NAIZ

Nogaye Lo Malostera bueltan da, Lointek Gernikaren «lehentasunezko fitxaketa» gisa

Nogaye Lo pibota Lointek Gernikara itzuliko da azken urtean Perfumerias Avenida taldearen elastikoa defendatu ostean. Arazo fisikoek ez diot jarraikortasun handirik izaten utzi eta «oso maitatua» den lekura itzuliko da datorren sasoian jokatzeko. 2019tik 2021. urtera arte Malosten jokatutakoa da.

Nogaye Lo, 2019an Lointek Gernikako elastikoarekin.
Nogaye Lo, 2019an Lointek Gernikako elastikoarekin. (Juanan RUIZ | FOKU)

Nogaye Lo pibot mallorkarra Lointek Gernikara itzuli da. Azken denboraldia Perfumerias Avenida taldean eman du baina arazo fisikoak tarteko, ez du jarraikortasun handirik izan. Hala, Malosten egin zituen bi denboraldietan erakutsitako maila berreskuratu nahiean, Gernikara itzuliko da.

Klub bizkaitarrak adierazi duenez, Nogaye Loren fitxaketa «lehentasunezkoa» zen eta beraz, «pozik» daudela azaleratu dute komunikatu batean. Klubak egiten duen hirugarren fitxaketa da –Sandra Ygueravide eta Laura Spreaficoren ondoren– eta Ariztimuño, Buch, Alberdi eta Meskonyteren berrikuntzen ondotik, Lointek Gernikak jada zazpi jokalari ditu hurrengo denboraldira begira.

Aipatu legez, Nogaye Lo Gernikan aritu zen 2019. urtetik 2021. urtera, Perfumerias Avenida talde txapeldunarekin fitxatu aurretik. «Gure publikoak asko maite duen jokalaria da eta oso ondo ezagutzen du klubaren funtzionatzeko modua, hala nola aldagela eta jokatzeko modua ere».

Azken denboraldian, Salamancako taldean egin duen bataz bestekoa 3,9 puntu eta 2,3 errebotekoa da, 10 minutuan. Arazo fisikoek ez diote jarraikortasunik eman eta Lointek Gernikak ondo adierazi duen moduan, «bere bertsiorik onena berreskuratzea nahi dugu».