NAIZ

Mobilizaziora deitu dute asteartean Basurtuko bihotzeko kirurgia zerbitzua ixtearen aurka

Basurto Bizirik plataformak eta ospotaleko langileek mobilizariora deitu dute astearterako, bihotzeko kirurgia zerbitzua lekualdatzearen aurka. ELA sindikatuak ere salatu du Osakidetzaren erabakia.

Basurtuko bihotzeko kirurgia zerbitzua ixtearen kontrako protesta bat, artxiboko irudian.
Basurtuko bihotzeko kirurgia zerbitzua ixtearen kontrako protesta bat, artxiboko irudian. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Basurto Bizirik plataformak, Basurtuko Unibertsitate Ospitaleko Enpresa Batzordearekin batera, arbuiatu dute bihotzeko kirurgia zerbitzua Gurutzetara eramateko erabakia. Eta mobilizaziora deitu dute astearterako. 12.00etan elkarretaratze bat egingo dute Montevideo etorbidean, ospitaleren parean, errepidea mozteko.

ELA sindikatuak ohar batean azaldu duenez, Osakidetzak «behin betiko bihurtu du Basurtuko Ospitaleko Bihotzeko Kirurgiako blokea Gurutzetako Ospitalera eramateko erabakia, hemendik aurrera zerbitzu bakar batean zentralizatuz». Gainera, hamar eguneko epea eman die langileei adierazteko zein den beraien nahia: Gurutzetako Ospitalera joatea edo Basurtun jarraitzea.

Halaber, alegazioak egiteko epea amaitu dela ohartarazi du ELAk. «Osakidetzak ez du bete langileen ordezkaritzak informazioa jasotzeko eta prozesua negoziatzeko duten eskubidea, araudiak ezartzen duen bezala. Eta horregatik, ELA sindikatuak errekurtsoa jarriko dio Osakidetzak emandako ebazpenari», gaineratu du.

Sindikatuaren esanetan, Osakidetzak «zerbitzu bat ezabatu nahi du», eta murrizketak izango dira Basurtuko plantillan. «Zerbitzu publiko bat murrizteaz gain, Osakidetzako plantilla eta lan-baldintzak murrizteko baliatzen den mugimendua da. Gainera, oraindik ez dakigu zehatz-mehatz zein den Gurutzetako Ospitalean egingo den planteamendua eta zer inpaktu izango duen, bai giza baliabideen ikuspegitik, baita baliabide materialen ikuspegitik; izan ere, ez zaigu informaziorik eman, eta ez da negoziatu», nabarmendu du.

Bide juridikoaz gain, egoera honi aurre egiteko, mobilizazioak izango direla iragarri du ELAk.