NAIZ

AEBetako Ordezkarien Ganberak abortua babesteko bi lege-proiektu onartu ditu

AEBetako Ordezkarien Ganberak abortatzeko eskubidea berrezartzea xede duten bi lege-proiektu onartu ditu ostiral honetan. Dena den, litekeena da lege-proiektuek Senatuan aurrera ez egitea, demokratek hamar errepublikanoren aldeko botoa beharko luketelako.

Abortu eskubidearen indargabetzearen aurkako protestak Detroiten (AEB).
Abortu eskubidearen indargabetzearen aurkako protestak Detroiten (AEB). ( Matthew HATCHER | EUROPA PRESS)

AEBetako Ordezkarien Ganberak, gehiengo demokrata duenak, abortatzeko eskubidea berrezartzea helburu duten bi lege-proiektu onetsi ditu ostiral honetan. Izan ere, AEBetan abortu eskubidea indargabetuta gelditu zen joan den ekainaren 24an, Auzitegi Gorenaren aginduz eta milaka emakumeren protesta artean

Lehen lege-proposamenak, Emakumearen Babes Legeak, zeinak aldeko 219 boto eta aurkako 210 jaso dituen, abortua lege federalaren barruan kokatzea ahalbidetuko luke. Bigarren lege-proposamenak, ostera, abortatu ahal izateko estatuen arteko bidaiak babestuko lituzke; honek aldeko 223 boz izan ditu eta aurkako 205.

Dena den, araudi berriak aurrera egiteko aukera gutxi ditu Senatuan. Izan ere, demokratek gehiengo estua dute eta, gutxienez, hamar senatari errepublikanoren botoa beharko lukete bi lege-proposamenak onartuak izateko.

Abortatzeko eskubidea 1973an legeztatu zen AEBetan ‘Roe Waden Aurka’ sententziari esker. Urte hartan, Auzitegi Gorenak ebatzi zuen Estatuak ez duela inongo eskubiderik emakume batek bere haurdunaldiarekiko hartzen duen erabakiaren inguruan esku hartzeko. Hala ere, egun, Auzitegi Gorena sei epaile kontserbadore eta hiru liberalez dago osatuta, eta eskubidea maila federalean indargabetu zuten. Hortaz, une honetan, estatu bakoitzak du abortuaren legezkotasunaren inguruan erabakitzeko eskumena. Ondorioz, egun, 50 estatuetatik 13tan abortatu ahal izateko oztopoak ezartzen dituzte, baina Texasen kasuan, esaterako, abortuaren betoa erabatekoa da.

Ordezkarien Ganberan eztabaidatu eta bozkatu duten bezalako lege berri bat soilik gailendu daiteke estatuetako araudiekiko. «Historia begira ari zaigu. Gure lidergoa erakutsi eta oinarrizko eskubide bat ziurtatuta dagoela bermatu behar dugu», aldarrikatu du Tony Cardenas kongresukide demokratak, Kaliforniako ordezkariak.

Alderdi errepublikanoak, aldiz, lege-proiektuak kritikatu ditu, abortua fetuaren «arrazaren, sexuaren edo desgaitasunaren arabera» errazten dutela iritzita. «Abortua bat-batean ugalketa-osasun kontua dela dioen gezur hau gelditu behar dugu», adierazi du Kat Cammack errepublikanoak, Floridako ordezkari gisa mintzatuz.