NAIZ

Datorren denboralditik aurrera Asobal Liga profesionala izatea adostu dute aho batez

Espainiako Gobernuaren Kirol Kontseilu Gorenak onartu egin du Asobal Ligaren profesionalizazioa eta, beraz, datorren denboralditik aurrera, espainiar Estatu mailan estatus hau duen bosgarren kirola izango da.

Espainiako Kirol Kontseilu Goreneko arduradunak ostegun honetan bildu dira.
Espainiako Kirol Kontseilu Goreneko arduradunak ostegun honetan bildu dira. (CSD)

2022-2023. denboraldia profesionalizazioarena izango da eskubaloiko Asobal Ligarentzat. Honela onartu du ostegun honetan, aho batez, Espainiako Gobernuaren Kirol Kontseilu Gorenak (CSD gaztelerazko siglekin).

Gizonezkoen eskubaloi ligak izaera hau lortuta, espaniar Estatuan maila hori lukeen bosgarrena izango da. Emakumezkoen futbolekoa izan zen estatus hori lortu zuen azkena eta aurretik beste hiru ere baziren, futboleko Lehen eta Bigarren Maila eta saskibaloiko ACB. Gizonezkoen areto futboleko LNFS-ek ere egina du eskari bera –2020. urtean–. Momentuz ez dute baiezkorik jaso Espainiako Kirol Kontseilu Gorenetik, baina gaur bertan adostu dute eskakizuna berriro ere luzatzea.

Asobal Liga profesional izateko prozesu hau iragan ekainaren 9an hasi zen, Asobal Liga osatuko duten 16 taldeek –tartean Bidasoa Irun eta Anaitasuna euskaldunak– aho batez adostu baitzuten Espainiako Gobernuaren Kirol Kontseilu Gorenari liga profesionala izateko eskaria luzatzea.

Espainiako eskubaloi kluben elkartea (Asobal) 1984. urtean eratu zen, garai hartan sortzen ari ziren telebista eskubideak hobeto kudeatu asmoz. 1990. urtean lehen Asobal Liga antolatu zuen elkarteak eta orduz geroztik hiru hamarkada daramatzate gizonezkoen eskubaloiko Liga, Copa, Supercopa eta Asobal Kopa antolatuz.

«Gure kirolarentzat mugarri berri bat da. Porfesionalizazioak kluben ekonomia indartuko du eta, ondorioz, jokalarien prestakuntzan eragin positiboa izango du. Honek lehiaketetan, nazioartekotan baita ere, emaitza hobeagoak lortzen lagunduko digu», azaldu du Jose Manuel Franco kirolaren estatu-idazkariak. Honez gain, azpimarratu dutenez, hedabideetan izango duen inpaktua handituko da eta berrikuntza, azpiegiturak, teknologia eta digitalizazioa sustatuko ditu.