Idoia Eraso

Gaur abiatu den brebeta azterketa euskaraz egingo duten ikasleei frantsesez zuzenduko zaie

Azterketak euskaraz egin ahal izateko mobilizazio ugariek ez dute emaitzarik lortu, eta ostegun honetan hasi den brebeta euskaraz egingo duten ikasleei frantsesez zuzenduko zaie. Euskal Elkargoaren laguntzarekin zuzenketa ez ofiziala izanen da. Elkarretaratzeak egin dira Seaskako kolegioetan.

Brebeta euskaraz Kanbo (Xalbador kolegioa)
Brebeta euskaraz Kanbo (Xalbador kolegioa) (Bob EDME)

Ostegun eta ostiral honetan egingo dute Ipar Euskal Herriko kolegioetako azken urteko ikasleek brebeta. Azterketa euskaraz egin ahal izateko mobilizazioak ugariak izan dira, baina Ikuskaritza Akademikoak beti ezezkoa eman du. Hala ere, Seaskako ia ikasle guztiek zientzien ikasgaiko azterketa euskaraz egingo dute, frantsesez zuzenduko bazaie ere. Horren parean, zuzenketa ez ofiziala eginen da Euskal Elkargoak eskura utzitako espazioan. Ikastolen Federazioko kolegioen aitzinean ikasle, irakasle eta burasoak protesta egiteko elkartu dira ekainaren 30 honetan, eta heldu den egunetarako hitzordu anitz aurreikusiak dira.

Biharamunean, uztailaren 1ean, brebeta azterketaren bukaerarekin bat eginez, Manex Erdozaintzi Etxart kolegioko ikasle eta burasoak Donibane Garaziko Zitadela ikastetxearen aitzinean bilduko dira 16.00etan.

Uztailaren 5ean, Seaskako lau kolegioetako 250 ikasle inguruk egindako zientzietako azterketak Euskal Elkargoak horretarako utzi duen Kontserbatorioan zuzenduko dituzte.

Egun berean, 9.00etatik goiti elkarretaratzeak izanen dira brebetak zuzentzen diren zentroen aitzinean. 11.30ean Zitadelako zuzentzaile ofizialak karrikara aterako dira, zientzietako euskarazko azterketak zuzentzea debekatzen zaiela salatzeko.

Uztailaren 12an, euskaraz zuzendutako zientzietako azterketen «egiazko» notak banatuko dituzte, ofizialki frantsesez zuzenduak izan direnekin bat eginen ez dutenak.

Mobilizazio ugari

Azken urteotan azterketa ofizialak, hau da brebeta eta baxoa (selektibitatearen parekoa Estatu frantsesean), euskaraz egin ahal izatea aldarrikatzeko mobilizazio jendetsu eta entzutetsu ugari egin dira.

Horien arteko azkenak oihartzun eta eragin berezia izan du. Ikasle, irakasle eta burasoek Baionako Ikuskaritza Akademikoa okupatu zuten lau egunez, baina Bordeleko errektoreak ezezkoa eman zuen.

Lizeoaren bukaeran baxoa egiten zuten ikasleek filosofia ikasgaiko azterketa pasatzen zuten egunarekin bat eginez, ekainaren 15ean Bernart Etxepare lizeoko eta lau kolegioetako ordezkariek Estatu frantseseko Hezkuntza Nazionalaren egoitza okupatu zuten, eta Polizia beraien kontra oldartu zen, baina ez zuten eraikina utzi.

Ekintza horrek ez zuen ez Bordeleko Errektoretzak ezta Pariseko Hezkuntza Ministerioak inolako erantzunik ematea lortu. Aldiz, egoerari irtenbidea eman nahian Euskal Elkargoak engaiamendua hartu zuen azterketaren zuzenketa bermatzeko.

Ipar Euskal Herria osotasunean biltzen duen erakundeak bere gain hartuko du Seaskako ikasleek euskaraz egindako azterketen zuzenketa bermatzeko ardura. Kopien zuzenketa irakasle euskaldunei egokituko zaie, eta horrendako Hezkuntza arduradunek jarraitzen duten prozedura bera errespetatuko dute.

Baxoari dagokionez, inspektorearen ezezkoaren aurrean azterketa eginen duten ikasleei ahozko proba euskaraz egiteko eskubidea bermatzeko xedearekin Seaskak helegitea aurkeztu zuen. Paueko Administrazio Auzitegian presazko auzian maiatzaren 23an aztertu zen gaia, eta erantzuna ezezkoa izan zen.

Irakasleen mobilizazioa

Bestalde, Seaskako zenbait irakasleek azterketak euskaraz egiteko eskubidea aldarrikatzeko desobedientzia ekimena gauzatuko dute eta brebeta zuzentzeari uko eginen diote.

Seaskako hogeitik gora irakasle deituak dira brebetaren zuzenketa prozesuan parte hartzera. Ikasleek euskaraz idatziko dituzten zientzietako azterketak ez badira zuzenduak izaten, aurten ere beraiek frantsesez idatzitako azterketak zuzentzeari uko egiteko prest daude.