Asier Robles

LGTBI+ mugimenduak kaleak hartu ditu transfobiaren aurkako borroka indartuz

LGTBI+ Harrotasun Nazioarteko Egunak jarraipen handia izan du Euskal Herriko kaleetan. Transfobiaren aurrean posizioa hartzeko dei egin diote gizarteari eta erakunde publikoen «instrumentalizazioa eta merkantilizazioa» salatu dute.

1969ko ekainaren 28ko egunsentian, New Yorkeko Greenwich Village auzoan zegoen Stonewall Inn izeneko pubean, gay, trans eta lesbiana talde batek LGTBI komunitatearen aurkako polizia-sarekada bati aurre egin zion. Horrek bat-bateko mobilizazio ugari eragin zituen hiri osoan zehar hurrengo egunetan. 53 urte geroago eta Estatu Batuetatik milaka kilometrora, milaka pertsonak LGTBI mugimendua askoz indartsuago dagoela ikusi da gaur Euskal Herriko kaleetan.

Aurreko urteetan bezala, milaka pertsona hainbat hirietan deitutako mobilizazioetan parte hartu dute Stonewalleko gertakariak gogoratzeko eta LGTBI harrotasunaren adierazteko. «Harrotasuna borroka da. Zapaltzen gaituen sistemaren aurrean antolakuntza, borroka eta matxinada; Stonwallen egin bezala, zisheteronormak sortzen dituen bortizkerien aurrean erantzun kolektiboa emango dugu», aldarrikatu dute Gasteizko Andra Mari Zuriaren plazan bukatutako manifestazioan.

Hiriburuetako manifestazioak izan dira jendetsuenak, Bilbokoa bereziki. ‘Transfobiaren aurrean tinko! Basta de complicidad, ¡Posicionate!’ leloa izan du Bizkaiko E28 Koordinadorak bertan deitutako mobilizazioa. 19.30ean irten da Jesusen Bihotzetik, eta giro alai eta aldarrikatzailearekin Kale Nagusia zeharkatu du.

Manifestazioan jende gazte asko ikusi ahal izan da bandera eta kartelekin eta honako lelo hauek oihukatzen: «Transfobiaren aurrean jo eta ke», «Harrotasuna ez dago salgai», «Sin las trans no hay orgullo, sin las trans no hay feminismo», «Más bolleras, menos fronteras» edo «Erasorik ez erantzunik gabe», besteak beste. 1969an New Yorken izandako gertakariak ere gogoratu dituzte ‘Stonewall mugarri. Kaleetan Harro! la lucha sigue’ leloa zeukan pankarta batekin.

Manifestazioko lelo nagusian argi utzi duten bezala, aurtengo LGTBI+ Askapenerako Nazioarteko Egunean mezu irmoa zabaldu nahi izan du Bizkaiko E28 Koordinadorak. Izan ere, mugimendu feministei, ezkertiarrei eta orokorrean biztanleria osoari dei egin diete, «transfobia eta transmisoginia bazterreko kontu gisa tratatzeari utz diezaioten eta posizionatu daitezen».

«Aurten, bai instituzio eta alderdi politikoen aldetik, bai diskurtso publikoaren aldetik, bizi dugun transfobia orokortuan, gorroto-diskurtsoaren aurka eta trans-askapenaren alde egitea ezinbestekotzat jotzen dugu», nabarmendu dute.

Iruñeko manifestazioan, ‘Transmaribibolloak tinko! Heteropatriarkatuari sua’ lelopean, «Ultraeskuinaren eta faxismoaren gorakada kezkagarriaz» ere ohartarazi dute. Eta irmoak izan dira: «Ez gara horren aurrean kikiltzen. Borroka transbollomarikoak kaleetan jarraitzen duela eta gerra ematen jarraituko dugula». Baluarte plazan hasi, eta Udaletxean bukatu da manifestazioa, non Udal Gobernuaren politikak salatu dituzten.

Ildo horretatik mintzatu dira Gasteizko manifestazioan: «Transfobiaren gorakada izugarria da. Diskurtso transfobiko zein erasoak areagotu diren egunotan berriz ere errepikatuko dugu: Ez dugu baimenik eskatuko, ez gara ezkutatuko. Gure gorputz eta identitateek ez dute inoren tutelarik behar, Zisterma transgreditzen jarraituko dugu, trans autodeterminazioan sakontzen eta erasoen aurrean antolatzen eta erantzuten».

Jendetza Gasteizko kaleetan.
Jendetza Gasteizko kaleetan. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)
Milaka lagun bildu dira Bilbon.
Milaka lagun bildu dira Bilbon. (Marisol RAMIREZ | FOKU)
Erakundeen «instrumentalizazioa eta merkantilizazioa» salatu dute.
Erakundeen «instrumentalizazioa eta merkantilizazioa» salatu dute. (Marisol RAMIREZ | FOKU)
Gazteak ortzadarraren banderarekin.
Gazteak ortzadarraren banderarekin. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)
Kartelak Bilboko manifestazioan.
Kartelak Bilboko manifestazioan. (Marisol RAMIREZ | FOKU)
Arabako herrietan ere, harro.
Arabako herrietan ere, harro. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)
Gazte bat Gasteizko manifestazioan.
Gazte bat Gasteizko manifestazioan. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)
Gasteizko manifestazioaren argazkia.
Gasteizko manifestazioaren argazkia. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Merkantilizazioaren kontra

Amaitzeko, erakunde publikoek beste urte batez antolaturiko ‘Bilbao Bizkaia Harro’ kanpainaren aurka gogor jo dute, LGTBI harrotasunaren inguruan egiten duten «instrumentalizazioa eta merkantilizazioa» salatuz.

«Pandemiak eragindako beherakada turistiko eta jarduera ezaren ondoren, gozamen burgeserako sortu dituzten festa eta ekitaldi despolitizatu zein desklasatuekin bueltatu dira, LGTB pertsonen benetako beharrak asetzera bideratuta ez dauden baliabideak xahutuz. Aurten, gainera, bueltan dira haien gayfriendly turismo-eredua Bizkaiko beste hainbat herritara zabalduz, hala nola Santurtzi eta Lekeitiora, non bertako herri eta LGTB mugimenduek ohartarazi dieten ez direla ongi etorriak. Hala, trepa merkantilista hauek berriz salatu nahi ditugu, eta Harrotasunaren izaera herrikoia eta antikapitalista aldarrikatu, lehen Harrotasuna matxinada bat izan baitzen!», aldarrikatu dute.