Idoia Eraso

Abortua oinarrizko eskubide gisa defendatzeko elkarretaratzea egin dute Baionan

Ameriketako Estatu Batuetan abortuaren kontra hartu den erabakiaren ondoren, Estatu frantsesean ere arriskua egon daitekeela eta eskubide hori defendatzea, eta haren alde borrokatzea ezinbestekoa dela aldarrikatu dute astelehen honetan Baionan egin duten elkarretaratzean.

Baionako herriko etxearen atarian egin dute abortatzeko eskubidearen aldeko elkarretaratzea.
Baionako herriko etxearen atarian egin dute abortatzeko eskubidearen aldeko elkarretaratzea. (Guillaume FAUVEAU)

‘Nire gorputza, nire eskubidea, eta kitto’ zioen pankartaren atzean hamarka pertsona elkartu dira Baionako herriko etxearen aitzinean astelehen honetan. AEBetan abortuaren kontra izan den erabakiak kezka sortu du, eta Estatu frantsesean ere borrokatzen jarraitzea derrigorrezkoa dela baieztatu dute.

Abortu eskubidea Konstituzioan ezartzearen aldeko mugimendua sortu da. Abortuaren, kontrazepzioaren eta hezkuntzaren aldeko lan egiten duen Planning Familial mugimendu feminista da erreferentea borroka horretan, eta eragile ezberdinekin bat egin du astelehen honetako mobilizazioan.

‘Uterorik ez, iritzirik ez’ bezalako leloak ikusi dira bertara hurbildutako pertsonen artean. «Abortu eskubidea, funtsezko eskubidea!». aldarrikatu dute bertan presente zeuden EHBai koalizio abertzaleko kideek.

Uztailaren 4a estatubatuarren jaiegun nazionala dela eta, bertako Auzitegi Gorenak abortatzeko eskubidearen babesa baliogabetu duela gogora ekarri dute Lapurdiko hiriburuan.

Abortu eskubidea

1973tik zegoen indarrean AEBn abortatzeko eskubidea, Estatu frantsesean 1975etik goiti, eta 1985ean Estatu espainiarrean, geroztik baldintzetan aldaketak izan badira ere.

AEBko Auzitegi Gorenak hartu erabakiaren biharamunean jada bederatzi Estatuk hartu zuten debekurako bidea, orain borroka estatuz estatu eramaten ari dira.  

Estatu frantseseko lehen ministro Elisabeth Bornek mundu mailan izaten ari den atzerabidea salatu du, eta eskubidea Konstituzioan ezartzeaz gain, Europar Batasuneko Oinarrizko Eskubideen Kartan ezartzearen alde agertu da.