NAIZ

Zarautzen izandako erasoa salatu dute: «Emakume bat ukitzen badute, denok ukitzen gaituzte»

Zarauzko mugimendu feministak agerraldia egin du emakume baten aurkako sexu erasoa salatzeko. Bertan adierazi dutenez, «emakume bat ukitzen badute, denok ukitzen gaituzte».

Zarauzko mugimendu feministaren agerraldia, gaur arratsaldean.
Zarauzko mugimendu feministaren agerraldia, gaur arratsaldean. (@ZarauzkoBF)

Zarauzko mugimendu feministak agerraldia egin du arratsalde honetan, joan zen asteburuan emakume batek pairatu zuen sexu erasoa salatzeko. «Hainbat feminista elkartu gara, helburu garbiekin: batetik, erasoa jasan duen emakumeari gure elkartasuna eta sinesgarritasuna adieraztea, eta bestetik, eraso sexistak eta indarkeria matxista salatzea, hau da, gertaera horri eta gisakoei ‘nahikoa da’ adieraztea, irmoki».

 

Deitoratu dutenez, «zoritxarrez, ohikoak dira horrelako gertaerak udan zehar. Jaietan edota parrandan, ‘dena libre’ denaren aitzakiapean, eraso sexisten ofentsiba nabaria da: begiradak, irainak, gutxiespenak, jazarpena, bortxaketak edota erailketak. Berriz, errepikatu beharrean, gaude: indarkeria matxista egiturazkoa da, gure eguneroko harremanetan oso presente dago eta honen aurrean argi eta ozen adierazten dugu: Emakume bat ukitzen badute, denok ukitzen gaituzte».

Erasoen aurrean hainbat aldarrikapen egin dituzte. Hala, espazio publikoa irisgarria eta segurua izan behar dela adierazi dute; eta herriko tabernariek eskaintzen duten aisialdi eredua aztertu behar dela ohartarazi dute. «Emakumeontzat espazio seguru eta bizigarriak izan daitezen beraiek konpromisoa eta neurriak hartzea ezinbestekoa da», gaineratu dute.

Halaber, hezkuntza arloan neurriak hartu behar direla azpimarratu dute. «Hezkidetza lantzen da eta beharrezkoa da, baina argi geratu da ez dela nahikoa, tratu onetan oinarritutako pertsonak hazteko eta hezteko baliabide gehiago behar dira, diru gehiago ikuspegi feministan hezkuntzan txertatzeko».

Era berean, nesken ahalduntzean eta autodefentsa feministaren ildoa lantzen jarraitu beharra dagoela defendatu ute, «emakumeok askatasunez bizitzeko gaitzea beharrezkoa dugu eta horretarako lan bat egin behar dugu. Bide horretan, zerbitzu eta baliabideak eskura jartzen jarraitu behar dute erakundeek, besteak beste».

«Azkenik, eta nola ez, gizonekin argiki lan bat egin behar da. Gaur egun, indarrean den maskulinitate eredua zapaltzailea da, erasotzailea. Maskulinitate eredu berriak lantzen hasiak badira ere hainbat gizon, gutxiengoa dira. Mutil gazteekin, haurrekin lana egin behar da, baita haien eredu diren helduekin ere», gaineratu dute.