Dron batetik ateratako irudia, monolitoa eta herria biltzen.
Dron batetik ateratako irudia, monolitoaren gainetik. (Juantxo Egaña / Josu Inziarte / Josean Grandal)
Ixabel Aleman Amaiurko alkatea erdian, gainerako ordezkari politikoekin.
Ixabel Aleman Amaiurko alkatea erdian, gainerako ordezkari politikoekin. (Iñigo Uriz | Foku)
«Betiko argia» bertan erori zirenei.
«Betiko argia» bertan erori zirenei. (Iñigo Uriz | Foku)
Berreskuratzen ari diren harresiak, ospakizunaren lekuko.
Berreskuratzen ari diren harresiak, ospakizunaren lekuko. (Iñigo Uriz | Foku)
Nafarroako bandera, protagonista Amaiurren.
Nafarroako bandera, protagonista Amaiurren. (Iñigo Uriz | Foku)
200 ezpatadantzarik dantzatu dute Baztango herrian.
200 ezpatadantzarik dantzatu dute Baztango herrian. (Iñigo Uriz | Foku)
Bero itzela baina dantzatzeko gogoa boskarren mendeurreneko ekitaldian.
Bero itzela baina dantzatzeko gogoa boskarren mendeurreneko ekitaldian. (Iñigo Uriz | Foku)
Irudi ikusgarriak monolitoaren inguruan.
Irudi ikusgarriak monolitoaren inguruan. (Iñigo Uriz | Foku)
Ekitaldiaren beste pasarte zirraragarri bat.
Ekitaldiaren beste pasarte zirraragarri bat. (Iñigo Uriz | Foku)
Erakundeetako ordezkaritza nabarmentzekoa izan da.
Erakundeetako ordezkaritza nabarmentzekoa izan da. (Iñigo Uriz | Foku)
NAIZ

Amaiur burujabetzaren ikur da berriz, suntsiketaren 500. urteurrenean

Burujabetza grina irudikatu dute larunbat honetan Amaiurren, bertako gazteluan gotorturik inbasioaren aurka eginiko erresistentziaren bosgarren mendeurrenean. Ekitaldi instituzionala eta herrikoia izan da aldi berean; eta ikusgarria, 200 ezpatadantzariren parte-hartzearekin.

Erakunde ezberdinetako ordezkariak eta herritar xumeak Amaiurren batu dira larunbat honetan, bertan nafar gudariek gaztelar inbasioaren aurka amaieraraino eginiko erresistentzia gogoan hartzeko (orduko gertaerak Pello Guerraren erreportaje zabal honetan irakurgai). Amaiurko Gaztelu Elkarteak eta herriak antolatutako ekitaldia izan da, eta memoria historikoaren ariketarekin batera burujabetzaren aldarria bilakatu da.

Kultur aldetik ere oso oparoa izan da ia hiru orduz luzatu den ospakizuna. Lehenengo unetik hasita: izan ere, 11.00ak aldera, parrokiaren eskaileren aurrean, 200 ezpatadantzari inguru (Euskal Herriko toki ezberdinetatik etorritakoak) batera dantzan hasi dira, duela bost mendeko gudari haien omenez.

Kale nagusitik gazteluraino desfilea egin dute, bidean udaletxe zaharrean herriko bandera hartuz. Orain arte inoiz egin den ezpatadantzari kontzentrazio handiena izan da Amaiurko hau: Iruñea, Baztan, Beasain, Donibane-Lohizune, Tolosa, Iurreta... toki hauetatik guztietatik hurbildu dira dantzariak.

Kultur adierazpenez gain, politikoki esanahi handiko eguna da larunbat honetakoa, Euskal Herriaren historian mugarri garrantzitsua markatzen duelako, burujabetzaren galerarena. Honi erreparatu dio EH Bilduko koordinatzaile nagusia den Arnaldo Otegik sare sozialetan, burujabetza hura berreskuratzea helburu dela nabarmenduz:

 

 

Lakua eta Nafarroako Gobernuko ordezkariak gonbidatu dituzte ekitaldira, Araba, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundietakoekin batera. Azken hauek maila goreneko ordezkaritza bidali dute: hiru aldun nagusiak, Ramiro Gonzalez, Unai Rementeria eta Markel Olano. Gasteizko eta Iruñeko legebiltzarrek, gauza bera: Bakartxo Tejeria eta Unai Hualde agertu dira. Jose Maria Ayerdi Nafarroako Gobernuko sailburuak ere parte hartu du.

Alderdiei dagokienez, EAJko presidentea den Andoni Ortuzar eta EH Bilduko Maddalen Iriarte, Mertxe Aizpurua, Bel Pozueta eta Joseba Asiron egon dira ekitaldian, besteak beste. Carlos Garaikoetxea lehendakari izandakoa ere bai. Eta alkate eta udal hautetsi ugari ere, toki ezberdinetatik.

Gaztelura heldu ostean, lore eskaintza egin da bertan, euskal burujabetzaren alde bizia eman zutenen oroimenez. Eta Amaiurko alkateak hartu du hitza, ospakizunaren nondik norakoak labur azaltzeko. Orduko eta egungo borroka eta orduko egungo herriak berberak direla nabarmendu du Ixabel Alemanek, «kate berean dira».

Ondoren, une hunkigarrienetako bat heldu da; abesbatzak ‘Nafarroa arragoa’ eta ‘Nafarroako ereserkia’ abestu ditu, beheko bideari ekin aurretik, herri erdian dantza erakustaldia gozatzeko.

 

Argazki ofiziala osatu da azkenik bataila haren eremuan, duela ehun urtekoa oroitarazi nahian. Izan ere, 1922an, larunbat honetan bezala, zenbait agintari eta herritar Amaiurko mendi muino horretan elkartu ziren, orduan oroitarria altxatzeko.

1922ko irudia, monolitoa altxatu zenekoa.

Iraganetik etorkizunera

1522. urtean gertatu zen independentziaren aldeko azken berpizte sutsu hura, uztaileko egun hauetan bertan, Noaingo batailaren odolustearen ondoren (1521).

Baina beste mugarri bat ere gogorarazi dute larunbat honetan, arestian aipatu bezala: orain dela ehun urte, laugarren mendeurrenean, oroimenezko monolito aski ezaguna eraiki zela. Zenbait eraso jasan ditu gero oroitarriak, 1932an guztiz suntsitua izan arte, eta 1982. urtean berrinauguratu zen berriz.

Baina batez ere azken urteotan izan da emankorra Amaiurko historia berreskuratzeko herri ahalegina. Gazteluaren aztarnak mendi muinotik ateratzen hasiak dira, Aranzadik egindako indusketan, eta 2014. urtetik erraz bisita daiteke. Gainera, aurkitzen ari den dena museo batean erakusgai da 2020. urtetik.