarekin eta Garraio Ministeritza espainiarrarekin bilera egingo dutela aurreratu du. Bertan, txosten teknikoetan aukerarik hoberena hautatuko dutela azaldu du.

Egun dauden bi aukeren artean (Gasteiztik edo Ezkiotik lotura egitea) Lakuarentzat zein den gustukoena galdetu diotenean, ez dutela ez bata ez bestearen alde egiten erantzun du. Administrazio guztientzat zein den egokiagoa txosten teknikoen arabera erabakiko dutela gaineratu du.