Maite Ubiria

EH Bairen azkartzea eta berritzea xede duen kongresua, azaroaren 26an Baionan

Badira 15 urte Abertzaleen Batasuna, Eusko Alkartasuna eta Batasuna alderdiek indarrak batzeko parioa egin zutela. Heldu den azaroaren 26an Baionako Elkarteen Etxean eginen duen bere lehenengo kongresuaren bidez EH Baik egungo eta biharko erronkei aurre egiteko tresna bilakatu nahi du.

Ipar Euskal Herriko lehen erakunde garaikidea sortu zen urtean, 2017an, inauguratu zen bere kongresua aurkezteko EH Baik hautatu duen Hiriburuko Plaza Berria.
Ipar Euskal Herriko lehen erakunde garaikidea sortu zen urtean, 2017an, inauguratu zen bere kongresua aurkezteko EH Baik hautatu duen Hiriburuko Plaza Berria. (Naiz)

Hiriburuko plaza berrian aurkeztu du, gaur goizean, EH Baik bere lehenengo kongresua.

Agertoki berak bere esanahia badu, hauteskundez hauteskunde lorturiko aitzinamenduari irismen berria emateko xede ezkerreko mugimendu abertzaleak hiriguneetan errotzeko helburua era argian finkatu baitu EH Baik.

Irailetik aurrera abiatuko du ezkerreko mugimendu abertzaleak ‘Aitzina goaz’ leloa duen kongresu prozesua eta urrian zehar Ipar Euskal Herritik gaindi bilkurak eginen ditu «kongresua parte-hartze ahalik eta handiena lortzeko anbizioarekin antolatu baita».

Finean, azaroaren 26an Baionako Elkarteen Etxean antolaturiko biltzar nagusiarekin bururatuko da kongresua.

Kongresuak EH Bai «azkartzea eta berritzea» du xede eta horri begira erronka nagusi bi izanen ditu.

Nikolas Blainek zehaztu duenez, alde batetik, 2022-2026 aldirako norabidea politiko nagusiak finkatzeko funtzioa beteko du eta, bestetik, EH Bairen antolaketaren berritzea ahalbideratuko du, horren baitan zuzendaritza berria hautatuko delako.

Zatiketa historikoa gainditzeko sendagaia

Anita Lopepek oroitarazi duenez, badira 15 urte ezkerreko abertzaleek zatiketa historikoa gainditzeko hautua egin zutela hauteskunde legegileetara koalizio gisa aurkeztuz.

Abertzaleen Batasuna, Eusko Alkartasuna eta Batasuna alderdiek indarrak batzeko egin zuten parioaren eskutik Euskal Herrian aldaketa garrantzitsuak gertatu direla eta ezkerreko abertzaleek defendatzen duten egitasmo politikoak aitzineratzen jarraitzen duela nabarmendu du.

Izaera zentralista eta jakobinoa atxikitzen duen frantses Estatuak agindutako «politika ukatzaileen menpe» jarraitzen duela Ipar Euskal Herriak aitortu badu ere, errealitate horren parean «herri ezberdinek beren aitortzaren aldeko borrokan segitzen dutela» oroitarazi du Lopepek, berdin Kanaki, Korsika edo Bretainian.

Bide batez, azaldu du azkeneko 15 urte horietan azpimarratzeko aldaketak izan direla Euskal Herrian. Zehazki, Aieteko Konferentziak eta ETAren borroka armatuaren bukaerak «inflexio puntu historikoa» markatu zutela azaldu du. Era berean, bake prozesuaren garapenak baldintza berriak sortu dituela gatazkaren ondorioen konponbide kausitzeko nabarmendu du.

Bestalde, ezkerreko abertzaleen helburuak urrutiago badoaz ere, 2017. urtean sortu zuen Euskal Elkargoak «urrats garrantzitsua suposatu duela» aitortu dute Euskal Herria Baiko bozeramaileek.

Finean, bakegintza zein erakundetze prozesuan «adostasunean eta akordioan» oinarritzen den prozesu politikoak «indar harreman bat gorpuztea» ahalbideratzeaz gain, «burujabetza prozesuan agertoki berriak sortzen jarraitzeko» aukerak zabaldu dituela iradoki du EH Baik.

Mobilizazio soziala sostengatu eta ordezkaritza instituzionala indartu

«Hamabost urte hauetako bilakaerari erreparatuz argiki ordorioztatu daiteke EH Baik ordezkatzen duen ezkerreko proiektu abertzale, ezkertiar, ekologista eta feministak gero eta sostengu zabalagoa biltzen duela herritar artean», laburbildu dute gaurko agerraldian hitza hartu duten ordezkariek. Beraiekin batera eremu ezberdinetan jarduten duten bestelako adin eta jatorriko ordezkariak izan dira.

Ezkerreko mugimendu abertzaleak arnas berria harturik bidea jarraitzeko anbizioa plazaratu du Hiriburuko plaza berritik, «biztanle kopuru gehien biltzen dituen Baiona-Biarritz-Angelu hirigunean» bere indarra sendotzeko helburua mahaigainean ezarriz.

Iragan ekaineko hauteskunde legegileetan 20.821 boto metatu ondoren ezkerreko lehen indar bezala agertu zen EH Bai hiru lurraldeetan. Hala ere, zentro-eskuina garatzeko erronkari aurre egiteko «tresna komuna» eratzeko beharra agerian jarri du EH Baik.

Hala, gogoeta kolektiboan parte hartuz «denon artean aitzinamendu berriak egiteko» ahalbideratzeko xede duen kongresuan parte hartzeko gonbidapena luzatu du.