Iraide Ibarrondo

Baxoko azterketak itzul ditzatela exijitu die Ehun mugimenduak kontsul frantziarrei

Ehun mugimenduko kide diren hainbat irakasle Estatu frantsesak Bilbon eta Iruñean dituen kontsulatuetara joan dira kontsul frantziarrei brebet eta baxoko azterketak itzul ditzatela eskatzeko. Azterketa horiek beraiek zuzentzeko prest daudela iragarri dute.

Ehun Euskal Errepublikaren aldeko mugimenduak deituta, hamarnaka irakasle batu dira astearte goiz honetan Bilbo eta Iruñeko frantziar kontsulatuen egoitzetan Gobernu frantsesari brebet eta baxoko (selektibitatearen parekidea) azterketak itzul ditzatela exijitzeko. Ehunen aburuz, Estatu frantsesak euskaraz egindako azterketak «bahitu» egin ditu, «irakasle euskaldunen esku eror ez daitezen eta, ondorioz, zuzendu ez ditzaten». Hori horrela, Euskal Herrian egindako azterketak Euskal Herrian zuzendu daitezela aldarrikatu dute bertaratutako irakasleek, eta beraien burua eskaini dute horiek zuzentzeko boluntario gisa.

 

Bilbon, irakasleei kontsulatuko interfonotik jakinarazi diete ez zietela barrura sartzen utziko. Alabaina, Pap Ndiayeri, frantziar Hezkuntza ministroari, zuzendutako eskutitz bat jaso dute kontsulatuan, non Ehunek bere aldarrikapenak idatziz azaldu dituen. «Gutun bat eman diegu baina ez dugu erantzunik jaso. Esan digute kontuan izango dutela, baina ez digute kontsulatura sartzen utzi eta hor gelditu da kontua», kritikatu du Aitor Garagarzak, Ehuneko kideak eta EHUko Hezkuntza fakultateko irakasleak.

«Gaur hemen jaso dugun erantzuna normalean frantziar zein espainiar estatuetatik jasotzen dugun tratua da. Beti ixten dizkigute ateak», erantsi du Garagarzak. Testuinguru honetan, Ehunek egun bateko epea eman dio frantziar Estatuari azterketak itzul ditzan eta, gainera, emandako gutunean azaldu dio noiz eta nola jasoko lituzkeen brebet eta baxoko frogak.

Iruñean, ostera, Ehuneko kideek kontsulatu barrura sartzea lortu dute, hitzordua eskatuta zuten-eta. Hala ere, kontsula ez zegoen eraikinean eta, ondorioz, haren idazkariarekin mintzatu dira. Ehunetik kontatu dutenez, idazkariak eskutitza jaso eta frantziar Hezkuntza ministroari helarazioko diola esan du. 

Hizkuntza eskubideak, «urratuta»

Ehun mugimenduak ohartarazi du Euskal Errepublika bat ez dagoen bitartean hizkuntza eskubideek «urratuta» jarraituko dutela: «Badakigu ez Frantzian eta ezta Espainian ere ez direla inoiz guztion hizkuntza eskubideak onartuko. Eta konstatazio horretatik abiatuta, uste dugu hizkuntza eskubideen aldeko borroka ezin dela Euskal Errepublikaren aldarritik bereizita ulertu».

Ildo honetatik, Garagarzak gehitu du Euskal Errepublikak baino ezingo duela bermatu «guztion eskubide linguistikoak bermatuko» dituen hezkuntza sistema «burujabe» bat.

Mobilizazioak

Azterketen afera dela eta, hainbat mobilizazio egin dituzte Euskal Herrian zehar Ehunen ekimenetik at. Astearte honetan bertan, Seaskako lau kolegioetako 250 ikasle inguruk egindako zientzietako azterketen kopiak Euskal Elkargoak horretarako utzi duen Kontserbatorioan zuzendu dituzte.

Era berean, 9.00etatik aurrera elkarretaratzeak burutu dituzte brebetak zuzentzen ibili diren zentroen sarreretan. 11.30ean Zitadelako zuzentzaile ofizialak kalera irten dira, zientzietako euskarazko azterketak zuzentzea debekatzen zaiela salatzeko.

Uztailaren 12an, asteartean, euskaraz zuzendutako zientzietako azterketen «egiazko» notak banatuko dituzte, ofizialki frantsesez zuzenduak izan direnekin bat eginen ez dutenak.