Ezjakintasuna, hilekoari heldu dion foroak identifikatutako gakoetako bat

Hilekoa hizpide hartu eta dimentsio izugarria hartzen du gaiak, ugariak baitira haren ondorioak biztanleriaren erdiarentzat. Bilbon, pobrezia menstrualari buruzko foro herritar batean egiaztatu dute hori: osasunean dituen eraginak, dagoen analfabetismoa eta desagertuta egon diren eskubideak.

Bego Guzman eta Izaskun Zarrandikoetxea Bilbon BBK Kunak duela hilabete batzuk abian jarritako Pobrezia Menstrualari buruzko Ikaskuntza Komunitateko kideak dira.
Bego Guzman eta Izaskun Zarrandikoetxea Bilbon BBK Kunak duela hilabete batzuk abian jarritako Pobrezia Menstrualari buruzko Ikaskuntza Komunitateko kideak dira. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Biztanleriaren erdiak sortzez dakarren prozesu biologikoa da, odol jarioari mugatuta ez dagoena, gainera, eta, halere, esfera intimoan mantentzen den gaia izan da eta jarraitzen du izaten, ezkutuan batzuetan, eragin, ondorio eta alderdi ugari dituen arren. Lehen hileko hori heltzen denean, etxeko emakume batek azalduko du hurrengo hamarkadetan zer gertatuko den, baita maila diskretuan kudeatu beharrekoa dela transmititu ere, higiene intimorako aholkuak eman... eta hori izango da, neurri handi batean, emakumeak gaiari buruz izango duen informazio nagusia.

Azkenaldian, menstruaziorako produktuen BEZaren inguruko eztabaidaren harira maiz hitz egin da pobrezia menstrualaz, zailtasun ekonomikoak dituzten kolektiboek hilekoa kudeatzeko dituzten arazoez eta horrek eragiten dituen egoerez eta osasun kalteez. Hori guztia gutxi izan ez eta askoz harago doan gaia da. Zer dago, orduan, pobrezia menstrualaren atzean?

Bilbon, martxan dago duela hilabete batzuk gaiari heltzeko zabaldutako hausnarketa kolektibo bat, eta ez dute ondorioetan geratu nahi, komunitatean eragiteko asmoa dute. Beste arlo batzuetan ere gertatzen da: pobreziak eta analfabetismoak lotura estua izaten dute. Antzera gertatzen da kasu honetan, pobrezia menstrualaz hitz egiten da, baina agian analfabetismo menstrualaz ere hitz egin beharko genukeela planteatu dute, horrek dakarren guztia kontuan hartuta.

Hausnarketa hori Bilboko Pobrezia Menstrualari buruzko Ikaskuntza Komunitateko kideek ateratako ondorio nagusietako bat da. Gaia mahai gainean jarri dute foro ireki horretan, eta gaiari ertz ugari aurkitu dizkiote. Abaniko baten modura zabaldu dira, hain isilean gordetako gai batek izan dezakeen dimentsio handiak arreta emateraino. Esperientziak frogatu du, bestalde, hausnarketa kolektiboari espazioa ematen zaionean, kontzientzia agertzen dela, eta kontzientziaren atzetik, ekitearen beharra. Hori ere gertatu zaie ekimenean parte hartzen duten solaskideei.

Foroa BBK Kuna gizarte berrikuntzarako guneak jarri du martxan. Etorkizuneko erronken aurrean gizarteak behar dituen erantzunak aurkitu nahian, elkarrekin hausnartzeko eta ekiteko espazioak ahalbidetzen ditu ekimenak. Pobrezia menstruala auzi horietako bat da, baina beste gai batzuk planteatu dituzte formatu berarekin ezberdinen arteko gogoeta kolektiboari zukua atera eta, horretan oinarrituz, ekarpenak egiteko asmoz.

Esperientzia pilotu gisa hasi zen ibiltzen Bilboko Pobrezia Menstrualari buruzko Ikaskuntza Komunitatea. Foro irekia da eta arlo ezberdinetan aritutako eta profil askotako parte-hartzaileak bildu ditu. Berez, gai baten inguruko inteligentzia kolektiboan parte hartzeko prest dauden norbanakoak biltzen ditu egitasmoak, izaera ireki nabarmenarekin. Horregatik, parte hartzeko ez da ezagutzarik behar, interesa izan behar da. Hogei bat lagunek osatzen dute taldea, gehienak emakumeak.

BBK Kunako bideratzaileek jarri zuten ariketa martxan, lagun batzuk gonbidatuta, eta gaia mahai gainean jarrita, enfoke ugari ezberdin sortu ziren berehala: ekonomikoa, pobrezia orokorra, BEZAren kontua, analfabetismoa, kulturak, alderdi fisikoa, osasuna, hezkuntza...

Foroak orain arte emandakoaz hitz egin du GAUR8k, esperientzian parte hartzen ari diren bi emakumerekin: Bego Guzman eta Izaskun Zarrandikoetxea, hain zuzen ere.

Gai politikoa

Pobrezia menstruala aitatzean zailtasun ekonomikoak dituzten kolektiboen egoera izaten da burura etortzen den lehena, baina hilekoarena adar, ondorio eta eragin gehiago dauzkan gai poliedrikoa da. Osasun arloko dimentsioaz gain, kulturala, politikoa, soziala eta ekonomikoa ere baditu, besteak beste.

Ikaskuntza Komunitateko partaideek alde hori nabarmendu dute GAUR8rekin partekatutako lehen begirada batean: gaiak dituen eragin eta ikuspegi ugariak, baita duen dimentsio soziopolitikoa ere. «Denetarik ikasi dugu, baina batez ere ulertu dugu ez dela gai pertsonala, politikoa baizik, eta giza eskubideei eragiten diena», zehaztu du Bego Guzmanek.

Unesco Etxeko kultura arloko arduraduna da Guzman. Kultura eta ondarearen babesean duen ibilbide profesionalagatik, hori izan da proiektu honetan maila pertsonalean bereziki landu duen arloetako bat. Gauzez ozen hitz egin eta ikuspuntu ezberdinetatik begiratu ondoren, eta duten proiekzio kolektiboa ulertzean, beste dimentsio bat hartzen dutela ikusi dute. «Hasierako saiotik konturatu ginen zailtasun ekonomikoen gaiak berebiziko garrantzia zeukala, horrek kolektibo batzuen eskubideak urratzen dituelako, baina lantzeko alderdi gehiago agertu dira», erantsi du.

«Batzuetan, badirudi hilekoaren pobrezia arlo ekonomikoarekin, higiene produktuak eskuratzearekin edo komun egokituak izatearekin soilik lotuta dagoela, baina beste foku batzuetan lan egin dugu: foku soziala, kulturala, hezkuntzaren fokua, ekologiarena... Izan ere, azkenean hilekoa giza gertaera bat da, biztanleriaren erdiak denbora luzez izaten du, adin emankorrean. Baina horrek ez du esan nahi hilekoaren zikloa hor amaitzen denik, aldatu egiten da eta etapa eta une desberdinak ditu», adierazi du Izaskun Zarrandikoetxeak, eta norberaren gorputzaren ezaguerarekin oso lotuta dagoen gaia dela azpimarratu du. Alderdi hori ere jorratu dute, ez jakiteak, ez ezagutzeak dituen eraginetara hurbilduz, tabuak elikatu dituen errealitate batera helduz.

Planteatu duenez, «hilekoa emakumeei zuzenean eragiten dien zerbait da, baina biztanleriaren beste erdia berdin uzten ez duena. Eragin soziala duen zerbait da, eta, gainera, osasunarekin eta osasun publikoarekin ere oso lotuta dago, arlo sanitariotik, sozialetik, kulturaletik eta lan arlotik harago doa, dituen ondorio horiek eta horrek guztiak eguneroko bizitzan duen eragina ikusten ari gara».

Osasun eta plazer sexualerako eta indarkeria matxisten prebentziorako sexologoa eta hezitzaile komunitarioa da Zarrandikoetxea. Gizarte langilea da Auzolan modulu psikosozialean, eta Mundo Ivaginario osasun eta plazer sexualerako proiektuko sexologoa da.

Bi alderdi horien ordezkari gisa hartzen du parte komunitatean. Bere esanetan, hilekoaz hitz egiten dugunean, zehaztapen bat ahazten dugu askotan: «Menstruazioa odol jarioa da, baina gauzak ez dira gertatzen soilik odoletan gaudenean». Horregatik, menstruazioaz gain ziklo menstruala kontuan hartu behar dela planteatu du hezitzaile eta sexologoak.

«Odol jarioko egunak daude, baina une horretara heltzeko ziklo batetik pasatu gara». Ziklo menstrualak emakumeen bizi zikloaren parte direla azaldu du. «Hilerokoa daukagunean, horren aurretik eta ondoren, badira egoerak sortzen dituzten prozesuak», erantsi du. Hortaz, hezkuntza menstrualaren beharra da taldean sortu den beste gogoeta bat.

Autoezagutzaren garrantzia

«Horrek guztiak zerikusia du gure gorputza nolakoa den jakiteko sexu heziketa izatearekin, nola funtzionatzen duen jakitearekin, autoezagutzarekin eta gorputzaren onarpenarekin», nabarmendu du. «Izan ere, odola deigarria egiten zaigunez, badirudi hilekoaren pobrezia hori baino ez dela, baina askoz harago doa. Heziketa menstrual eta sexuala falta dira hori guztia ulertzeko eta onartzeko hilero gertatzen zaidan hori ez dela zikina, ez dela lotsagarria, ez dudala gaizki pasatu behar, eta ez didatela iseka egin behar prakak zikintzen baditut edo ez dudala tanpoi batekin denbora gehiago eman behar, lotsa ematen didalako komunera joateak, ikusiko nautelako», mahaigaineratu du.

Adituak gaineratu duenez, «biologia zer den eta, gainera, osasuna zer den onartzeko sexu hezkuntza behar dugu. Odol jarioa badugu, osasuntsua delako da, eta gehiegizko gaitzen bat badago, ondoezen bat, hori normala ez dela jakin behar dugu, eta osasun publikoko mediku batengana jo behar dugu».

Osasunarekin lotutakoa taldean jorratu dituzten ardatz nagusietako bat izan da. Guzmanen esanetan, argi ikusten da analfabetismo menstrual horretan oinarrituta eraiki direla uste okerrak, aurreiritziak eta estereo- tipoak, baita tabua ere, «gure eskubideak urratzen dituzten eraikuntza sozialak».

Gaian sakonduz ikusi dute, adibidez, sistema publikoan ez daudela «osasun naturalago bat ahalbidetzen duten teknikak edo prozesuak, gure hilekoaren zikloa nolakoa den, zein egunetan gauden, nola sentitzen garen eta maila fisiko edo emozionalean zer ondorio dituen ulertzen lagun diezaguketenak».

Errealitate horretara hurbilduta, ikusi dute hainbat kasutan osasunaren profesionalek ez dituztela argitu ahal izan emakumeen zalantzak, eta adibide gisa aipatu du endometriosia (hilekoarekin min handiak eragiten dituen gaixotasuna). Guzmanen ustez, ikerketa mediko eta farmazeutikoak ere falta dira gehienbat emakumeei dagozkien gaitzei buruz.

Tabuari amaiera emateko aukera

Gorputzaren ezagutzan aurrerapausoak egiteak tabu eta estereotipoak desagerraraziko dituela uste du Unesco Etxeko arduradunak, beste kultura bat ekarriko lukeelako nerabezarotik; erori egingo lirateke konpresa ezkutatzeko ohitura hain zabaldua bezalako keinuak, tabuak eta hainbat jarduera egiteko orduan hilekoak jartzen dituen mugen inguruko usteak.

«Belaunaldiz belaunaldi pasatzen joan diren tabuak dira. Batzuetan ez gara hain urrun joan behar, hemen bertan horien adibide asko aurkitzen dugulako», komentatu du bilbotarrak. Foroan, argi ikusi da aurreiritzi batzuk astintzeak eta era naturalean ulertzeak gauza asko aldatuko lituzkeela.

Ezagutza falta horrek dituen ondorioei begira, oraindik haur diren neskei begira jarri da Zarrandikoetxea. «Gauzak aldatzen ari dira, baina badaude oraindik hilekoa izan behar dutela ez dakiten neskatoak; edo badakite, baina lotsaren ikuspegitik hurbilago daude ospatu beharreko zerbaitetik baino».

Hezitzaile eta sexologoak erantsi duenez, informazioa ematea ahalduntze ariketa bat da. Heziketa menstruala izatea eta neska horiei guztiei irakatsi ahal izatea hilekoa garapenaren urrats bat dela, heltze prozesuko beste pauso bat, eta, gainera, osasungarria dela, eta tratu onetik eta aintzatespen horretatik egin ahal izateak, sexu heziketarekin batera, egungo errealitatea irauliko luke, adituaren ustez.

Foroan kulturaren mundura begira jarri dira. Guzmanek aipatu du artearen eta ondarearen berrikuspenak ahalbidetu diola ohartzea 70eko hamarkadatik beren praktika artistikoarekin tabuek zer inplikatzen duten aldarrikatu duten emakume artistak daudela, eta ez kulturaren periferietan soilik baizik eta kultura erakunde eta espazio garrantzitsuetan ere bai.

Bide horretan, beste gizarte batzuen ohituretara egin duten hurbilketa aipatu du, hala nola Nepalgo zenbait lekutan emakumeak hilekoa duten bitartean txabola isolatuetara bidaltzeko ‘chhaupadi’ izeneko ohitura, gaur egun ere indarrean dena. Ohartarazi du, ordea, ez dela urrun joan behar, hemen bertan tabuak egon badaudelako menstruazioaren inguruan. Azpimarratu duenez, ez dute fokua beste gizarte batzuetan ipini, begirada autokritiko batekin aztertu dute gaia, eta munduko usadio ezberdinek patroi komunak dituztela ikusi dute: edo tabu gisa ikusten dute hilekoa edo gauza magiko bat balitz bezala.

Argi dute arlo ezberdinetan sakonduz pilatzen ari diren ezagutza ezin dela Ikaskuntza Komunitatean geratu. Horregatik, ateak zabalik dituztela azpimarratu dute, eragin ahal duten inguruneetan gogoeta kolektibo horren oihartzuna zabaltzeko.

 

INGURUAN ERAGITEA, ALDAKETA SOZIAL ARE HANDIAGOA SUSTATZEKO

Menstruazioa kolektibizatzea eta sozializatzea dira Ikaskuntza Komunitatearen xede nagusietako bi; baita «eragitea» ere, Bego Guzmanek nabarmendu duenez. Komunikabideetako orrialdeetara heltzea eragite horren urrats bat izan daiteke, baina urrunago joan nahi dute, gogoeta ingurura zabalduz. Egoera zaurgarrienean dauden kolektiboen parte-hartzea bilatu dute hasieratik, eta ahalegin horretan jarraitzen dute.

Komunitatea San Frantzisko kalean bertan kokatuta egoteak kalteberatasun egoeran dauden kolektiboengana heltzeko aukera errazten duela uste du Zarrandikoetxeak. «Interesgarria iruditzen zait oso hurbil espazio irekia den komunitate bat dagoela jakitea, aldaketa sozial bat sustatu nahi duena; hau guztia jorratzen hastea, normaltasun handiago batekin hitz egitea eta ikusaraztea, eta honek guztiak martxan dagoen lege aldaketan lagundu dezakeela, baita politika sozialak bultzatu ere». Kolektibo horiek saioetan zuzenean parte hartu ez, baina haien ahotsak eta errealitateak foroan izan dira, Auzolan moduluko ordezkariek planteatuta. Arreta zerbitzua, gainera, auzoko elkarteekin, pertsona migratuen elkarteekin eta prostituzioan aritzen direnei arreta ematen dien Askabide bezalako erakundeekin dago harremanetan. Fokua alderdi kolektiboan jarri nahi dute: «Menstruazioa kolektibizatu nahi dugu; pribatua den zerbait izateari utz diezaiola, kolektiboa eta politikoa den zerbait izateko».