Jon Ormazabal

Kaiolan askoz ere libreago sentitzen dela berretsi du Ezkurdiak final gogor batean

Partida oso gogor batean, Unai Lasok ziztada bat sentitu du ezker izterrean lehia hamanina berdintzea lortu duenean, baina azkenerako arbizuarra berriz ere nagusitu da, sakearekin eta bi paretakoarekin mina eginez (22-15).

Ezkurdia, pozik, Lau eta Erdiko San Fermin torneoa irabazita.
Ezkurdia, pozik, Lau eta Erdiko San Fermin torneoa irabazita. (Jon URBE | FOKU)

Kontraesan bat dirudi, baina bere 1,90 luze eta gorpuzkera sendo horrekin, eremu murritzenean, kaiolan, sentitzen da libreen Joseba Ezkurdia. Bertan ditu lortuak bere bakarkako bi txapelak eta gaurtik bere palmaresari beste bat gehitu dio, sanferminetako lau eta erdikoa, Unai Lasori 22-15 gailenduta. Duela hilabete jokatutako finalaren eta uztailaren 7an bertan galdutako beste bien arantza kentzeko asmoz irten da arbizuarra kantxara eta txapeldunak lehen pilotakadatik ikusi du partidak ez zuela Nafarroa Arenan jokatutakoaren inolako antzik.

Orduko hartan Arbizuarra bere mailatik urrun egon bazen, gaur sakandarra eroso moldatu da kaiolaren txikitasunean. Jakaren aurkako finalerdian horretan inoiz bezala asmatu bazuen ere, Ezkurdia ez da pilotari luzea, berea altuera askorik gabe pilotari abiadura ematea da eta hori askoz eraginkorragoa da lau eta erdian. Lasori, ordea, piloa nahi beste luzatzeko modurik gabe, nekezagoa egin zaio hiru eta erdian jarri zaion aurkari erraldoia gainditzea.

Gauzak horrela, partida hasiera estu baten ostean, Aspeko aurrelaria nagusi izan da, bai jokoan eta baita markagailuan ere, alde nabarmenak lortzeraino 6-12. Kontua da, Unai Laso ez dela kasualitatez txapeldun, oso gutxi behar du tantoa amaitzeko eta pilota ezker paretara baztertuz eta sake-errematean asmatuz, aitaren batean lortu du partida hamabina berdintzea.

Ziztada izterrean

Partida ikaragarri gogortu da eta eta justu zailena egina zuela zirudienean, Bizkarreta-Gerendaingoak ziztada bat nabaritu du ezker izterrean. Zorionez, aldageletan medikuaren igurtziak jasota arazorik gabe amaitu ahal izan du partida txapeldunak eta hori amaiera ikaragarri gogorra izan dela –torneo honetako piloteatuena–.

Biei ere nekeak asko erasan dien arren, Ezkurdiak osoago amaitu du, saketik eta batez ere bi paretarekin min handia egin dio eta jokaldi honekin amaitutako bosgarren tantoarekin ia txapelak haina balio duen garaipena eskuratu du, ondo merezita. Lesio horrek ere pixka bata atera du Bizkarreta-Gerendaingoak eta halako Ezkurdia bati irabazteko %100ean egon beharra dago. Orain, Lasoren lesioa larria ez izatea espero behar, bihar gauean berriz ere Joseba Ezkurdiaren aurka jokatzekoa baita, kasu honetan, Mariezkurrenak eta Martijak lagunduta, binaka.

FITXA TEKNIKOA:

Laso: 15

Ezkurdia: 22

Pilotakadak: 295. Iraupena: 60,51 minutu. Markagailua: 0-2, 3-2, 3-3, 4-3, 4-8, 5-8, 5-11, 6-11, 6-12, 12-12, 12-15, 13-15, 13-18, 15-18, 15-22. Sakeak: 1 Lasok eta 3 Ezkurdiak. Egindakoak: 9 Lasok eta 10 Ezkurdiak. Galdutakoak: 9 Lasok eta 5 Ezkurdiak. Gorabeherak: Sarrera guztiak aspalditik amaituta eta giro paregabea Iruñeko Labrit pilotalekuan. Jon Mariezkurrena aritu da Unai Lasoren botillero lanetan eta Mattin Ezkurdia Joseba anaiarekin.