Maddi Txintxurreta
Aktualitateko erredaktorea / redactora de actualidad

Nola zabaldu euskal nortasuna «Super 1»-en belaunalditik «Twitch» erabiltzen duten gazteengana

Belaunaldi berriengan euskal nortasunak iraungo badu, ez da inertziei esker izango, Donostian honen inguruan aridu diren Beñat Hach Embarek, Eneko Axpe eta Oihana Zamponi-Galeren iritziz. Asko dago egiteko: ziberespazioa irabazi, tradizioak berritu, mundura ireki...

Axpe, Hach, Iñaki Goirizelaia moderatzaile lanetan eta Zamponi-Gale, Donostiako Miramar Jauregian.
Axpe, Hach, Iñaki Goirizelaia moderatzaile lanetan eta Zamponi-Gale, Donostiako Miramar Jauregian. (NAIZ)

Italiatik trikitixa etorri zenean eskuak burura eraman zituen Euskal Herriak, 'Ez Dok Amairu'k gitarra hartu zuenean ere bai –espainolak!– eta zer esan punk-a iritsi zenean. Rap-a ala trap-a, euskaldun garbizalearen krak-a.

Beñat Hach Embare Bertsolari aldizkariko koordinatzaile goierritarrak aipatu ditu adibideok Donostiako Udako Ikastaroen baitan, esateko, finean, euskaldunak «itxiak» direla. Eneko Axpe NASAn lanean ibilitako barakaldarra eta Oihana Zamponi-Gale Eusko Ikaskuntzako Ipar Euskal Herriko komunikazio-arduraduna izan ditu aldamenean. Gazteak hirurak eta, beraz, talaia horretatik hausnartu dute zer den euskal nortasuna gazteentzat eta nola iraungo duen, iraungo badu. Alta, parean, publikoan, gazterik ez apenas.

Krak bat edo beste eragin dituzte hizlariek. Euskal nortasunak ez baitu inertziaz iraungo, ezpada garai, teknologia eta testuinguru berrietara egokitzen. Euskal nortasunaren «salbazioa» ekarriko duten hiru aldagai esatera ausartu da Axpe: «Internet, internet eta internet».

«Mundu mailan ematen diren diziplina batzuk berandu iristen zaizkigu, eta iristen zaizkigu gazteleraz edo frantsesez. Rapa adibidez, ezta Maixa [Axpek erabiltzen duen ezizena]?», galdetu dio Hach-ek barakaldotarrari, eta honek, bueltan: «Ez da berandu iristen dela, baizik ez gaudela prest aldaketetarako. Gogoan dut Otegi askatu zutenean Elgoibarren jo genuela eta eszenatoki azpian zegoen tipo batek oihu egiten zigun kantu bat bukatzen genuenero. Euskal musika nahi zuela, eta nik hau euskarazko rapa dela. Berak ezetz, Barricada nahi zuela. Rock-a!».

Ireki eta berritu

Goierritarrak aipatu du: askotan bi bide izaten dira identitate bat, nortasun bat zaintzeko. Kanpokoari ateak itxi eta burbuila batera babestu ala nortasun hori kanpora zabaldu. Bigarren aukera deritze hiru hizlariek egokiena.

Bertsolaritzaren adibidea ekarri du mahai-ingurura, izan ere, bere ustez, orain 20 urte horretan zirautenak «bidez erratu balira, desberdina litzateke bertsolaritza gaur egun». Egun, bertsozaleek «oso modu desberdinetan» bizi baitute bertsolaritza. «Nortasunarekin ere horrelako zerbait gerta daiteke –gaineratu du–. Gure hizkuntzan mintzo direnekin erlazionatu ohi gara, kultur ohitura iguala dutenekin, baina gurea ez da egoera normal bat. Horrek eskatzen digu konfort esparruetatik atertzea eta beste esparru batzuetara ere iristea. Hor ematen dira zailtasunak, alde batetik zein bestetik».

Ibai Llanos vs. Ruper Ordorika

Baina Euskal Herriak bide luzea du egiteko horretan, batez ere orain, garai azeleratu eta aldakor honetan. Eta ziberespazioa izango da irabazi beharreko esparru bat, belaunaldi gazteek euskal nortasunari bide emango badiote. «Gu ‘Super 1’en belaunaldikoak gara, marrazki bizidunak euskaraz ikusten genituen, orain ‘Twitch’-en daude gazteak. Horko erregeetako bat Ibai Llanos da, bilbotarra, baina ez du euskaraz egiten, nahiz eta guk bezain ondo jakingo duen Doraemonen kantua euskaraz». Hach-ek esana beste pasarte batekin jantzi du Eneko Axpek. Orain ez asko hitzaldi bat ematera agertu zen 10-12 urteko haurren aurrera eta proba egin zuen: «Altxa dezala eskua Ibai Llanos ezagutzen duenak», esan zien eta denek altxatu zuten eskua. «Altxatu eskua Ruper Ordorika ezagutzen duenak». Inork ez

Arazoetako bat da, Axperen ustez, gazteek euskal idoloak falta dituztela. «Joan behar izan nuen NASAra Biarritzeko tipo bat [Léopold Eyarts] birritan espazioan egon zela jakiteko», onartu du.

Ariketa hori egina du Zamponi-Galek hezkuntza-zentro desberdinetan. Gonbidatu izan dituzte errugbilari euskaldunak Baionako zentroetara edo aipatu izan diete Biarritzeko astronautaren adibidea. «Horrelako adibideek ikuspegia aldatzen dute: ‘bilakatzen ahal naiz aktore, astronauta’. Garrantzitsua da erakustea euskal nortasunak zer ekartzen digun ere», agertu du.

Kezkak: eraitsiko al dute euskal nortasuna?

Iñaki Goirizelaia EHUko irakasle katedradunak gidatu du hiru gazteen mahaia eta galdetu die ea kezka sortzen dien euskal nortasunaren galtzeak. Baietz, denek, baina batez ere Oihana Zamponi-Galé Eusko, Ipar Euskal Herriko egoera Hegoaldekoa baino nekezagoa baita. «Pertsona bat dominatua izaten ahal delarik erabakitzen badu ez duela euskararen alde bultza egin nahi, bertan behera gelditzen da. Baionan bereziki dugun kezka da. Gaur egun ikastolak haurrez gainezka dira, beraz, euskaldun berriak sortzen ari dira. Baina badakigu egun batez frantsez Gobernuak esaten badu hori gelditu behar dela, Molac Legearekin pasatu den gisara, erakutsiko digula finkatuta zegoela uste genuen hori ez dela finkatuta», adierazi du.

Ados agertu da taldeko musikaria: «Badakizue zer den beldurtzen nauena? Ikusi zer pasatu den katolizismoarekin bi belaunalditan. Orain 100 urte botere osasuntsu bat zen. Beldurra ematen dit berdina pasatzea euskal nortasunarekin, nahiz eta uste dugun oso boteretsua dela. Nola egin euskal nortasuna sexy gazteen belaunaldientzako, hori jorratu behar dugu».

Estrategiak: tradizioa berritu

Euskal nortasunak irauteko estrategiak pentsatu behar dira, beraz. Bat, Axperen ustez, «immigrazioa» da, asmatzen bada betiere jatorri atzerritarreko pertsona horiei nola transmititu euskal identitatea.

«Berrikuntza» beste gako bat da bizkaitarraren iritziz, bere esanetan, «ez bakarrik euskal nortasuna zabaltzeko, baizik Euskal Herria mapan jartzeko». «Uste dut ez dugula nahikoa egiten. Konturatu naiz kanpoan egon eta gero euskaldunok txikira pentsatzen dugula, ez garela gose. Beharbada kulturala da, zeren bizi gara gizarte nahiko lasai batean, batzuetan erraza ere badena», azpimarratu du.

Zentzu horretan, berrikuntzak bultzatzeko herritar formatuak behar direla zehaztu du eta moderatzaile lanetan ari zen Iñaki Goirizelaia EHUko irakasleari zeharka begira, unibertsitate publikoari kritika egiteko probestu du unea: «Nik unibertsitatean ideia pila bat nituen, baina sistema pentsatuta dago galderak ondo erantzuteko, ez galderak egiteko. Han [Estatu Batuetan] ez. Han galderak egiten ikasten dute. Zuk ideia hitza esaten baduzu Standford-en, atea zabalduko dizute. Hori falta da hemen».

Berritu eta gaurkotu behar den beste alderdi bat tradizioarena da, hizlarien iritziz, «tradizio guztiak, momentu batean, berrikuntzak izan baitziren», zehaztu du Axpek. Eta bada garaia, Eusko Ikaskuntzako kidearen ustez, euskalduntasun gisa ulertu izan den tradizio hori gaurkotzeko. «Badugu tradizio bat eraikia, santifikatua dena, nahiz eta egia den hasi garela gauza hauek hausten», agertu du.

Nortasuna zer den

Atrebentzia litzateke euskal nortasuna zer den definitzea. «Pertsonak beste nortasun» direla esan du Zamponi-Galek. Eta, beraz, bakoitzak bere modura bizi du.

Eneko Axpek kontatu du «estigma» baten atzetik bizi duela euskal nortasuna: «Etxean beti entzun dut aitona gudaria zela, familia erdia gerratean hil zela, niretzat txikitatik estigma bat izan da hori. Eta Barakaldokoa izanda, beti saiatu naiz nortasun hori mantentzen edo bultzatzen. Baina zer gertatuko da hurrengo belaunaldiekin? Estigma hori, beharbada, ez da egongo. Eta indarra dauka».

Beñat Hach Embareken kasuan, aldiz, bi alderdik gurutzatzen dute bere bizitza «alderik alde». Bat, euskal nortasuna eta, bestea, aita jatorri sahararrekoa izatea. «Umetan irain arrazistak entzuten nituenean, pentsatzen nuen, igual ez naiz hain euskalduna. Sahara joaten banintzen, berriz, kristau esaten zidaten», ekarri du gogora.

Zamponi-Galen hitzetan, ez da berdin Hego edo Ipar Euskal Herrian euskaldun sentimendua. Hegoaldean euskara hitz egitearekin edo euskal kultura gozatzearekin lotzen da gehiago, bere ustez. Ez da berdin, ezta, Baionan edo Ipar Euskal Herriko herri txikietan euskaraz aritzea.

Zeren, denek bat egin dute esaterakoan euskal nortasuna ezin daitekeela definitu, baina zerbait badu bere DNAn, euskara dela.