Ainara Lertxundi
GARAren edizio taldeko kidea / Miembro del equipo de edición de GARA

Gazako bost haurretik lauk depresioa, beldurra eta mina sentitzen dute

Beldurra, ezinegona, amesgaiztoak, urduritasuna, antsietatea, haserrea, familia arazoak, senide edo lagunen heriotza, pobrezia… Hala sentitzen dira Gazako haur eta gazteak 15 urteko blokeoaren, bost erasoaldien eta pandemia baten ondoren, Save the Children erakundearen ikerketa baten arabera.

Bassem itsu gelditu zen kalean aurkitutako metal zati batek eztanda egin ondoren. Irudian, bere aitarekin, Beit Lahiako etxean.
Bassem itsu gelditu zen kalean aurkitutako metal zati batek eztanda egin ondoren. Irudian, bere aitarekin, Beit Lahiako etxean. (Mohammed NAYEF | SAVE THE CHILDREN)

Gazako Zerrendako biztanleek hamabost urte daramate Israelen blokeoaren mende. Egoera horrek, azken erasoaldiekin batera, ondorio psikologiko larriak eragin dizkie haurrei. Save the Children gobernuz kanpoko erakundeak argitara eman duen ikerketa baten arabera, bost umetatik lauk depresioa, mina eta beldurra dutela adierazi dute.

Haurren, gazteen eta zaintzaileen osasun mentalak nabarmen egin du okerrera 2018tik hona. Estutasun emozionala sufritzen dutenen kopurua %55etik %80ra igo da.

Azken hamabost urte hauetan, Israelen bost erasoaldi eta pandemiaren ondorioak pairatu dituzte. Nazio Batuetako idazkariordea den Antonio Guterresen hitzetan, Gazan bizi diren haurren eta gazteen bizitza «infernua lurrean» da. Zerrendak dituen bi milioi biztanleetatik, %47 adin txikikoak dira eta horietatik 800.000k baino gehiagok ez dute blokeorik gabeko bizitzarik ezagutu.

2018. urtean, Save the Childrenek blokeoak, biolentzia ziklikoak eta ezegonkortasun politikoak haurren osasun mentalean duen eragina aztertu zuen. Aurten ikerketa bera errepikatu du, 2021eko erasoaldi militarraren eta pandemiaren ondorioak ezagutzeko.

«Egungo egoerak kalte handia egiten dio haurren ongizateari eta etorkizun hobea izateko esperantzari», nabarmendu du gobernuz kanpoko erakundeak aurkeztu berri duen “Trapped” txostenean. 488 neska-mutil eta 160 aita, ama edo zaintzaile elkarrizketatu ditu.

Elkarrizketatutako haurren %84k beldur direla esan dute –duela lau urte %50 izan ziren–; %80k urduritasuna adierazi dute –2018an, %55–; eta %77k triste edo deprimituta daudela erantzun dute –2018an, %62–. Horrez gain, adingabeen %50ek suizidioan pentsatu dute eta bostetik hiruk beren burua zauritzen dute.

Zaintzaileek, bestalde, haurren eta nerabeen jokabide kezkagarriak deskribatu dituzte. %79k esan dute gauez seme-alabek ohean pixa lehen baino maizago egiten dutela, %78k gutxitan amaitzen dituztela eskolako etxeko lanak eta %59k hizketan, hizkuntzan eta komunikazioan zailtasunak dituztela, aldi baterako mututasun erreaktiboa barne, trauma edo abusu sintoma bat baita. Portaera horiek guztiek berehalako eta epe luzerako eragin handia dute haurren garapenean, ikaskuntzan eta gizarte elkarreraginean.

Zaintzaileen ia bi herenek uste dute ez direla baliagarriak eta %61ek zailtasunak gainditzeko ezintasuna azaldu dute. Zaintzaileen herenak baino gehiagok (%39) ez du bere buruarengan konfiantzarik.

Duela bost urte, zaintzaileek ohartarazi zuten seme-alabak mantentzeko gaitasuna mugara iristen ari zela blokeoagatik, pobrezia kronikoaren eraginez eta segurtasun gabeziagatik, eta beste gatazka bat gertatuz gero aurrera egiteko baliabiderik gabe geldituko zirela.

«Tamalez, zaintzaileen kezkak egia bihurtu dira. Alde guztiei dei egiten diegu gatazka honen arrazoi sakonei heltzeko eta segurtasunez eta duintasunez bizitzea merezi duten haur eta familia guztiak babesteko neurriak hartzeko. Gatazkari eta gabezia ekonomikoei berehala amaiera ematea behar dugu, horiek estres faktore izugarriak baitira haurren bizitzan, baita neurriak hartzea ere Gazako zerrendan adingabeek eta haien familiek aurre egiteko duten potentzialari eta erresilientziari laguntzeko», plazaratu du Jason Leek, Palestinako Lurralde Okupatuetako Save the Children erakundeko zuzendariak.

«Beldurra, kezka, tristura eta oinazea iraunkorrak dira; hurrengo indarkeria erronda noiz lehertuko den zain bizi dira. Lo egiteko edo kontzentratzeko ezintasuna sentitzen dute. Larritasun horiek eragiten ari diren ondorioak ikaragarriak dira –ohea bustitzea, hitz egiteko edo oinarrizko lanak egiteko gaitasuna galtzea–. Txosten hau alarma seinale bat izan beharko litzateke. Inoiz baino beharrezkoagoa da Israelek itsasoko, lurreko eta aireko blokeoa altxatzea eta tokian tokiko agintariek, nazioarteko komunitateak eta emaileek haurtzaroaren babeserako zerbitzuak indartzea eta osasun mentalari lehentasuna ematea», esan du.

«Ez dugu gerrarik nahi»

Ondoko hau 2021eko maiatzean, Israelen azken erasoaldia bete-betean zegoenean, Salmak (11 urte), Niveenek (9), Samerrek (13) eta Amalek (10) idatziriko gutuna da:

«Gazako Zerrendan bizi garen haurrak gara. Gure bizilekua oso txikia da, kale estuak ditu eta pertsona asko elkarren ondoan bizi gara. Zerrenda hain txikia denez, leku oro arriskutsua da, ez dago gune edo leku segururik. Gaza suntsitzen ari dira, baita eskolak eta ospitaleak ere. Ordu luzez ez dugu argindarrik. Lurrean lo egin behar dugu, den-dena oso ilun dago gauez. Bizitza beldurgarria da. Teilatuak buru gainera erortzen zaizkigu. Bonbardaketa bat dagoen bakoitzean, izututa gaude. Gure logelako sabaiak mugitu egiten dira eta gure bihotz taupadak azkartu egiten dira, gure gurasoen izuarekin batera. Gure amek hegazkinen soinua urrun entzuten dela esaten digute gu lasaitzearren, baina badakigu gertu daudela. Gutariko askok maite ditugun senideak eta maite genuen irakaslea galdu genituen 2014ko erasoaldian. Beste askok kristalak eztanda egiten, eraikinak erortzen, ikusi ditugu, baita gure amak ere, bonbardaketa baten ondoren etxean sartu den hautsa garbitzen. Badakigu munduko beste tokietan gu bezalako haurrek bizimodu lasaia dutela. Beste ume batzuek ametsak eta bideo jokoak dituzten bitartean, guk gatazka hau egunen batean amaitzearekin amesten dugu. Egun batean gure liburuak berriro irekitzearekin, gure koadernoetan idaztearekin eta ikastearekin eta gure lagunekin kalean jolastearekin amesten dugu. Gehien desiratzen duguna gerra amaitzea da. Haur guztiak bakean bizitzeko gai izan beharko lirateke. Suntsitutako eraikin guztiak kentzea eta horien lekuan eraikin politagoak eta ederragoak eraikitzea nahiko genuke. Gure eskolak, etxeak eta ospitaleak berreraikiak izatea nahiko genuke. Ez dugu lehergailuetatik ihesean eta ezkutatzen ibili nahi. Gaza leku seguru eta eder bat izatea nahi dugu. Oraindik esperantza dugu».

Amr-ek 14 urte ditu eta gogoan du iazko maiatzeko erasoaldian sentitu zuen beldurra: «Gauean, ezin nuen lorik egin, amesgaiztoak nituen-eta. Beldur nintzen gure etxea bonbardatuko ote zuten edo gure bizilagunak berriro bonbardatuko ote zituzten. Airean zegoen. Aitari amesgaiztoak kontatzen nizkion, eta berak lasaitu egiten ninduen, ez zela gertatuko esanez. Gero berriro saiatzen nintzen lo egiten».

Adin bereko Ameerak kontatu zuen nola aldatuko zen bere bizitza gaur egun blokeoa ezabatuko balitz: «Mundu osoarekin lotuago sentituko nintzateke. Nahi dudana egin eta nahi dudan lekura joateko aukera izango nuke. Informatika ikasiko nuke eta, zehazki, errealitate birtualaren diseinuan lizentziatuko nintzateke. Hori da nire bizitzan benetan egin nahi dudana, baina ezin dut hemen, Gazan, egin; ez dugu horrelako programarik».

Hamasei urteko Sarari nerbioetako infekzio larria diagnostikatu zioten 2021eko irailean. Premiazko tratamendua behar zuen Gazatik kanpo. Israelek ezarritako murrizketen ondorioz, bere gurasoak ezin izan ziren berarekin joan Zisjordaniako ospitalera. Hau da bere lekukotasuna: «Egun batean, gorputzaren alde oso bat mugitu ezinik esnatu nintzen. Azterketa askoren ondoren, ospitalera joan nintzen, infekzio larria nuela esan zidaten. Gazan ez dagoen tratamendu bat behar nuela esan zidan medikuak, Zisjordaniara joan behar nuela. Egoera larrian nengoen, baina gurasoei nirekin joateko baimena ukatu zieten. Anbulantzia batean Beit Hanoun-eko kontrol gunea gurutzatu genuen. Etzanda nindoan. Soldaduak esertzeko agindu zidan, baina laguntzarik gabe ezin nintzen zutitu. Soldaduari zerbait egin niola ematen zuen, hain bortizki eta amorruz estutu ninduen. Gertatutakoak eragin negatiboa izan zuen nire egoera mentalean».

Bassem-ek 8 urte ditu eta guraso eta anai-arrebekin bizi da. 2021eko otsailean, osabaren etxearen kanpoaldean jolasten zebilela metal zati bat hartu zuen. Esku artean zuela eztanda egin zion. Medikuek hiru behatz anputatu zizkioten. Ikusmena galdu zuen eta larritasun desberdineko erredurak ere izan zituen.

Unibertsitatean ikasketa islamikoen irakasle izan nahi zuen. «Istripuaren eguna nire bizitzako gogorrena izan zen. Amari galdetu behar diot egunero ea gaua edo eguna den».

Sahar, 9 urtekoa, gurasoekin eta sei anai-arrebekin bizi da Gazan. Haien etxea bonbardatu egin zuten eta kalte handiak izan zituzten. Gas toxikoa eta hautsa arnastu zituen. Ospitaleratu egin behar izan zuten, ahotik, belarrietatik eta sudurretik odola zeriolako. Urdaila ere puztua zuen. Bonbardaketaren ondorioz, oraindik amesgaiztoak ditu, kalean jolasteko beldur da eta sabelean min kronikoa du.

Save the Childrenek Israelgo Gobernuari eskatu dio «berehalako neurriak har ditzala blokeoa kentzeko, NBEko Segurtasun Kontseiluaren 1860 (2009) Ebazpenaren esparruan. Nazioarteko komunitateak lehenbailehen eskatu behar dio Israeli neurri horiek bete ditzala, egungo okupazioa amaitzeaz gain, alde guztiekin lan egiteko gatazkako aldeen arteko elkarrizketei berrekiteko beharrezko baldintzak sortzeko, bidezko irtenbide bat sortze aldera».