Aitor Agirrezabal
Aktualitateko erredaktorea / redactor de actualidad

Uztailaren 8a lehen aldiz elkarrekin antolatuko dute SF78 gogoanek eta Iruñeko peñek

Uztailaren 8a data seinalatua da sanferminetan. Aurten 44 urte beteko dira espainiar Poliziak German Rodriguez hil zuenetik eta, lehen aldiz, SF gogoan plataformak eta Iruñeko peñek elkarrekin deitu dituzte egun horretako ekimenak.

SF Gogoan eta Iruñeko Peñak, elkarrekin uztailaren 8an.
SF Gogoan eta Iruñeko Peñak, elkarrekin uztailaren 8an. (Iñigo URIZ | FOKU)

«Aurten, lehendabiziko aldiz, eta interes sozialeko gaitzat jotzen dugunez, uztailaren 8 egunari dagozkion jarduera guztiak elkarrekin antolatuko ditugu», iragarri dute Iruñean Peñen Federazioak eta SF78 gogoan plataformak.

Sanferminetako hitzorduetako bat izaten da uztailaren 8koa. Egun horretan, 1978an, espainiar Poliziak tiroz hil zuen German Rodriguez, zezen plazan amnistiaren aldeko pankarta bat zabaldu zela aitzakia hartuta sortutako istiluetan.

Plataformako Presen Zubillagak eta Peñen Federazioko Aitor Garjonek eman dute aurtengo deialdiaren berri. Ohi bezala, 13.00ean, Orreaga kaleko oroigarriaren alboan omenaldia egingo diote. Arratsaldean, aldiz, zezenketetan minutuko isilaldia izanen da eta, ondoren, peñak, pankartak bildurik eta isiltasunean gerturatuko dira oroigarriraino.

Duela 15 egun Julieta Bandirali abokatu argentinarrak egindako bisita ere ekarri dute gogora. «Hemen egon den bitartean, zenbait erakundenderekin elkarrizketatu da, zuzen zuzenean informazioa emateko kereilaren egoeraz eta Martin Villaren inputazio kriminalaz, hura baita 1978ko sanferminetan pairatutako basakeria polizialaren erantzule politiko nagusia», adierazi du Zubillagak. Egia, justizia eta ordaina lortzeko ahelginen «premia» nabarmendu zien abokatuak.

Bruselan «Estatu espainarreko memoria historikoaren politikak oinarri duen inpunitate erregimena» ere salatu berri dute. «Zer lotsa ematen duen Estatu krimenen biktimek, 1978ko sanferminetakoek edo Gasteizko martxoaren 3koek milaka kilometro egin behar izana egia, justizia eta ordaina lortzeko eskakizunak aintzat hartuak izan daitezen».

Eta hori lortu arte, «lanean eta mobilizatzen» segitzeko konpromisoa hartu dute.