Aitor Agirrezabal
Aktualitateko erredaktorea / redactor de actualidad

Enrique Mayaren udal eredu «jauntxo, arrazista eta antidemokratikoa» salatu dute

EH11Kolorek eta SOS Arrazakeriak agerraldia egin dute Iruñean, Udalak sanferminetan etorkinen kolektiboak Antoniuttiko jaigunetik kanporatzeko hartutako erabakiaren ostean. «Migratzaileak Iruñeko nortasun kolektibotik kanporatzeko nahia adierazten du», nabarmendu dute.

EH11Kolorek eta SOS Arrazakeriak agerraldia egin dute Iruñean.
EH11Kolorek eta SOS Arrazakeriak agerraldia egin dute Iruñean. (NAIZ)

Etorkinak biltzen dituzten talde kulturanitzak Trinitarios eremura eraman nahi zituen Iruñeko Udalak, jaigunetik urrun, eta hori dela eta sanferminetan ekimenak antolatzeari uko egingo diote. Gaur, nafar hiriburuko udaletxearen aurrean egindako agerraldian, EH11Kolorek eta SOS Arrazakeriak Enrique Mayaren (Navarra Suma) neurri hau salatu dute.

«Etorkinen kolektiboak eta haien ekarpen kultural autogestionatua sanferminetako jai eremutik kanporatzeak migratzaileak Iruñeko nortasun kolektibotik kanporatzeko nahia adierazten du eta, ondorioz, hiri honi aurrera eta eboluzionatzen duten sanferminik gabe uztea dakar», adierazi du EH11Kolore kolektiboko Amaia Alonsok.

Horren aurrean, «berdinen arteko jaiak» defendatu ditu. «Dekretuz eta kontsultarik gabe, kultur aniztasunaren komunitateek kulturen kalejiran egiten dituzten dantzetara mugatzeak folkolorera murrizten ditu gure hiriko migratzaileen aitorpen, errespetu eta aukera berdintasunerako eskubideak», gehitu du Alonsok.

SOS Arrazismoko Flavia Navarretek, era berean, urtarrilean Mayak egin zituen adierazpen arrazistak ekarri ditu gogora. «Ez ziren unean uneko adierazpenak. Egungo Udalaren eta bertako alkatearen kultura aniztasuna kudeatzeko eredu zehatz baten parte baizik», azpimarratu du.

Etorkinen Elkarteen Federazioa (FAIN), Alpargatika elkartea, Morenada Los Andes, Renacer Andino, Refugiados en Accion edo ADES bezalako taldeak, aurreko urteotan, Antoniuttin egon ziren eta aurten ere hor egon nahi zuten, baina Udalak hirigunetik urrun bidali nahi izan ditu. «Marjinetara bultzatuz, beren ustez zentroa betikoentzat delako, udal arduradun batek migratzaileei esan dien bezala, adierazpen horrek laburbiltzen du erakundeetan dagoen egiturazko arrazakeria», arbuiatu du Navarretek.

Erabaki hau «arrazista» dela iritzi dute. «Parte hartzeko eta elkarbizitzarako guneetatik kanpo uzten gaitu, gizarteak hainbeste balioesten dituen egun batzuetan, sanferminetan». Honela, uzten zaien espazio bakarra kalejira bat dela nabarmendu du Navarretek. «Modu positiboan» baloratu du kalejira hau, baina «ez dela nahikoa» nabarmendu. «Ez da oinarritzen herritartasun anitzaren eta eskubide guztiak dituen herritartasunaren aitortzan».

Arazoa ez dela jai eremura mugatzen ere ekarri du gogora eta Udal honen politikek «erroldatzeko eta etxebizitza eskuratzeko diskriminazioa», Poliziaren «identitate kontrol arrazistetak», Atzerritartasun Brigadaren «tranpa hitzorduak» edo saltzaile ibiltarien «jazarpena» ere aipatu ditu. «Arrazakeria instituzionalizatu horrek ez du eteneik, eta Udal hau bezalako erakundeek ez dute horren gaineko erantzunkizunik hartzen edo, batzuetan, beren bandera bihurtzen dute», gehitu du.

Zentzu horretan, Alonsok etorkinen kolektiboak aurreko legealdian «errespetu, inklusio eta ahalduntzearen inguruan eskuratutako lorpenei beste eraso bat» bezala definitu du Antoniuttiko gunetik kanporatzea.

Honen aurrean, uztailaren 10ean, Herri Sanferminak elkarteak eta hainbat jai eragilek deitutako kalejiran parte hartuko dute.