NAIZ

527 lagun ospitaleratu daude covidaren ondorioz EAEn, eta 22 hil dira azken astean

Lakuak argitaratutako datuen arabera, 527 pertsona ospitaleratu daude koronabirusarekin, 23 ZIUetan. Gainera 22 lagun hil dira azken astean covidaren ondorioz. Egoerak okerrera egin duela erakusten dute datuek, eta Lakuak zuhurtzia mantentzeko deia egin du.

Gurutzetako Ospitaleko covid-19 gaixoak artatzeko ZIU gelak. (Marisol RAMIREZ/FOKU).
Gurutzetako Ospitaleko covid-19 gaixoak artatzeko ZIU gelak. (Marisol RAMIREZ/FOKU).

Gasteizko Gobernuak astelehen honetan argitaratu duen txostaren arabera, 527 pertsona daude EAEko ospitaletan covidarekin. Haietatik 23 ZIUetan daude. Joan den astean 422 lagun zeuden ospitaleratuak, 12 larri. Azken hauen kopurua biderkatu da, beraz. Hildakoei dagokionez, azken astean 22 pertsona hil dira coviaren ondorioz, eguneko hiru baino gehiago. Aurrekoan 30 hil ziren.

Datuek argi uzten dute pandemiaren joerak okerrera egin duela, zazpigarren olatua askoren ahotan den une honetan. Izan ere, pasa den astean 7.882 kasu baieztatu dituzte Osakidetzan, 2.339 gehiago aurreko asteko txostenarekin konparatuz.

60 urtez gorakoen artean ere egoerak okerrera egin du. 5.072 kasu antzeman dira, 1.533 gehiago. 14 eguneko intzidentziari metatuari dagokionez, 1.249,66 kasukoa da. Aurreko astean 898,17 kasukoa zen.

Zuhurtzia mantentzeko deia

Egoera honi aurre egiteko, Osasun Sailak zuhurtzia mantentzeko deia egin dei herritarrei. «Uda-garaian interakzio sozial gehiago izaten da, eta horrek areagotu egiten du covid-19a kutsatzeko arriskua. Eta azken asteotan gora egin du Euskadin diagnostikatutako kasuen eta covid-19agatik ospitaleratutakoen kopuruak», nabarmendu du.

«Horregatik, Osasun Sailak zuhurtzia mantentzeko deia helarazten du, bereziki pertsona kalteberen kasuan –60 urtetik gorakoak, immunodepresioa eragiten duten gaixotasunak dituzten pertsonak eta haurdun dauden emakumeak–, eta gomendatutako prebentzio-neurriak hartzea, hau da, jende asko dagoen lekuetan maskara janztea, eskuak sarri garbitzea, gaizki aireberritutako leku itxiak saihestea eta gaixotasun larri horretatik babesteko txertoaren pauta osoa izatea», adierazi du ohar batean.

«Era berean, helburua birusaren zirkulazioa mugatzea denez, garrantzizkoa da covidarekin bateragarriak diren sintomak dituzten edo emaitza diagnostiko positiboa duten pertsonek egungo gomendioak jarraitzea eta maskara beti erabiltzea beste pertsona batzuekin daudenean, interakzio sozialak mugatzea eta pertsona kalteberekin kontakturik ez izatea», gaineratu du.