Arnaitz Gorriti

Eguraldiak Donibane Lohizuneko banderan Zumaiaren eta Lapurdiren garaipena erraztu du

Eguraldi petrala nagusi Donibane Lohizunen eta ETE Ligako bigarren dema «Telmo Deun» traineruak eraman du aurreneko txandatik. Ondorioz, ete Ligako sailkapen nagusian Hondarribia. Hibaika eta Deutu berdindita daude sailkapen nagusian. KAE2 Ligako aurreneko proban, aldiz, Lapurdik etxean irabazi du.

Zumaiako trainerua, garaile ETE Ligako bigarren estropadan.
Zumaiako trainerua, garaile ETE Ligako bigarren estropadan. (Bob EDME | MEDIABASK)

Eguraldia eta olatuak petraltzen direnean, traineru estropadek beste dimentsio bat hartzen dute. ETE Ligako bigarren estropada adibide ezin garbiagoa izan da, Donibane Lohizuneko uretan Zumaiako «Telmo Deunek» aspaldiko partez poz ederra hartu ahal izan baitu. Hernaniko banderan gertatu zen bezalatsu, aurreneko txandan ateratzea garaipenerako txartela eskuan izatea suposatu du ETE Ligako bigarren jardunaldi honetan ere.

Hiru luze eta bi ziaboga egin behar izan dituzte emakumeen traineru txapelketako «zilarrezko kategoria» honetan. Eguraldia, arratsaldeak aurrera egin ahala petraltzen joan da eta batik bat lehenengo ziabogatik bigarrenera bitarteko zatia erabakigarria izan da erabat, bigarren eta hirugarren txandetan aritu diren ontziek hantxe galdu baitute «Telmo Deunekiko» aldea, eta nahiz eta azken luzean aldea murriztea erdietsi, ezin izan diote estropadari buelta eman eta akaso asko espero ez zuen poza eraman ahal izan du Zumaiako traineruak.

«Gaur behintzat itxuran egin dugu arraunean!», adierazi du Zaumaiako delegatu Juan Mari Goikoetxeak. «Emaitza honek koadrillari poz handia emango dio, dudarik gabe, eta lanean gogotsu jarraitzeko gauza oso izango da», onartu du, pozarren.

Eguraldiak eguraldi. Zumaiak bere betebeharra fin asko bete du aurreneko txandan, Castro eta Portugalete, itxura baten ETE Ligako ontzirik ahulenak, hasieratik atzean lagata. Hurrengo txandetan zer jazoko zen ideia handirik izan ez arren, zumaiarrek gauzak txukun egin dituzte eta 12 minutuz behetik utzi dute beren denbora, ez dela marka txarra itsasoa petral jarritako testuinguru baten.

Alabaina, inork gutxik esperoko zuen aurreneko txandatik aterako zenik garailea, batez ere Hondarribia, Hibaika eta Deustuk hirugarren txandari ekin diotenean. Aurreneko luzearen ostean hiru traineruek Zuamaik baino denbora hobea egin dute, baina bigarren luze berezi horretan, guztiak ere «Telmo Deunengandik» oso aparte geratu dira, eta hori gutxi ez eta, Hondarribiak alde dezente galdu du beste bi ontziekiko.

Buelta ezin eman izan diote azken luzean ohorezko txandako traineruek ere, baina lehia oso polita izan dute Hibaika eta Deustuko «Tomatera»  bigarren postu horren bila. Azkenean, gipuzkoarrak nagusitu dira eta bertan izan dute ETE Ligako sailkapen nagusiko bruzagitza.

Izan ere, Hondarribia, Hibaika eta Deustuk sailkapen nagusian 15na punturekin berdinean amaitu dute. Dena den, bi jardunaldiren ostean «Ama Guadalupekoak» aurretik jarraitzen du aurreneko jardunaldiko garaipenari esker.

Hala ere, igande eguerdiko Zumaiako V. Ikurrinak gauzak aldatuko ditu, hiru ontzi hauen arteko desenpatea hautsiko baitu. Bestalde, Zumaiako traineruak etxean inoiz baino gogotsuago egingo du arraunean, Donibane Lohizuneko haraipena eta gero.

ETE Liga - Donibane Lohizune Ziburu V. Ikurrina

1- Zumaia 11:50.36

2- Hibaika 11:54.79

3- Deustu 11:57.75

4- Hondarribia 12:02.76

5- Ondarroa 12:03.05

6- Zarautz 12:12.39

7- Hernani 12:14.62

8- Castreña 13:10.40

9- Portugalete 13:24.73

ETE Liga - Sailkapen Nagusia

1- Hondarribia    15 puntu       

2- Hibaika      15 p.

3- Deustu    15 p.

4- Zumaia      12 p.

5- Ondarroa     11 p.

6- Zarautz      8 p.

7- Hernani      8 p.

8- Castro      4 p.

9- Portugalete     2 p.

Lapurdi, etxean profeta

KAE2 Ligako aurreneko estropada, bestalde, Lapurdiko traineruarentzat izan da. Pasa den urtean maila galdu oistean, traineru lapurtarrak berriz ere gorantz begiratzeko gogoa izango du eta, egiari zor, neker aurkituko du modu hoberik garaipenarekin hasita baino.

Eguraldi petrala, emakumeen estropadan gertatu den legez, KAE2 Ligako estropadan ere nagusi izan da. Pentsa, denbora onena egiteko 22 minututik gora behar izan ditu etxeko traineruak eta bigarren sailkatu den Mutrikuri bost trainerutik gorako aldea atera dio gainera.

Sei luze eta bost ziabogako proba izateak zerikusi handia izan du, zalantzarik gabe, azken emaitzan. Hala, lapurtarrek, bigarren txandatik, bigarren luzeaz geroztik nahi izan duen moduan eraman du bere lana, olatuak eta haizea gorabehera. Mutrikuk hirugarren txandan hartu du parte eta, ondorioz, erreferentzia guztiak eskura izan ditu, baina ezin izan du Lapurdiren denborarik onenbera hurbildu ere egin eta bigarren postuarekin konformatu behar izan du, hirugarrena –sailkapen nagusia ere horrela geratu da, noski– Portugaleteko «Jarrillera»rentzat izan den bitartean.

KAE2 - Donibane Lohizune Ziburu XXX. Ikurrina eta Sailkapen Nagusia

1- Lapurdi    22:03.85 (12 puntu)       

2- Mutriku      22:19.27 (11 p.)

3- Portugalete      22:33.76 (10 p.)

4- Astillero      22:52.64 (9 p.)

5- Hibaika      22:56.95 (8 p.)    

6- Donostiarra      23.39.98 (7 p.)    

7- Santoña      24:03.98 (6 p.)    

8- Castro      24:23.93 (5 p.)    

9- Trintxerpe     25:25.33 (4 p.)